literatura

Sinbolismoz betetako harresiak

2016an Euskadi Literatura Saria irabazi zuen Luis Gardek, ‘Ehiztariaren isilaldia’ eleberriagatik. (Javier Bergasa)

Luis Garderen azken poema liburua da ‘Barbaroak baratzean’. Harresiak, bestekotasuna eta identitateak sakonki landu ditu liburuko poema luzeetan, sinbolismoz inguratuta

Kattalin Barber - Domingo, 11 de Marzo de 2018 - Actualizado a las 12:46h.

Harresira igotzen den horrek / atzean utzi nahi du murrua. / Murrua ez da murru / murrura igotako alde honetara begira dagokion jenderik gabe”. Harresiak eta murruak izan ditu hizpide Luis Gardek (Iruñea, 1961) Barbaroak bara-tzean bere azken poema liburuan. Balea Zuria argitaletxe berriarekin kaleratu du lan hau. Sinbolismoz betetako orriak biltzen ditu lanak, poemak luzeak dira eta elementu asko dituzte. Harresiekin batera, etorkinak, arroztasuna eta identitatearen gaiak eraman ditu orrietara. “Guztiak hari batetik lotuta daude;azken finean, bestekotasuna da liburuaren gaia”, azaldu du idazleak. Gardek aitortu du “obsesio modukoa” izan duela beti harresiekin. “Idazle bat obsesiorik gabe ez da ezer”, uste du. Harresiak gaur egungo garaiaren metafora direla dio Gardek. “Gure garaiaren sinboloak dira eta honi buruz idazteko grina nuen. Barruan neraman guztia atera dut eta harresia metafora gisa erabili dut”, kontatu du. Trumpek behin eta berriz aipatutako Mexikoko harresia, Melillakoa edota Palestinakoa ditu gogoan Gardek. Autokritika ere badago bere poemetan. “Gu aberaskumeak gara. Bestearen begirada eta gure begirada lotzen saiatu naiz”, eman du jakitera.JOAN-ETORRIEN GALERAK Bidaietan gertatzen diren galerez ere min-tzo da Garde poemetan. “Zer da arrotza izatea? Eta bertakoa izatea? Zer gertatzen da sorlekutik ustezko paradisura joatean?”, galdetzen dio bere buruari. Errefuxiatuen krisiaz eta etorkinez ari da, baina baita Nafarroako herri batetik beste herri edo hiri batera doan herritarraz ere. “Joan-etorri horietan gertatzen diren galerak identitatearekin lo-tzen ditut. Harresia erabiltzen dugu identitatea eraikitzeko, baina oso modu artifizial eta behartu batean, batzuetan era baztertzaile batean ere bai”. Bitasunean bizi garela uste du Gardek, gutarrak eta gutarrak ez direnen artean. “Zu desberdina bazara, eraso gisa hartuko dut zure desberdintasuna. Nirekin zaude edo nire kontra”.Eta testuinguru horretan, barbaroak daude. Gardek dioenez, guztiak izan daitezke barbaroak, bai nomadak, atzerritarrak, etorkinak eta baita bertakoak ere. “Kanpotik datorrena, arrotza, gure ohiturak ez dituena edo beldurra ematen diguna da barbaroa. Hitza bera gustuko dut, beldurra sortzen duelako”. Baina barbaroa, kanpokoa izateaz gain, norbera ere izan daiteke: “Denok gara inoren barbaroak;kontua da norengan proiekta-tzen diren bakoitzaren beldurrak”.Baratza, berriz, norberaren etxeko lorategia eta ondare materiala zein espirituala izango litzateke. “Gure ustezko paradisua”, Garderen hitzetan. Egoera honetan, barbaroak ate joka ariko lirateke, bakoitzaren etxe harresituaren aurrean. “Etorkin horiei erakusten diegun ustezko paradisua da bara-tza, gure mundua, alegia”. Eta, zer gertatzen da atean joka ari den etorkin horrekin? “Barbaroak ate aurrean daudenean, harresia eraikitzen dugu eta beldurra sentitzen dugu. Batzuetan gure beldurrak eraikitzen du barbaro hori bera, arrotza dena guk bilakatzen dugu barbaro gure beldurraren bidez”.Arrotzari beldur izatea da xenofobia, eta horrela islatu du Gardek poemetan. Beste hizkuntza, ohitura eta kultura batzuenganako beldurra, “gurea kentzearen beldurra”. Garderen aburuz, beldur horien bidez eraikitzen du norbanakoak identitatearen harresia. Zentzu filosofikoaz mintzo da egilea, baina era berean, beldur horri esker Europako hainbat herrialdetan boterea lortu duten alderdiez ohartarazi nahi izan du. “Hona ere heldu daiteke, errefuxiatu gehiago etorriz gero, adibidez”. EZ OHIKO LIBURUA Esana diote Garderi apustu arriskutsua egin duela, ez ohiko liburua baita argitaratu duena. Oso liburu “landua” dela dio berak: “Nik beti bilatzen dut eremu desberdin bat sakontzeko, ez dut gustuko ahots berdinarekin jarraitzea, nire burua imitatzea”. Azken poema liburua 2014.urtekoa du Gardek. 2016an Ehiztariaren isilaldia nobelarekin Euskadi saria irabazi ondoren, berriro poesia lan-tzeko gogoa sentitu zuen. “Banuen gogoa zerbait desberdina egiteko. Eta, egia esan, kontzesio gutxi daude liburuan, oso hizkuntza sinbolikoa eta trinkoa erabili dut. Liburu exijentea da, nire buruarekin ere horrelakoa izan nintzelako”. Gaiak “agortzea” gustatzen zaio Garderi, eta hala aritu da kasu honetan, nekatu arte. Irakurtzeko garaian, aldiz, pixkanaka egitea gomenda-tzen du. Aitortu du irakurleak “esfortzu bat” egin beharko duela. Izan ere, “buelta asko” eman dizkio poema bakoitzari eta asko zaindu ditu bai forma eta baita lengoaia ere. “Irakurle bezala gauza landuak gustatzen zaizkit, eta bien lana maila berean jartzea bilatu dut, horixe baita jokoa”.

Secciones