Brankaganetik kikuke

Inoiz ez da berandu

Ramon Basaldua - Martes, 13 de Marzo de 2018 - Actualizado a las 06:00h.

Denboraldiko partidurik lasaiena jokatu eta irabazi eban Athleticek Leganesen aurka San Mamesen. Zigandaren taldeak holako garaipen bat behar eban Marsellan edota Sanchez Pizjuanen emondako itxura txarrak sortutako giro gaiztoa baretzeko. Horregaz batera, Asier Garitanoren taldearen aurka lortutako garaipenak, azkenaldiko dinamika negatibotik urteteko baliatu behar dabe jokalariek Marsellako Olympiquen aurkako partidura begira batez be. Liga txapelketea amaitzeko hamar jardunaldiren faltan, Athleticek hamabost puntura daukaz jaisteko postuak. Beraz ez dau emoten zuri-gorriak isturaldirik izango dabenik beste behin lehen mailan jarraitzeko. Hile bi geratzen dira 2017-18 denboraldia amaitzeko eta tarte horretan ahalegindu gaitezen taldearen eta zaleriaren arteko batasuna berreskuratzen, horixe izan da-eta Athletic Clubaren indarraren zutabe nagusia. Zabaldutako zaurian gatza botateak ez dau inorentzat onurarik ekarriko.

Gure Jose Anjel Iribar handiak, bere 75 urtebetetzea dala-eta egindako alkarrizketa baten esan eban ez dauela pertsona ezkorrik gura bere alboan eta ihes egiten dauela holakoren bat inguruan daukanean. Ba zoritxarrez ezkortasuna nagusi da Athleticen inguruan denboraldi honetan. Ganera, indar ikaragarria hartu dau eta gaur egun Zigandaren taldearen inguruko giroa toxikoa bilakatu dala esango neuke. Arnastuezina. Alde horretatik, oso esanguratsua da domekan San Mamesen gertatutakoa. Hasteko, inoiz baino jende gitxiago joan zan Athleticen partidua ikustera eta joan ziranetako askok ixilik igaro eben norgehiagoka euren taldea animau barik. Ganera, hamazazpigarren minuturako 2-0 irabazten joan arren, batek baino gehiagok txistu egin eban Leganesek aukeraren bat sortzen ebanean edota etxeko jokalariek edozein hutsu egiten ebenean. Hiru puntuak lasai eskuratu arren, batzuk ez ziran pozik joan etxera garaipena Leganesen maila eskasagaitik etorri zala uste ebelako, etxeko jokalariei meriturik emon barik. Agian erratuta egongo naz baina hau ez da nik ezagutu doten zaleria. Ukaezina da Zigandak ez dauela bete lehen taldearen ardurea hartu ebanean ipinitako helburua eta taldearen jokoak ez dauela konektatu zaleriarekin. Behin esan neban moduan, zaleek arrazoi asko daukiez dezepzionaturik egoteko baina ez deutse bizkarra emon behar taldeari. San Mamesko isiluneak mingarriak dira oso.

Europa Ligako final zortzirenetako partidua jokatuko dau Athleticek etzi San Mamesen Marsellako Olympique taldearen aurka. Joaneko partiduan 3-1 galdu arren, Zigandak zein jokalariek ez dabe amore emoten eta behin eta barriro dinoe ez dala ezinezkoa talde frantziarra kanporatzea. Zaleen artean, baina, inork gitxik uste dau Athletic Olympique kanporatzeko gauza izango danik, joaneko partiduan etxeko taldearen nagusitasuna ikusita batez be. Kontuak kontu, ez dakit zein izango dan zaleriaren erantzuna etziko partiduan baina ez neuke ulertuko harmailak erdi hutsik egotea. Athleticek partidu txarra egin eban Marsellan eta 3-1ekoari bueltea emotea oso gatxa izango da. Ganera, Olympiquek aurkari indartsua dala erakutsi dau, erasoteko orduan batez be. Edozelan be, esperantzara kondenatuak gagoz. Itxaropenari eutsi behar deutsagu, Europa Ligako final laurenetarako sailkatzea posible da-eta. Horretarako, jakina, Athleticek denboraldiko partidurik onena egin beharko dau. Inoiz ez da berandu, are gitxiago futbolaz ari garanean.