ANTZERKIA

Kabareta, festa eta umorea

Irudietan, oholtzara igoko diren sei aktoreak. (EGOITZ BENGOETXEA ‘OTXABI’)

Kabaret baten osagaiak bildu ditu Hika taldeak ‘Txarriboda’ antzezlanean. Aktoreen inprobisazioetatik abiatuta, Agurtzane Intxaurragak idatzitako testua jasotzen du obrak. Gaur estreinatuko da, Errenterian

ANE ZABALA - Domingo, 21 de Enero de 2018 - Actualizado a las 13:37h.

Ezkontza batean denetarik gerta daiteke. Ezkontza festa bat da, egun berezia, zoriontasunerako eta ospakizunetarako eguna... Baina askotan faltsukeria eta gezur asko estaltzen duen eguna ere izaten da. Horixe da Hika konpainiak bere ikuskizun berriarekin agertu nahi duena. Mireiak eta Imanolek ezkongai bikote perfektua osatzen dute. Zorionaren irudi dira. Ezkondu egin dira gaur, baina beren ezkontzak ustekabeko norabidea hartuko du. Patxi Bilbaok, emaztegaiaren aitak eta Ipertrolako handi-mandiak, antolatu du ospakizun gala. Festa itzela. “Gaur txerrien antzera, jan, edan eta dantza egitea nahi dut!”, horixe da iristean gonbidatuei egingo dien harrera. Guztiak bertan daudela dirudienean, ordea, Txusa azalduko da aretoan. Gizon gorputzean bizi den emakumea da Txusa eta Imanolen aitaren azken bikotea izan zen hura hil artean. Mireiak gonbidatu du ezkontzara. Emakumea atsegin du eta aukera polita iruditu zaio Imanolek Txusa hobeto ezagutu eta bere aitarena gainditu ahal izateko. Ezuste honek eta beste hainbat sorpresek ospakizuna kolokan jarriko dute. Ezkontza baino, txarriboda bihurtuko da ospakizuna.Zergatik ezkontza txarriboda bilakatu? Agurtzane Intxaurraga obraren zuzendariak azaldu du: “Euskarak badu hitz bat beren beregi ezkontzara lotuta dagoena: Txarriboda”. Istorioa zer izango da, ezkon-tza edo txarriboda bat? Intxaurragak argi utzi du: Txerri hilketari lotutako festa handia izango da. Senitartekoek hilketa antolatu eta, ezkon-tzetan bezala, parte hartu dutenei txerrikia dastatzera emateko bazkaria antolatu dute”. Horren atzean, kritikarako asmo garbia dauka obrak: “Ezkontza bat faltsukeria handia da, ezkontzaren funtsean maitasun istorio bat dago, baina ezkontza liturgia teatral ederra da, sekula modaz pasatzen ez dena”, dio zuzendariak. Gainera, gaur egun, ezkontzak gertakariak direla dio, “nori ez zaio ezkontza batera joatea gustatzen?”. Hori aprobetxatu nahi izan dute Hika-koek jendea antzerkira erakartzeko. Hausnarketarako tartea ere zabaldu nahi dute, “ezkontza bera ere antzerkia badelako”, Intxaurragaren esanetan.Txarriboda antzezlanaren aurrekariak aspaldikoak dira. Duela urte batzuk, Intxaurragak Bertolt Brechten Burges txikien ezkon-tza antzezlanaren testua landu zuen ikastaro batean. Bestetik, inprobisazioen bitartez lan egiteko nahia zeukan. Ideia biak batu, eta Txarriboda izango zenari forma ematen hasi zen. ATZOKO ETA GAURKO DOINUAK An-tzezlanak hiru ezaugarri argi ditu, Intxaurragaren esanetan: umorea, narrazio basatia eta euskal kabareta. “Ez dugu Ipar Amerikako erreferentziarik erabili, bertoko kantuak entzungo dira ikuskizunean”, argitu du zuzendariak. Entzungo diren kantuak aspaldiko doinu herrikoiak edota gaur egungoak dira. Besteak beste, Antxon Valverderen Maitasunaz hil kantaren melodia;Anariren Naufragoak;Afu taldearen Oxigeno, Hegan goaz cumbia;Imanolen Izarapean, Anteron kanta herrikoaren melodia... Onintza Enbeita bertsolaria arduratu da testuei gatza eta piperra emateaz.Sei aktore izango dira taula gainean: Sandra Fdez. Agirre eta Iñigo Aranbarrik gorpuzturiko senar-emaztegaiak, Patxi Gonzalez aitabitxia izango da, Kepa Errasti amaordea, Juanjo Otero zerbitzariaren rolean arituko da eta Iñaki Maruri, azkenik, piano-jolea izango da. Ezkontza-txarribodaren dikotomia horrekin jolasean, une batzuetan pertsonaiek barruko piztia aterako dute: “Narrazio basatia du antzezlanak, kabaretaren umore eta erritmoarekin jolastuko dugu”, azaldu du Intxaurragak. Helburu argia dute obra honekin: ezkontzetan bezala, gonbidatuek ondo pasatzea. Hala, sei aktoreek, hainbat pertsonaia gorpuzteaz gain, dantzatu eta kantatu egingo dute, giroa animatuz.Aktoreen inprobisazioetatik abiatuta Intxaurragak idatzitako testua jasotzen du obrak. Testua eta an-tzezlana aldi berean sortu dituzte. Entseguetan sortzen joan da obra, hitzak inprobisazioetan jarriz. Kabareta, berriz, “katarsirako bidea” izan da. “Kantuak eta musika izango dira sentimenduen biluztasun gordinenetara iristeko bidea”, dio zuzendariak. Gainera, narrazio basatiak izango dira, uneoro leher egitear egongo den erloju baten antzera, ausartak eta zuzenak, erritmo handikoak. Eta umorea ere ez da faltako, noski.

Secciones