bertsolaritza

Bertsolaritzaren neurriko eguna

Urte bateko etenaren ondoren, eraldatuta dator 2018ko Bertso Eguna. Donostiako ohiko egoitza utzi eta Mungian estreinatuko du izaera ibiltaria

Dabi Piedra - Domingo, 28 de Enero de 2018 - Actualizado a las 18:03h.

DUELA mende erdi hasi zenetik, bertsozaleentzat urteroko hitzordua izan da Bertso Eguna, garai bakoitzeko bertsolaritzaren ispilu. Baina irauteko ezinbestekoa da egokitzen jakitea, eta jaialdiak gaur egungo beharrei eran-tzuten ote zien jakiteko, Bertsozale Elkarteak gogoeta prozesua abian jarri zuen. Hala, 2017an ez zuten Bertso Egunik antolatu. Badirudi hausnarketak fruitua eman duela, aurten azala eta mamia aldatuta baitatoz. Goizetik gauerako egitaraua prestatu dute Mungian gaur, bertako Taket bertso eskolarekin elkarlanean. Donostiak bertsolaritzan duen leku zentrala atzean utzi eta bazterretaraino heltzea da asmoa. Horregatik, aurtengo edizioan hasita, Bertso Eguna ibiltaria izango da: Gaur Mungian, datorren urtean, seguruenez, beste leku batean. Bertsozale Elkartearen gainerako alorretan dagoeneko egiten dena, Euskal Herri guztira zabaltzeko ahalegina alegia, Bertso Egunean ere egitea zentzuzkoa dela uste du Jon Agirresarobe antolatzaileak: “Erreferente berrien bila goaz Euskal Herrian barna”.Mungian gogotsu daude Bertso Egunari harrera egiteko, Taket bertso eskolako Jone Larrinagaren esanetan. “Pozik hartu dugu, baina baita beldur apur batekin ere, Bertso Eguna Donostiatik irteten den lehenengo aldia delako”. Azpiegitura eta koordinazio lanetan lagundu dio Taketek Bertsozale Elkarteari: Udalarekin harremana bideratzen, saioak hartuko dituzten sozietateei proiektua aurkezten eta abar. “Zubi-lana” egitea egokitu zaie, azken batean. Gaur ere, behar den leku guztietan egongo dira Mungiako bertsolari eta zaleak, laguntzen.HIRU BAZKARI Izan ere, egitarau oparoa antolatu dute, egun osokoa. Hor ere badira aldaketak, batez ere ekitaldien tamainari dagokionez. “Donostiako formatuak bazituen ezaugarri jakin batzuk, jende asko biltzen zen”, dio Agirresarobek, “Kursaalaren pareko agertoki handi batek asko markatzen du, gauza onak zein gainditu beharrekoak ditu horrek”. Horregatik, bertsolaritzaren neurrira ekarri nahi izan dute, “espektatiba horiek jaitsi nahi genituen eta zerbait gure neurrikoagoa egin, esperimentatzeko bide errazagoa emango duen zerbait”. Donostian egin diren ekitaldietan ehunka en-tzule batzen zituen saio handiaren ordez, hiru txikiago antolatu dituzte, Mungiako sozietate banatan, aldi berean. Agirresaroberen ustez, bertsolariak erosoago arituko dira 80-100 lagunen aurrean kantatzen, 700en aurrean baino. Zaleek, beraz, aukeratu egin beharko dute zeinetara joan. “Hiru saio aldi berean egitea bada arraroa, bai, eta sortu digu kezkarik”, onartu du Bertso Eguneko koordinatzaileak, “baina bertsoaz gozatzeko baldintza hobeak izango dira”.Hona hiru aukera horiek: Ehiza eta Arrantza Elkarteko bazkarian, Julio Soto eta Onintza Enbeita ariko dira kantuan;Anaitasuna Elkartean, Sustrai Colina eta Miren Amuriza;azkenik, Guri Zer Elkartean egongo dira Igor Elortza eta Jone Uria. Iluntzeko 19:00etan Olalde aretoan egingo den ekitaldi nagusian berriro elkartuko dira zale guztiak, eta horko zerrenda ere ez da makala: Amets Arzallus, Manex Agirre, Sebastian Lizaso, Oihana Bartra eta Unai Iturriaga, Alaitz Rekondo gai-jartzaile dela. BERTSO IDATZIAK Beste ekitaldi batzuk ere egongo dira gaur, aurtengo Bertso Eguneko gai nagusiaren inguruan antolatuak. Bertso idatzien eta bertso musikatuen gaia aukeratu dute, Mungiarekin lotura estua duelako. Batetik, San Antontxu bertso-paperen lehiaketa entzutetsuko sariak joan den astean banatu zituzten eta, bestetik, abestien hitzak sortzen aritzen diren artista asko ditu Mungiak. Gainera, Larrinagak gogoratu duenez, Bertso guztien habia izeneko diskoa plazaratu zuten orain dela urtebete, herriko bertsolariek eta musikariek elkarlanean. “Bertsozale Elkarteak proposatutako gaien artean hau aukeratu genuen, hemen lantzeko interesgarria da”.Oro har, bertsolari asko aritzen dira abestietarako hitzak idazten, eta hori “azalera ekarri” nahi izan dutela dio Jon Agirresarobek. Bertso jarri edo idatzien ezaugarri bereziak aldarrikatzea ere beharrezkotzat du: “Bat-batean kantatu edo bertsoak eta kantak ida-tzi, ematen du antzeko lanak direla, baina diferenteak dira”. Musikaren eta bertsoen arteko lotura jorratzeko, Rafa Rueda eta Maria Rivero musikariek eta Jon Maia bertsolariak mahai-ingurua egingo dute eguerdian Torrebillelan, Alaia Martin gidari dela. Ondorengo poteoan bertso jarriak abestuko dituzte.ZALEAK, GOGOZ Larrinagaren ustez, Bertso Egunak Mungiako bertsozaletasunari mesede egingo dio: “Bertsoa herrira bertara etorri dela ikusteak lagundu egingo digu, gazteak bertso eskolara animatuko dituela uste dut”. Dagoeneko, gazte ba-tzuek hasiberrientzako talde berririk sortuko ote duten galdetu dietela dio Taketeko kideak, aukera izanez gero animatuko liratekeela eta. Bertso idatzietan tradizio sakoneko herria da Mungia, ez horrenbeste bat-batekoan, Larrinagaren esanetan. Gaur egun, baina, harrobia “osasuntsu” ikusten du: “Gaztetxo asko ditugu, gehienak neskak, hasiberrien eta helduen taldeak ere badauzkagu”, kontatu du.Honenbestez, urtebeteko etena atzean utzita, dena dago prest Bertso Egunaren aro berriari ekiteko. Jendea gogoz sumatzen du Agirresarobek, batez ere betiko zaleen artean. Gainera, bertsolaritzak ikusmina eragin du azkenaldian Txapelketa Nagusiko final arrakastatsuari esker, Maialen Lujanbiok Anoetako futbol-partidan botatako bertsoa ahaztu gabe. “Olatu hori aprobetxatzen saiatuko gara”.Ikusteko dago zaleek nola hartzen duten Bertso Egunaren formatu berria, goitik behera eraldatuta baitator. Urtarrilaren amaiera aldeko datari eutsi diote eta, hortik aparte, ia dena da nobedadea. “Ibilbide eta historia luzeko egitasmoa da Bertso Eguna, baina antolatzaileon beharrei erantzun ziezaiela nahi genuen, eta Donostian bakarrik ez, Euskal Herri guztian eragitea”, azaldu du Agirresarobek. Bertso Eguna bertsolari, bertsozale eta antolatzaileen neurrira ekartzea helburu, egindako gogoetarekin, behintzat, pozik dira Elkartean: “Gauza gehiago edo gutxiago aldatu, gogoeta guztiek ematen dute emaitza, eta gureak eman du”.