komikia

Uzta gero eta emankorragoa

Euskarazko komikiak gero eta leku gehiago hartu du. Azken urteakonak izan dira eta hurrengoak ere oparoak izatea aurreikusten dutekomikigileek. Komikiaren mundua haziz doan bezala, komikigintza berazabaltzen ari da, bai estiloei, gaiei zein proposamen artistikoei dagokienez

KATTALIN BARBER - Martes, 20 de Marzo de 2018 - Actualizado a las 12:12h.

Komikizaleak sortzea eta zabaltzea da erronka, baina komikigintzak bizi duen loraldia ez da oharkabean igaro. Bai kuantitatiboki eta baita kualitatiboki ere azken bi urteetako komiki uztak oparoak izan dira. Egileak osasuntsu daude eta proposamen interesgarriak aurkezten dituzte urtero. Era berean, argitaletxeek gero eta arreta handiagoa jartzen diete nobela grafikoei, eta horrekin batera, prestigioa irabazi du komikiak.

Horiexek dira Dani Fano eta Mikel Begoña komikigileen ondorio nagusiak euskal komikigintzari buruz galdetuta. Fano Xabiroi aldizkariko koordinatzailea da eta komikien gorakadaren joera heldu den urteetan mantenduko dela uste du. Xabiroi gazteentzako komiki aldizkaria 2005ean kaleratu zuen Ikastolen Elkarteak aurreneko aldiz, eta, orduz geroztik, hiru hilean behin argitaratzen da;ez du etenik izan. Bertan bat egiten dute euskal komikigile askok. Argitalpena “mugarria” izan dela dio, eta “egonkortasun minimoa” ematen diola sektoreari. 2006. urtean Ipurbeltz desagertu zenetik maiztasun handiena duen komikia da eta Euskal Herriko egile askok parte hartzen dute. “Nahiko indartsu dabil aldizkaria eta egileok saretu egin gara, osasuntsu gaude eta hori oso garrantzitsua da aurrera egiteko”, azaldu du.

Mikel Begoña komikigileak bere Komikeri blogean zenbatzen ditu urtero Euskal Herrian argitaratzen diren komikiak. Azken urteetan gorakada handia egon dela baieztatu du: “2011n 8 komiki inguru argitaratu ziren. 2017an, berriz, 30. Garai onak dira komikiarentzat”, ziurtatu du. Hainbat faktoreri egotzi dio hazkundea Begoñak, baina oraindik ere merkatua eratzea falta dela uste du: “da negozio errentagarria argitaletxeentzat, kostu handia duelako eta komikiak ez direlako egun batetik bestera saltzen”.

Hala ere, jakinarazi du urtero-urtero “fidelak” diren argitaletxeak daudela eta horiei esker “egonkortasuna” mantentzen dela. 2015ean Harriet argitaletxea sortzea mugarritzat jo du, bai eta Astiberri editorialak egiten duen lana, Xabiroi eta Elkar argitaletxeak bi urtean behin argitaratzen duen De Rerum Natura komiki-zinta. Azkenik, Gureberriak estreinako komiki argitaletxea ere aipatu nahi izan du Begoñak.

ASKOTARIKO GAIAK Argitalpenen artean guztiak oso desberdinak direla ziurtatu du Begoñak. “Bakoitzak bere estiloa du eta gai zeha-tzak jorratzen ditu;askotarikoak eta kalitatezkoak dira euskal komikiak”. Bide horretan, komikiak edozein gai lantzeko balio duela dio Begoñak. “Komikiak ez dira bakarrik komikizaleentzat. Edozein gai egokia da komikian jorratzeko. Adibidez, autismoaren inguruan Astiberri argitaletxeak Maria eta biok argitaratu zuen”.

Irria aldizkaria aipatu du Begoñak. Besteak beste, haurrentzako komikiak biltzen ditu argitalpenak. “Egun, helduentzako komikigintza haur eta gazteena baino indartuagoa dago, eta azken honetan indarrak jartzea ere garrantzitsua da”. Izan ere, haiek izango dira komikiak irakurriko dituzten belaunaldi berriak, eta txikitatik komikiekin ohitzea da helburua. Frantzia du jomugan Begoñak: “Gure iparra Frantzia da, bertan gertatzen da Europako beste herrialdetan gertatzen ez dena: txikiak direnetik irakurtzen dituzte komikiak”.

Fanok ere uste du garai onak direla euskal komikigintzarentzat. Haren esanetan, kalitatea eta eskaintza, bai gaiei bai estiloei dagokienez, asko zabaldu da. Bi egileen aburuz, ona da euskal komikigintzaren egoera, eta goranzko joerari eusteko tresnen beharra aldarrikatu dute. Horien artean, argi dute Eusko Jaurlaritzak sortu berri dituen komikien sorkuntzarako laguntzak “oso positiboak” direla. Euskal komikiaren historiari errepaso bat eginda, Mikel Begoñak aipatu du 60ko hamarkadara arte komikiak umeentzako “balio gutxiko” produktu bezala saltzen zirela.

Hurrengo hamarkadan hasi ziren helduentzako komikiak sortzen. “Baina, batez ere, 80ko hamarkadan jazo zen nobela grafikoaren aldaketa nagusia. Gaur egun, komikigintza pasa da heroien kontu bat izatetik egileen hautu bat izatera, edozein gairen inguruan idatzi daitekeelako”. Ez-fikzioak hartu duen garrantzia ere nabarmendu du Begoñak.

ETORKIZUN ONA Euskal komikigintzaren etorkizuna emankorra izango dela uste du Fanok, baina argi du falta dena merkatua sortzea dela. “Oinarrizkoena da argitaletxeak olatura igotzea, eta horretarako egileok komiki onak atera behar ditugu. Ongi daude erakundeen laguntzak baina irakurle, argitaletxe eta egileen arteko lotura sustatu behar dugu”.

Bide honetan, euskal komunikabideen kolaborazioa eskatu du Begoñak: “Kritikak egotea, jarraipena egotea... Garrantzitsua da”. Komikigileen baldintzak ere aipatu nahi izan ditu Fanok, onenak ez direla salatzeko.

“Sorkuntzara dedikatzea suizidio kolektiboa da;komikigintzan inor ez da bakarrik honetara egoten, bakoitzak hainbat zutabe ditu”. Era berean, egungo erronka “komikizaleak sortzea” dela dio. Halere, badute komikien irakurleek ezaugarri “preziatu” bat: militanteak eta parte hartzaileak direla. “Komikizale ohikoaren profila oso pertsona leial eta aktiboa da;orain, zabaldu beharko dugu beste profil batzuetara, baina euskarazko komikiak irakurtzeko gosea nabaritzen dugu komikigileok”. Komikiak saltzen direla eta jendeak eskatzen dituela diote biek. Argi dute zein den orain ardura: “Proposamen onak eta interesgarriak egitea eta jendeari ematea”.

Oinarri sendoak ditu beraz euskal komikigintzak, eta, urtez urte, pixkanaka bada ere, goranzko bidea hartu du, euskal komikigintzaren sasoi onaren erakusgarri.

Secciones