musika

Hiritik hartua, hiriari emana

‘Eason’ diskoa aurkeztu berri du Izarok, beso zabalik hartu eta bere burua aurkitzen lagundu dion Donostiari egindako lana, sentipen mingotsetatik zoriontasunera bitarteko kolore guztiak biltzen dituena

Olatz Prat - Domingo, 25 de Febrero de 2018 - Actualizado a las 12:06h.

Donostiak, bere argi eta ilunek, bere eguzki izpi eta xiri-miriak inspiratu dute Izaro Andres (Mallabia, 1993) bere bigarren diskoa osatzen duten abestiak sortzera. Hamar abesti sentikorrez osatu du Eason diskoa, euskal musikaren palestran ia gauetik goizera jarri zuen OM (Autoekoizpena, 2016) hartatik bi urtera eta Hankapuntetan (Autoekoizpena, 2017) deitu zion “kantu arraroen eta autobertsioen” disko laburretik hilabete gutxi batzuetara datorrena.Urdinez jantzitako hiriak sarri sentiarazi dio baduela munduan zoriontsu izateko txokotxo bat. Hiriak berak lasaitasuna ikusten du bota marroiz bere kaleak zeharkatzen dituen ile nahasi eta matrail gorrixkadun neska horren begietan. Elkar edertzen dute, diren bezala onartzen dute elkar. Finean, elkar maite dute. Ez dira kasualitatea diskoaren izena eta hi-tzetan hiriari egindako aipuak. “OM aurkezten hasi ginenean hasiak ginen Eason osatuko zuten kantak entseatzen. Gerora, bat-batean konturatu nintzen denak zuela esen-tzia bera, nire buruaren aurkitzea Donostian. Horregatik izendatu nuen Eason”, azaldu du mallabiar abeslariak.Duela urte batzuk joan zen Donostiara bizi-tzera Izaro Andres, unibertsitatean komunikazio ikasketak egitera joan zenean. “Urte garrantzitsuak bizi izan ditut bertan, jende oso garrantzitsuarekin bizipen oso desberdinak bizi izan ditut. Batzuk oso onak, beste batzuk oso gogorrak... Aterpe eman dit eta, nahiz eta hasiera batean ez nuen espero, oso donostiartua nago orain”. Hiriak inspiratu egiten du, sortzera bultza-tzen du, etengabe. Donostiak badu, beraren-tzat “erromantiko nostalgiko puntu inspira-tzaile” bat, “eta noski, itsasoa”, berari nahiz bere musikari lasaitasuna eta sosegua ematen dizkion itsasoa;eguzkiak epeltasuna bezala, edo euriak erritmoa, kresalak gazitasuna ekartzen dion bezala, edo hondartzek atsedena eta perspektiba. Erabatekoa baita hiriaren eta Izaroren arteko fusioa, Eason honen lehen entzunalditik igar daiteke hori. Lehen bulkadari leial Mallabiarrak esan izan duenez, kantuek hasieratik erakusten dioten bideari oso leiala da. Unean uneko galderari emandako erantzunak omen dira beretzat kantuak, eta kantu horrek aldaketa asko eskatzen badizkio, beste kantu bat egiten du, aurrekoa zegoen bezala utziz. Kantuak “nahiko azkar eta etenik gabe” sortzen zaizkiola dio. Behin barneratuta, entsegu lokalera eramaten ditu eta musikariekin kantu horiek janzten hasten dira, asetzen dituen emaitza bateratu bat lortu arte, “hori bai, beti leial izanik nik sortu dudan horri. Nirekin lan egiten duten musikariek arretaz entzuten didate eta guztiz errespetatzen naute. Zoragarriak dira”. Izaki zoragarri horiek Oriol Flores, Iker Lauroba eta Julen Barandiaran dira gaur egun  -OM diskoan aritu zen Ane Bastida ez dago jada taldean-. Horietako bakoitzak gauza asko ematen omen dizkio taldeari, “oso desberdinak dira eta horrek oreka ematen dio bai musikari, bai energiari. Autogestioa gogorra da eta musikatik kanpo ere asko lagun-tzen naute, beraiek gabe ezingo nuke hau guztia egin”. Izaro, talde bezala, familia bat dela dio, “umorez, maitasunez eta ontasunez betetako familia bat”. Oriol Floresek bateria, perkusioak eta ahotsak jarri ditu;Iker Laurobak gitarrak, pianoa, hammondak, lap-steel-a, ukelelea, cavaquinoa, sinteak eta ahotsak, eta Julen Barandiaranek baxua eta ahotsak jarri ditu. Eta guztiek jarri dute biho-tza, taupadak sinkronizatuta dituzte;elkarren arteko lotura eta maitasuna disko honetako nota bakoitzean nabari da.Lehen bulkadari leial, taldearekin egindako osatze-lan horrek tarteka hezur-muinak ere epeltzen dizkizuten eta tarteka aurpegia bustitzen dizuten kantuak izan ditu emaitza. Pop freskoa, erraz entzutekoa egin dute oraingoan ere, detailez eta sakontasunez betetako musikari uko egin gabe, noski, malenkoniari ere leku zabala eskainiz. Er(h)ori aurkezpen doinuak eta De mas bigarrenak diskoaren mood edo aldartean jartzen gaituzte, baina hirugarren abestian dator lehen sorpresa, hain zuzen ere Delirios kantuaren amaierako ahots altu eta hipnotizatzaileetan. Bikainak dira Neguprenoa-ko gitarrak eta Zuri begira-ko pianoak ere. Donostia berriz, barruraino sar-tzen den maitasun kanta ederra, hiriarekiko duen maitasun horren aitorpena da.Pop-aren bidetik inoiz ere gehiegi aldendu gabe, badira beste genero batzuetatik ere edan duten doinuak. Xabi Zeberioren biolin eta biola sentikorrek Zure ezpainen itsasoan abestiari eman dioten kutsu orkestratua, Devil kantuaren blues pausatu eta malenkoniatsua, rockaren sustraietara eusten den Pick up edota diskoa ixten duen La felicidad kantua, lehen kolpetik Lila Downs edo Natalia Lafourcade mexikarren musika eta kantaera gogorarazten duten kantu alai eta sarkorra, Jesus Bustosen tronpeta indartsu eta jostariekin borobildua. Honakoa dio Izarok kantu honen sorreraz: “Ea nola azaltzen dudan. Sentitu al duzu inoiz zoriontsu zarela eta kontzientzia osoz zarela zoriontsu? Egun eguzkitsu batean sentsazio horrek harrapatu ninduen eta pentsatzen hasi nintzen, eta gero jolasten. Imajinatzen hasi nintzen zoriontasuna izaki fisiko bat bezala kaleetatik barrena ezkutaketan jolasten, eta hortik sortu zitzaidan La Felicidad”.OM diskoan ohartu ziren entzuleak Izaroren ahotsa desberdina zela, berezia eta bakarra. Eason entzunda ohartzen gara jabeak bezala, ahots horrek ere bere burua topatu duela -edo gertu dabilela behintzat-, sakonagotik ateratzen delako, naturalago, libreago, nolabait. “Egia esan, disfrutatu egin dut eta dibertitu naiz, eta hori oso garrantzitsua da nire-tzat. Kantu klaseetara ere joaten hasi naiz eta oraindik ikasteko asko daukadan arren, nire instrumentua ezagutzen ari naiz eta oso pozik nago”. Pianoaz ere baliatu da abesti bat sor-tzeko, pianoa jotzen ez dakiela aitortzen duen arren. “Eseri nintzen behin eta bi ordutan Delirios sortu zen. Ez naiz gehiago eseri!”. Abesti horretan, berak Donostiari begiratu beharrean, Donostiak begiratu dio berari eta hiriak kontatu dizkio bertan gertatzen diren istorioak.Izaroren kasuan, musikak eta hitzek elkar elikatzen dute, elkar sortzen dute. Hitzak, normalean, bere bizipenetatik sortzen dira. “Badago kanturen bat edo beste inguruak eman didana, baina orokorrean nire bizipenetatik sortzen diren kantuak dira, gero norabide ezberdinak hartzen dituztenak, akaso nigandik aldenduz, akaso nire barruraino sartuz”. Eta maitasunaz dihardute hitzok, orokorrean. Amaierarik ez duen inspirazio iturria du maitasuna. “Bai, maitasuna oso zabala da eta guztia hartzen du barne. Bizirik eta zoriontsu mantentzen gaituena da: maitasuna norbere buruari, naturari, ingurukoei, arteari, edozeri. Egunero lantzen dugun horretan lortuko dugu trebetasuna, maitasuna landu beharko genuke denok egunero benetan trebeak izateko eta ondo maitatzeko”.Euskaraz, gaztelaniaz nahiz ingelesez konposatzen ditu kantuak, modu naturalean. “Hizkuntza bakoitzak bere hitzak, bere egiturak, bere hitz-jokoak, bere melodiak, etab. ditu. Bakoitza mundu bat da eta elkarlanean sor-tzen den sarea, liluragarria. Hizkuntza bakoi-tzak bere melodia du, abesterakoan nabari-tzen dena, noski, baita hitz egite hutsean ere”.Unean unekoa gozatuz 2014an gitarra hutsez kantari hasi zen Izaroren eta bigarren lan luzea esku artean duen honen artean badira aldatu diren eta ez diren gauzak: “Denborak denok aldatzen gaitu, moldatzen gaitu, esperientziek eta ikasten dugunak ere ematen digute forma. Baina esentzian, umetan haizeari ere hitz egiten zion neskato hori izaten jarraitzen dut, baina urte gehiagorekin”. Orainaldian bizi den pertsona da Izaro, “presentzia osasuna da” bere iritziz. “Begiratzen dut etorkizunera, gure gizartean hori egin gabe bizitzea irreala delako. Baina ez naiz etorkizunean galtzen den horietakoa, unean unekoa ahaztuta. Oso presentea naiz zentzu horretan”. Horregatik, musika egiteko prozesuak har-tzen dituen etapa guztiak ere modu horretan bizi ditu, bakoitza sakon sentituz. “Sorkun-tza, grabazioa, zuzenekoak... bakoitza mundu bat da, ez dira konpetentzia. Sorkuntzarik gabe ez dago ez grabaziorik, ezta zuzenekorik ere. Orain nagoen momentuan, grabaziorik gabe ez dago zuzenekorik, eta zuzenekorik gabe ez dago grabaziorik. Beraz, denek betetzen naute maila berean, baina guztiz desberdin”.