ALBERTO IRAZU KAZETARIA

“Bertsolari rockeroak baditugu, baina bat-bateko bertso rockeroak ez hainbeste”

Kazetaritzan eta zenbait musika taldetan aritutakoa da Irazu. JAVIER COLMENE

Bertsoa eta rockaren arteko harremanariburuzko ‘Rocka puntua!’ kronika etasaiakera liburua osatu du Alberto Irazukazetariak (Andoain, 1970)

Dani Piedra - Miércoles, 7 de Marzo de 2018 - Actualizado a las 11:11h.

JATORRI desberdinekoak dira bertsolaritza eta rocka;eta, hasieran, errezeloz begiratu zieten elkarri. Aitzindari askoren ekinari esker, elkar ezagutzeko bide luze baina emankorra abiatu zen. Hala, gaur egun ez da arraroa bertsolari batek rock talde baten abestiak idaztea edo rock doinu bat bertsotarako moldatzea. Azken bost hamarkadetako ibilbide aberasgarri hori zehatz-mehatz aztertu du Alberto Irazuk Rocka Puntua! Liburuan (Pamiela, 2017), bertsolaritzaren eta musikaren bilakaeran adierazgarri izan diren mugarrien bidez. Abiapuntua 1964ko martxoaren 19an jarri du, Zestoan. Joxe Mari Iriondo gaijartzaileak rock eta twist musikaz galdetu zion Uztapide bertsolari handiari, artean euskal giro tradizionalean guztiz arrotzak ziren kontzeptuak.

Zergatik hasi duzu kontaketa 1964an? Zer gertatu zen garai hartan?

Nire ikerketan, hura da rock terminoa atera zaidan lehendabiziko aldia. Iriondok jartzen duen puntua (“ikasi al dituzu rock and roll eta twist”) oso egokia da garai oso baten testigantza emateko, 1960ko hamarkadan musika berriak heltzen ari ziren Euskal Herrira eta Iriondok hori galdetzea ez da kasualitatea. Ez nuen hori baino atzerago jo beharrik sentitu: bertsolaritzak kanpotik datorren gauza berri horren aurrean duen beldurra eta ezagutza eza adierazteko oso egokia da.

Bertsolaritzak beste alde batera begiratu zuen luzaroan, rocka izendatu ere ez zuen egiten... berritasunak onartzea kosta egiten da.

Bertsolaritza, garai hartan, baserri munduari lotuta zegoen erabat. Bertsolari guztiak baserritarrak ziren eta gai arketipikoak baserriarekin, jainkoarekin, euskararekin eta Euskal Herriarekin lotutakoak ziren. Rock eta twist beste leku batetik datozen hitzak dira, anglizismoak. Zer diren ere ez dakite, gertakari berri hori enfokatzeko jakinduria edo ezagutzarik ez dute, beren mundutik kanpo gertatzen ari da.

Gaur egun ohituta gaude rock estetikadun bertsolarietara eta rockean oinarritutako doinuetara. Bertsoaren biziraupenean funtsezkoa izan da hori?

Ez dut uste ezinbestekoa izan denik. Liburuaren lehenengo atalean kontatzen dut nola bertsolaritza hiritartu egin den, inguruko gizartearekin sinkronizatu den. Garai batean kondenagarri ziren berrikuntza batzuk, tartean doinu arrotzak, gaur egun erabili egiten dira. Bertsolaritzak ezinbestekoa izan du hiritartze eta sekulartzea, baina hori egin zezakeen rockarekin nahastu gabe. Gertatzen dena da, 1970eko eta 80ko hamarkadan bi prozesu paralelo gertatu zirela. Bat da bertsolaritza hiritartu egin zela eta, bigarrena, euskara rock munduan sartzen hasi zela. Hor konfluentzia bat dago. Baina, berez, bertsolaritzak rockaren beharrik ez zuen. Beste gauza bat da doinu eta erritmo berriek eman dezaketela esperimentatzeko tartea.

Bertsoa kontserbadore izatetik abangoardia izatera pasa da.

Hor bertsolariek lan handia egin dute. 1987an Euskal Herriko Bertsolari Elkartea sortzea oso momentu klabea izan zen, bertsolariek beren antolaketaren ardura hartu zutelako. Sena izan dute garai bakoitzean kokatzen joateko eta belaunaldi berri bakoitzean gai izan dira beren garaiko elementuak bertsoarekin uztartzeko eta bertsolaritzaren diskurtso berrian sartzeko. 1990eko hamarkadan rockaren diskurtsoa normaldu egin zen bertsolaritzan. Gaur egun ere halako prozesuak gertatzen dira;esate baterako, emakumeen presentzia eta generoaren diskurtsoa sartzen ari dira. 1980ko hamarkadatik honako bertsolari gehienak unibertsitatean ikasitakoak dira, hainbat esparrutatik edaten dute, 1960ko hamarkadako bertsolariek ez bezala. Horrek bertsolaritzaren diskurtsoari eta estetikari eragiten dio.

Rocka eta bertsolaritza uztartzea bide nekeza izan da?

Rock&roll klasikoan, bluesean eta abar badaude bertsolaritzako neurrietatik oso hurbil dauden zenbait doinu, baina 1960ko hamarkadan ezinezkoa zen bertso bat egitea rock doinu batekin, zubi hori eraitsita zegoelako, ez zuten elkar ezagutzen. Hala ere, bertsoa rockean uste baino lehenago sartu zen, rockak modu diferenteetan xurgatu du bertsolaritzaren eragina: Bertso idatziei dagokionez, Errobi, Hertzainak... izan ziren aitzindariak. Ondoren, 1990eko hamarkadan, Negu Gorriak sortu zenean, Bertso Hop-aren eztanda izan zen. Hor ikusten da rockak modu berri batean begiratu ziola bertsolaritzari. Bertsolariak eurak bihurtu dira rock hitzen egile. Negu Gorriaken eraginez hainbat zubi eraiki dira.

Aldiz, bertsolaritzan rocka sartu ote den… hori beste gauza bat da. Bertsolaritzak hitzaren inguruan egiten du dantza, eta rockak erritmoaren inguruan. Horregatik, rocka bertsolaritzara eramatea zailagoa da. Eraman ditzakezu estetika batzuk oholtza gainera, Jon Maiak egin zuen bezala. 1990eko hamarkadan rockero itxurarekin aritzen zen bertsotan, horrek bere diskurtsoari eragiten zion, rockero baten ahotik kantatzen zuelako. Baina rock erritmoak bertsoan sartzea zailagoa da. Beraz, esan dezakegu bertsolari rockeroak baditugula, baina bertso rockeroak, bat-batekoak, ez hainbeste, beharbada.

Badirudi naturaltzat hartzen dela fusio hori orain.

1990eko hamarkadatik ohiko bihurtu da, Negu Gorriakek eman zuen, nolabait, hasiera ofiziala. Baina nik liburuan zera esaten dut: Euskarazko pop-rockeko edozein estilotan, idazleak, bertsolariak eta abar aritzen dira hitzak idazten. Horrek anomalia bat erakusten du, gaztelaniazko edo frantsesezko rockean ez da hain ohikoa. Zer pentsatua ematen du, ahozko hizkuntza bizi gisa hutsune batzuk ditugu rock taldeen furgonetetan eta kamerinoetan.

Zer pentsatuko zuten lehengo bertsolariek gaur egungoa ikusita?

Nik uste dut euskarazko kulturan, oro har, aurrerakuntza asko egin direla: Bertsolaritzan, musikan, literaturan... euskal gizartea bera aldatu delako. Beraiek, seguru asko, gaur egungo parametro asko ez lituzkete ulertuko. Esate baterako, Uztapide bati arraro egingo litzaizkioke, bere mundutik kanpokoak lirateke, Maialen Lujanbiok generoari buruz egin dituen hainbat hausnarketa, edo gai batzuei zer nolako ertzetatik heltzen dien. Nolanahi ere, pozik egongo lirateke, bertsolaritza osasuntsu dagoelako, gazteak nonahi dabiltzalako bertsotan. Seguruenez, bertsogintzaren ezaugarriekin harrituta, baina duen osasunarekin pozik egongo lirateke.

Guk ere pentsatuko al dugu antzeko zerbait noizbait?

Liburuan esaten dut belaunaldi bakoitzak bere mintzabidea behar duela, hori da aurrerabidea. Nire ondorengoek zerbait egiten badute musika alorrean edo bertsolaritzan ni harritzen nauena, ongi etorria bedi. Hizkuntzaren transmisioa continuum bat da eta aldianaldian aldatzen joan behar da. Beraz, gu harritu gaitzatela, guk aurrekoak harritu genituen bezala. Euskaraz gauzak sortzen segitzen badugu, positiboa izango da.

Liburuko pasarte batean fikziozko kontakizun bat sartu duzu, zer helbururekin?

Fikziozko pasarte bakarra dago: 1967ko txapelketa ospetsuko finalean Nemesio Etxanizek Basarri xaxatzen duenekoa, Elvis Presleyren eta Johnny Cashen doinu batzuekin bertsotan egin dezan. Ipuin bat eginaz, Basarri Xalbadorren tokian jarri dut. Alde batetik, Xalbadorri txapela eman nahi nion, bere garaian eman ez ziotena. Bestetik, ipuin horren bitartez kontatu nahi nuen 1960ko hamarkadan ezinezkoa zela gaur egun gertatzen ari dena, alegia, bertsogintzaren tradiziotik kanpora zeuden doinuekin txapelketa batean abestea. Horrekin erakusten dut gaur egungo bertsolaritzan zer egin daitekeen lasai asko, baina 1960ko hamarkadan inola ere egin ezin zitekeena.

Zure bizipenak oinarrizkoak izan dira liburua idazteko?

Nik 1980ko hamarkada lehen pertsonan bizi izan nuen. Batez ere Andoaingo Gaztetxea, garai hartan oso inportantea izan zena. Fermin Muguruzak, Josu Zabalak, garai hartako jende askok aitortzen du leku klabea izan zela. Orduko pasadizoak, pentsamenduak... sartu ditut. Sentitzen nuen orain ezezagunak diren talde batzuek bertsolaritzarekin izan zituztela esperientzia batzuk eta ahaztuta geratzeko arriskuan zeudela. Ikusi genuen nola sartu zen euskara hainbat girotan eta musikatan. Gu izan ginen lekuko, hemen, Andoainen, nola sartu zen hardcorean, punkean, heavyan. Horren testigantza utzi nahi izan dut.

Liburuaren hondarrean bideoak ikusteko loturak, informazio gehigarria eta abar sartu dituzu. Liburutik harago arakatzeko aukera ematen duzu.

Kronologia labur bat egin dut liburuaren azkenetan, nolabait osatu egiten duena aurreko guztia. Datu batzuek erakusten dute nola aldatu den gizartea. Adibidez, zera jasotzen dut: “1985eko abuztuaren 19an, Bilboko Aste Nagusian, Udaltzaingoak hainbat punki hiritik kanporatu zituen, sulfatoaz desinfektatu eta gandorrak moztu ondoren”. Gaur egun, beharbada, Bilboko alkateak punk talde ezagun bati diru-laguntza ematen dio superjaialdi batean Bilbon jo dezan. Baina orduko hartan desinfektatuta bidali zituzten. Liburu honek irakurtzeko bi aukera ematen ditu. Bata: hasi eta bukatzea. Beste aukera bat da geldialdiak egitea aipatzen ditudan bertsoetan, abestietan, bideoetan eta abar. Nik asko gozatu dut liburua egiteko orduan, horiek denak entzuten, ikusten eta, zenbait kasutan, deskubritzen.

Secciones