euskalgintza

Sortzaileen bilgunea sarean

Sortzaileak.eus ataria abian jarri du Gotzon Barandiaranek, euskal sortzaileak ikusgai egiteko, besteak beste. 2.200 artista ingururen informazioa bildu du bertan, baina etengabe elikatzen joango da

Kattalin Barber - Domingo, 18 de Febrero de 2018 - Actualizado a las 12:31h.

Zenbat sortzaile daude Euskal Herrian? Galdera horretatik abiatuta hasi zen Gotzon Barandiaran kultur eragilea berriki aurkeztu duen ataria lantzen: www.sortzaileak.eus. Euskal Herriko sortzaileen katalogoa izatea nahi du, eta horren bidez ikusgarri egin nahi ditu sormen lanak egiten dituzten herritarrak. Dagoeneko 2.200 pertsonaren fitxak daude, antzerkian, arte plastikoetan, bertsolaritzan, dantzan, ikus-entzunezkoetan, literaturan eta musikan ari direnen artean. Berria egunkariaren beka bati esker landu du proiektua Barandiaranek. Lan kolektibotzat jo du kultur eragileak aurkeztu berri duen ataria, kulturgintzako eragile askoren gogoeta eta kezketatik abiatu delako proiektua. “Atariak ikusgarri egiten gaitu eta gure lana kazetari, hezitzaile, antolatzaile edo interesa duen edonoren esku jartzen du. Herri bezala ere kulturgintzan nor-tzuk eta zertan ari garen erakusten du”, azaldu du Barandiaranek.Horregatik, bilgune izan nahi du atariak, eta ez biltoki. “Bizia eta dinamikoa da, etengabe elikatu beharra dago”, dio bere sortzaileak. Zazpi diziplinatan lanean ari diren artisten sareko katalogo gisa definitu du. Barandiaranek ez du diziplina guztietan datu baserik sortu, jada beste hainbat webgunek egindakoa kontuan hartu duelako. Hala, armiarma.eus webgunea literaturan, badok.eus musikan, bertsozale.eus bertsolaritzan, dantzan.eus dantzan eta ganbara.eus ikus-entzunezkoetan izan dira informazio iturri nagusiak. Arte plastikoan eta antzerkian, ordea, ez zegoen datu baserik eta horretan bai aritu da buru-belarri, Euskal Herriko artista plastikoak eta antzerkigileak biltzeko. “Bilboko Okela Sormen Lantegiak lan handia egin du eta hortik ere bilatu behar izan ditugu, baina guk ere bilatu izan behar ditugu”. Artista plastikoei dagokionez, gainera, sortzaile bakoitzaren fitxan bere lanaren hiru lagin jarri dituzte.Ikus-entzunezkoen atalak biltzen ditu sortzaile gehien (511), musikak gero (495), eta ondoren, hurrenez hurren, literaturak (365), arte plastikoek (342), bertsolari-tzak (313), an-tzerkiak (136) eta dantzak (67). Sortzaile asko, diziplina batean baino gehiagotan lanean ari direnez, hainbat ataletan azaltzen dira. Lehen bertsioa burutu du Barandiaranek eta horretarako bi irizpide nagusi izan ditugu kontuan: “sortzailea bizirik egotea, eta azken hamabost urteotan lanen bat plazaratu izana”.Elikatu beharra Zerbitzu publiko moduan ulertzen du Barandiaranek sortu berri duen sareko katalogoa. “Helburu, hartzaile eta onuradun bat baino gehiago dituenez, inbertsio konpartitua izan behar duela uste dut”. Haiek dagoeneko amaitu dute lana, baina atari berriak bizirauteko eta bere fun-tzioa lortzeko etengabe elikatzen eta gaurkotzen egon behar duela adierazi du Barandiaranek. Horregatik uste du erakunde publikoek diruz lagundu behar dutela egitasmoa. “Hau euskararen lurraldeari dagokion zerbitzu publiko bat da eta Elkargoek, Nafarroako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak inbertitu beharko lukete, baita mankomunitateek eta udalek ere”. Zerbitzu anitza eskaintzen dio sor-tzaileak.eus atariak euskal kulturgintzari, Barandiaranen esanetan. “Azken 15 urteetan kulturgin-tzako ekosistema osatzen dugun eragile guztion artean ados gaude ikusgarritasuna falta zaigula, beste gauza batzuen artean. Ez gara heltzen herritarrengana”. Horri aurre egitea du helburu atariak. Aurrera begira etorriko diren bertsioetan lehena da honakoa Barandiaranen esanetan, argi duelako etorkizunean bertsio gehiago etorriko direla. “Diru kopuru bat izan dugu eta erabaki behar izan dugu zer sartu eta zer utzi hurrengoetarako”, kontatu du. Izan ere, ez da izan haien helburua inor kanpoan uztea. “Komikigileak kexu agertu dira, ez direlako agertzen. Ilustratzaileak, argazkigintza artistikoa egiten dutenak eta eskultoreak ere bertan egon beharko lirateke”.Kalitatea eta kantitatea ere izan ditu hizpide kultur eragileak. “Euskara eta euskal kulturara emanda bizi gara eta, hala ere, sortzaile asko deskubritu dugu”. Orain dela bost urte Durangoko Azokako Ahotsenean esandakoa gogora ekarri du: sorkuntza ez dagoela krisian, eta, bai kopuru aldetik, baina bereziki kalitatearen aldetik ere “sekulako” sormen lanak daudela Euskal Herrian ziur da Barandiaran. “Kontua da horiek ezagutzera eman behar ditugula, eta sortzaileak.eus erreminta bat izan daiteke bide horretan”.