musika

Baieztapen baten oihua

Zortzikote gazte baina esperientziaduna da 2005ean Zarautzen sorturiko Skasti taldea. (LAIDA ARANBURU)

Erritmo zorrotzak gailentzen dira Skasti taldeak kaleratu berri duen ‘Ye’ diskoan. Aspaldikoska doinuak alde batera utzi dituzte zarauztarrek eta, haien ordez, indie, funki, rock alternatibo eta erritmo beltzen alde egin dute lan berriko hamahiru abestietan

Ainhoa Lores - Domingo, 25 de Febrero de 2018 - Actualizado a las 11:57h.

Motibazioa iradoki-tzen dio Ye izenak Zarauzko Skasti zortzikoteari. Hitz edo adiera hori baieztapen oihu bat dela diote: hitz gogor bat, gordina, erraz gogoratzekoa, itsaskorra, internazionala… Izenburu hori daraman disko berriarekin, “emozioak piztu” nahi izan dituzte jendearengan, eta horretarako euren barrenera begira jarri dira: harreman toxikoak, teknologia berrietatik aldentzeko beharra, porrotaren kudeaketa falta, keinu txikiek mundua aldatzeko izan dezaketen indarra… “Askotan, urrunegi tokatzen zaizkigun gaiez hitz egiteak perspektiba galtzera eraman gaitzake”, azaldu du taldeko abeslari Iker Iñigok. Bere ustez, “eraginkorragoa da norbaitek gertuago dituen, edo are gehiago, bere egin ditzakeen gaien inguruan abestea”.Letrak janzteko askotariko musika estiloak erabili ditu zortzikoak lan berria osatzen duten hamahiru kantuetan. Musika dantzagarria sumatu badaiteke ere, ska erritmoak albo batera utzi eta bestelako estiloetan barrena murgildu dira azken lana osatzeko. Hala, besteak beste, indie-a, erritmo beltzak, funkia, rock-a eta rock alternatiboa era gardenean erakusten ditu Ye diskoak.Taldekideetako asko aurreko Maskarak diskoa prestatzen ari zirenean hasita ziren gerora Ye izango zen lan berrian pentsatzen. Aurreko diskoa grabatzeko, estudioan sartzeko data hurbiltzen zihoan heinean “azeleragailua zapaldu” behar izan zutela aitortu du Iñigok, “gerora abesti bilakatu diren zirriborroak gure buruetan zeuden jada”. Diskoaren grabazioak luze jo duela dio: Maskarak diskoa lauzpabost egunetan graba-tzetik gentozen, eta argi geneukan denbora gehiago nahi genuela lan berria grabatzeko”. Oraingoan bi fasetan grabatu dute diskoa: lehenik, “etxeko-lanak” egin zituztela dio abeslariak, “aurre-produkzioa”, gero, oinarri instrumental ia osoa grabatu zuten Zestoako Gaztain estudioan, Eñaut Gaztañagarekin. Ondoren, tarte bat hartu zuten ordura arteko “emaitza barneratu, berrinterpretatu eta borobiltzeko” eta azkenik, estudioan sartu ziren berriz, haizezko instrumentuak eta ahotsak grabatu eta konponketak egiteko.Taldeak aurretik inoiz erabilitako formula berri bat erabili du kantuak aukeratzerako orduan: 21 proposamenekin joan ziren grabaketara, horietatik hemeretzi bukatu zituzten, eta hamabost grabatu. Azkenean, hamahiru dira Ye diskoanentzungai daudenak. “Abesti onak sortzeko eta diskoan onenetan onenak sartzeko” aukera izateko erabili zuten metodo hori, “beste hainbat taldek horrela egiten dute, eta probatzeko gogoa geneukan”, azaldu du Iñigok. Aitortu duenez, proiektu asko alde batera geratu dira, baina era berean, baztertuta zeukaten bakarren bat berreskuratu dute;Bi kantua da horren adibide. “Berritzailea izan da eta uste dugu asmatu dugula”.ETENGABEKO GARAPENA

Bai Ye eta bai Maskara diskoek beste freskotasun bat ekarri diote Skastiren musika estiloari. Taldea duela hamahiru urte sortu zuten. Garai hartan oso gazteak ziren taldekideak;urteekin, entzuten duten musika aldatu egin dela aitortu dute. Horrek eragina izan du euren sorkuntzan, eta etengabekoa izan da euren garapena. “Taldea sortu zutenetako batzuk utzi egin dute proiektua dagoeneko, eta beste batzuk batu zaizkigu”, kontatu du Iñigok. Gaur egun taldea osa-tzen duten musikariak ere aldatu egin direla dio. Hala ere, denbora horretan, “norbanakoetatik haragoko zerbait sortu dela uste dugu, izaera propioa duena, taldekideen nortasunen batuketa baino gehiago den zerbait, eta nortasun kolektibo hori da orain ere garatzen ari dena”.Hasierako urteetan ska estiloa izan zen euren kantuen oinarria, baina modu naturalean estilo aldaketa eman dela diote, “asko pentsatu gabe, aurreiritzirik gabe jokatzea izan da, ziur asko, aldaketa hain nabariaren erantzule”. Taldeari izena aldatzea ere pentsatu zuten, izan ere, orain egiten dutenarekin “diskordantzia bat” dagoela diote: “bagenekien izen hori entzuteak publikoa gugandik musika-estilo oso konkretu bat espero izatera eraman zezakeela”. Hala ere, eztabaida askoren ostean, hasierako izen horrekin jarraitzea erabaki zuten: “alde batetik, izan ginenaz harro gaudelako;bestetik, hasiera batean ahulgune dirudiena indargune bilakatzen saiatzearekin gozatu egiten dugulako;eta azkenik, “guk egin bezala, publikoa aurreiritzirik gabe jokatzera gonbidatzeko modurik onena delako”, aitortu du Iñigok.Dagoeneko zuzenean aurkeztu du Ye diskoa Skastik eta, Maskarak diskoaren birarekin egin zuten bezala, oraingoan ere zuzeneko “basatiak” egiteko lanean ari dira. Hurrengo emanaldia martxoaren 3an izango dute, Orioko Etxeluze Gaztetxean.

Secciones