EKAITZ GOIENETXEA IDAZLEA

Ekaitz Goienetxea: "Pertsonaien sentimenduak errealitatetik jasota daude"

‘Zaldi Mamarroa’ bere lehen eleberria aurkeztuberri du Goienetxeak, duela urtebete Igartza Bekairabazi ostean argitaratua. 80ko hamarkadakoheroinaren eragina du ardatz fikziozko istorioak

MARTA MORALES - Martes, 20 de Marzo de 2018 - Actualizado a las 11:56h.

URTE betez buruan jira eta bueltaka ibili ostean, oraintsu aurkeztu du Ekaitz Goienetxeak (Miarritze, 1982) Zaldi Mamarroa bere lehen eleberria. Pozik dago emaitzarekin, protagonistei egindako elkarrizketak eta jasotako bizipenak ondo islatu dituela uste baitu Goienetxeak. Kostaldeko herri batean 80ko hamarkadan heroinak eragindakoa kontatzen du liburuak, hori bai, gaur eguneko ahotsarekin.

Belaunaldi baten aldarrikapena al da ‘Zaldi Mamarroak’?

Nire asmoa ez da belaunaldi baten argazkia edo dokumental historiko bat egitea, ezta ezelako aldarrikapenik egitea ere. Fikziozko nobela bat baino ez dut idatzi. Niri interesgarria egiten zitzaidan gai honi buruz galdetzea, ikastea eta idaztea. Gero, liburuak, irakurtzearen gozamenaz aparte, beste zerbaitetarako balioko ote duen, hori irakurle bakoitzak erabaki beharko du.

Zer kontatzen du eleberriak?

80ko hamarkadan heroinak izan zuen eragina kostaldeko herri batean, baina gaur egunetik begiratuta. Gaia aspalditik nuen buruan. Garai hartan txikia nintzen eta, horregatik, hasieratik hainbat pertsona elkarrizketatzea erabaki nuen, gaia aipatzen zen bakoitzean inguruko bakoitzak bere erara kontatzen baitzituen ordukoak.

Igartza Literatur Bekaren 19. edizioaren irabazlea izan zinen. Nola hartu zenuen berria?

Pozez, baina beldurrez ere bai. Ez nekien gai izango ote nintzen nobela bat idazteko. Ez zitzaidan erraza egin arrankatzea eta idazteko jarioa hartzea. Horrez gain, bekak laguntza ekonomikoa ematen dizu, baina ezin diozu lan egiteari utzi. Eta beste gorabehera pertsonal batzuk ere izan ziren hor tartean. Finean, inguruan gertatzen zaizun guztiak dauka eragina zugan eta, ondorioz, idazketa prozesuan.

Hasiera batean, eleberria idazteko zailtasunak izan omen zenituen… Sariak sorpresaz harrapatu ninduen, erdi ahaztuta-edo. Nobela nahiko berde neukan eta egin nahi nituen elkarrizketak oraindik egin gabe. Kontzientziak hasieran esaten zidan kontatu zidatenarekiko fidela izan behar nuela. Baina, era berean, fidel izateak ez zidan lasai idazten uzten. Distantzia egokia aurkitu arte ezin izan nuen martxa onik hartu liburua osatzeko.

Behin martxa hartuta, zelakoa izan da sorkuntza prozesua?

Testigantzak grabatu eta transkribatu, horietan desordenatuta kontatu dizuten guztia ordenatzen ahalegindu, liburuak eta artikuluak kontsultatu, material grafikoa eta musika bildu... Dena ez da kabitzen liburuan, eta beti daude erabaki mingarri batzuk bidean: baztertu egin behar dituzu hainbat gauza, nahiz eta zuri pertsonalki asko gustatu, nobelaren kontakizuna larregi desbideratzen dizutelako. Korapilo askokoak.

Horrela gogoratzen ditut hasierako momentuak.

Urtebeteko epea izan duzu eleberria idazteko. Denbora nahikoa da ezerezetik errealitate bat sortzeko?

Nobela osoa gobernatzea zaila izan da. Errealitatea fikziora zelan eraman, pertsonaiak gurutzatu, datak koadratu, dena orraztu behin eta berriro, irakurleak ez igartzeko autoreak zein pasartetan sufritu duen... Nik esango nuke, nobelaren eta idazlearen arteko sokatiran, azkenean enpate gertatu dela. Pertsonaiak fikziozkoak izan arren, errealak izan zitezkeen? Horretan ahalegindu nahi izan dut, errealitatetik urrun ez dagoen kontakizun bat eraikitzen. Pertsonaiei denetik gertatzen zaie: drogarekiko adikzioa, lapurretak, istripuak, lagunen heriotzak, abortuak... Liburuan gertatzen direnak errealitatean ere gertatu ahal ziren jakiteko modu bakarra bizi izan zuenari galdetzea izan da. Bestela, zerbait irreala asmatzeko arriskua zegoen. Hortaz, liburuko pertsonaiek sentitzen dutena errealitatetik jasota dago.

Askatasunaren inguruko gogoeta planteatzen da liburuan. Askatasuna ezinbestekoa da gizakiarentzat, aukeraketa txarrak egin arren?

Zer da aske izatea? Askatasuna hitz handiegia da, agian, bere osotasunean praktikatzeko. Denok ditugu gure menpekotasunak, bai sozialki eta bai pertsonalki. Droga deitzen ez ditugun droga asko kontsumitzen dugu egunero.

‘Zaldi Mamarroa’ izenburuak gako batzuk eskaintzen ditu…

Hor dago mamarroa: zomorroa, intsektua edota bitxoa. Eta zaldia, heroinari deitzeko moduetako bat. Ohikoak dira ezizenak bai droga ilegalaz, bai gaixotasunez eta baita beste hainbat eremuz ere hitz egitean. Irakurlea gonbidatzen dut izenburuarekin bere ondorioak ateratzera.

Egun, taberna bateko barran egiten duzu lan. Idazteaz bizitzea gustatuko litzaizuke?

Oso gustura nago ni tabernari, oso proiektu polita ari gara eraikitzen. Azkenaldian hori aldarrikatu behar dudala sentitzen dut. Ostalaritza mespretxatuegi dago, eta idazle izatearena mitifikatuegi. Ez dut uste posible denik euskaraz idaztetik bizitzea. Baina, gainera, ezetz erantzuten dut norbaitek ea nire ametsa idazle izatea ote den galdetzen didanean.

Aurrera begira zer asmo dituzu?

Liburua bukatu eta gero, hustuta sentitu naiz, soinetik pisu galanta kendu dudala, eta denboraldi baterako deskantsua emango diot nire buruari. Duela gutxi, oporretatik bueltan, narrazio bat idazteko ideia ekarri nuen eta agian egingo dut, baina presarik ez daukat.