musika

Gai sentitzearen plazera

Eraul proiektuaren arima den Asier Beramendik musika egiten du, baina musikak ereegin du bera, garai zailenetan iparra topatzen lagundu baitio. Taldean sortutako ‘Iraultza’diskoan islatu ditu bidaia horretako zidorrak

OLATZ PRAT - Miércoles, 7 de Marzo de 2018 - Actualizado a las 11:07h.

AITONAREN jaioterria du Asier Beramendik (Donostia, 1991) Eraul herri nafarra. Berak ezagutu zuenean, txikitan, herri abandonatu bat zen. Inork, ezerk bizi ez zuen herri bat. Behin izan zenaren lekuko, mende erdi inguruko arte ikusgarri bat dago herri ondoko bidexka batean, gerora, musikariak bere sustraietara eta bere barrenera egindako bidaiaren, Eraul proiektuaren irudi eta sinbolo bilakatu zena. Eraul sortu zenean lurralde abandonatu bat zen Beramendi bera ere, bere bizitzari zentzua emateko zer eraitsi eta zer eraiki behar zuen ez zekien gazte bat. Galdera horien erantzunak bilatzeko esperantzan, Suediara joan zen Erasmus bekarekin, eta han gertatu zen dena: “Momentu batean bilatzen nenbilen jarduera konstruktiboak egitea, bizitza aprobetxatu, esperientziak bizi eta bizitza pertsonalean aldaketa bat ematea, eta sormenean bilatu nuen horretarako bidea;kantak, letrak eta poesiak sortzen hasi nintzen eta oso terapeutikoa izan zen niretzat, gai nintzela ikusi nuelako”.

Etxean musika txiki-txikitatik entzun izan du eta musikako ikasketak ere egin zituen urte batzuez musika eskolan, baina inoiz ez zuen musika modu serioan landu izan. Unibertsitate garai hartan hasi zen etxean gitarra jotzen, abesten eta musikalki gertu zituen haiek imitatzen (Micah P. Hinson, The Coocks, Manu Chao, Mumford and Sons).

“Eta bat batean konturatu nintzen jolas horretara jolas nezakeela, nabaritu nuen ahal nituela kantuak egin, gustatu egiten zitzaidala eta disfrutatu egiten nuela. Horretaz ohartzeak gauza asko eman zidan, autoestimua, esaterako;eta, gainera, munduan toki batean kokatzen lagundu ninduen, kantuak egiten dituen tipo bat” bihurtu nintzen. Plazer hutsa izan zen. Hor hasi nintzen sentitzen kantuak niretzat bazirela ihesbide bat edo leku seguru bat”.

Suedian zegoela maketa bat grabatu zuen han egindako lagun batzuekin eta Kutxa Kultur jaialdirako deialdia irabazi zuen. Harekin zetozkion zuzenekoak emateko taldea osatu zuen Julen Idigoras bateriari deituta eta hark inguruko musikariak ekarrita: Garazi Esnaola (pianoa, hammonda eta koruak), Borja Anton (gitarra elektrikoa eta biolina), Maria Bustos (txeloa) eta Julen Barandiaran (baxua). Joan den urrian Iraultza plazaratu zuten, Haritz Harreguyren Higain estudioan seikotean grabatua eta hainbat kolaboraziorekin jantzia. 2016an argia ikusi zuten hiru abestirekin batera, 2012tik hona konposatzen eta etengabe lantzen joan den zortzi abesti ere gehitu ditu diskoan, euskara eta ingelesa nahasten dituen folk amerikar estiloko disko intimo eta indartsua osatuz.

AHOTS SOILA BAINO GEHIAGO Itzulpengintza ikasketak izanik, hizkuntzen ikasketan eta erabileran buru-belarri sartua dago Beramendi;musikarena beste hizkuntza baten moduan bizi du: “Ezagutzen nautenek badakite gatazka handia daukadala hizkuntzekin, zehazki ingelesa, gaztelania eta euskararekin, eta hizkuntza bakoitzak transmititzen didanarekin. Konturatzen naiz musika dela beste hizkuntza guztiak bateratzen dituen hizkuntza edo, agian, beste guztiak kanpo uzten dituena. Beste hizkuntzetan aurkitzen ez dudan konnotazio eza du, eta horrek askatasun handiagoa ematen dit, kontuan hartu beharreko arau gutxiago banitu bezala.

Horrekin batera, eta ez dut esango ondo dagoenik, baina solfeoaren arauak ez jakiteak ere ematen dit askatasuna gauzak probatzeko eta egiteko”.

Gitarra jotzen duen arren, ahotsa da bere instrumentu nagusia. Gitarra jotzen dakien abeslari bat da Beramendi, ahotsa, beste instrumentuekin konparatuta “herrialde abstraktu bat” baita beretzat, “beste geografia bat, ukitu ezin daitekeen zerbait, eta, aldi berean, sentimendu eta pentsamendu asko bideratzeko kanala”. Musika du barrenak askatzeko metodoa, “modu inpultsiboan” egiten ditu gauzak eta haserretik eta amorrutik idazten du gusturenen. “Hala ere, badakit arriskutsua dela hori. Aldarte jakin bat bila zenezake kanta hobeak idazteko, baina aldarte hori beti bada haserrea edo mina, a ze negozioa! Nere ustez, garrantzitsua da jakitea zergatik eta zertarako egiten duzun, eta minetik eta haserretik hobeto idazten baduzu oso ondo, baina orduan hobe izango duzu ez egotea beti kantak egiten, denbora guztian haserre egongo zara eta. Ahalmena erabili behar duzu zure alde, eta ez zu jarri ahalmen horren menpe”.

Eraul proiektu bezala desagertzear dagoela dio Beramendik. Antza denez, taldean ez dira gauzak nahi bezain ondo joan. Zuzenekoren batzuk hirukoan eta talde osoarekin ere bakarren bat emango duten arren, azkenaldian bezala aurrerantzean ere, bakarka aurkeztuko du donostiarrak diskoa eta bere musika.

“Eraulekin ez jarraitzearen erabakia lotuta dago musikan aurkitu nuen ezkutaleku seguru hori berreskuratu nahi izatearekin, galdu egin dudalako bertan neukan segurtasuna, berezitasuna eta intimitatea. Gogoak dauzkat musikalki neure buruarekin bakeak egiteko eta abesten dudanarekin indartsu sentitzeko berriz, neure musika defendatzeko gai sentitzeko”.

Datorren astean, martxoaren 8an, ostegunez, Donostiako Tabakaleran ariko da Beramendi, Kutxa Kultur plazan. Iraultza diskoko abestiez gain, kanta berriren bat ere joko duela aurreratu du.