bideo-jokoak

‘Battleroyale’: genero berri baten jaiotza

Bizirauten duen azkena izatean datza ‘Player Unknown’s Battlegrounds’ jokoaren gakoa. ‘Battle Royale’ edo ‘Gose Jokoak’ filmen eredua jarraitzen duen joko mota hau mundu mailako fenomeno bilakatu da dagoeneko

HARITZ ODRIOZOLA - Sábado, 18 de Noviembre de 2017 - Actualizado a las 12:51h.

Bideo-jokoen munduan genero berri bat bat-batean sortzea ez da batere ohikoa, are gutxiago genero berri bat berarekin dakarren joko bat arrakastatsuenetakoa bihurtzea goizetik gauera. Baina egun kasu berezi bat dugu gure artean.Bideo-jokoen mundua astindu duen azken fenomenoak izen propio bat dauka lotuta: Brendan Greene. Irlandan jaioa eta programazio aldetik ezjakina, diseinu grafikoko ikasketak egin zituen Brendanek. Baina, bere inguruko asko bezala, lanik gabe zegoen eta arlo pertsonalean ere ez zihoazkion gauzak batere ongi. Horrela, bere ezagutza mugatuekin moldatuz, Arma 2 jokoaren mod baten garapenean buru belarri sartzea bururatu zi-tzaion. Battleroyale edo Gose Jokoak bezalako filmak oinarritzat hartuz, Dayz: Battle Royale kaleratu zuen 2013-an.Segituan izan zuen sekulako arrakasta mod honek, baina Brendan-ek ez zuen dirurik irabazten, are gehiago, hilean 2000 euro ordain-tzeraino iritsi zen zerbitzariak martxan egon ahal izateko. Laster izan zuen, ordea, espero ez zuen dei bat. Nork eta Sony Online Entertainment-ek deitu zion, bere mod-aren genero berdinekoa zen H1Z1 jokoaren atal bat egiteko aholkularitza eskatuz. Horrela jaio zen H1Z1: King of the Hill, Brendan-en aholkuetan oinarritua, baina beti ere Sony-ren azken ikuskapenarekin.Baina Brendan ez zen asebete H1Z1-ekin, bere ustetan puntu asko baitzituen jokoak hobe-tzeko. Honela, Bluehole Studio (TERA mmorpg famatuaren egileak) korear konpainiarekin jarri zen kontaktuan, eta horiek joko berri bat egiteko finantzazioa eman zioten. Aurtengo martxoan PC-rako soilik kaleratu zuen, Player Unknown’s Battlegrounds (PUBG) izenarekin. Joko honen datuak oso adierazgarriak dira: 20 milioi kopia saldu dira honezkero, 2017ko bideo-jokorik arrakastatsuena bihurtu da, askogatik, eta zoramen hutsa da aldi berean jokatzen duten jokalari kopurua: 2.5 milioi inguru guztira. DOTA 2 (680k) edo CS:GO (490k) bezalako munstroen zenbakiak zapaldu ditu fenomeno global honek.SINPLETASUNAREN ARRAKASTA Behin datuak ezagututa, bada garaia jakiteko zer ote daukan Battleroyale izeneko genero honek hainbeste jokalari erakartzeko. PUBG jolasaren oinarria oso sinplea da: uharte erraldoi batera paraxutez egiten dute salto 100 jokalarik. Lurreratzean, inguruan dituzten etxeetara sartu eta armez zein ekipazioz hornitu beharra dago, eta denborarik galdu gabe uharteko punturen batean dagoen eta ausaz kokatutako zirkulu zurira jo, bestela, denborarekin bizitza galdu eta hil egiten baita jokalaria. Arazoa da zirkulu hori txikitzen doala eta beste jokalariak aurkitzen dituzula bidean. Partidaren irabazlea bizirik dirauen azken jokalaria da.Jolas honek hainbat faktore nahasten ditu, jokalariak harrapatuta izateko. Hasteko, ausazkoa dela, edo beste era batera esanda zorte faktorea daukagula, non paraxutetik jaitsi bezain pronto ekipazio ona edo kaxkarra tokatu dakizukeen, eta zirkulu zuria zugandik gertu edo oso urrun. Horrez gain, tentsiorik gabeko unerik ez dago jolasean, edozein unetan egon baitzaitezke norbaiten miran.Ukaezina da PUBG izaten ari dela, bereziki, jolas mota honen ospearen bultzatzaile nagusia. Urte amaierarako Xbox One-erako kaleratuko dute jokoa eta, ondoren, ziurrenik, PS4-rako. Denborak soilik esango digu azken urteetan ikusi den bideo-jokorik ospetsuena izango ote den.