BERTSOLARIA ETA IDAZLEA

Xabier Amuriza: “Erronka literarioa izan da gure porrota garaipen bihurtzea”

Xabier Amuriza. RUBEN PLAZA

Zamorako kartzelatik ihes egiteko euskal apaizek egindako tunelaren historia fikziozko nobela batean bildu du Xabier Amurizak

DABI PIEDRA - Domingo, 1 de Abril de 2018 - Actualizado a las 12:11h.

ELIZAREN eta Francoren Gobernuaren arteko konkordatu edo akordio bati esker, apaizentzako kartzela sortu zuten Zamoran, diktaduraren esanetara makurtu nahi ez zuten erlijio-gizonak giltzapetzeko. Xabier Amuriza (Etxano, 1941) eta beste hainbat euskal apaiz hara bidali zituztenean, tunel luze bat egiten hasi ziren, ihes egiteko. 1970 eta 1971n, urte eta erdi behar izan zuten espetxeko hormen azpitik askatasuneranzko zuloa egiteko, baina azken unean harrapatu zituzten.

Ia mende erdi geroago, tunelaren nondik norakoak xehe-xehe kontatu ditu Amurizak Neska bat leku inposiblean liburuan (Elkar). Protagonistei izenak aldatuta, orduko aurrerapen, traba eta kezka guztiak bizitasun handiz eskaintzen dizkio irakurleari, baina fikziozko gertakari bat gehituta, istorioaren garapena guztiz baldintzatzen duena: Neska gazte bat, Nezu, kartzela barrura sartu da, ezkutuan, apaizei laguntzeko asmoz. Nezu kontakizunean txertatuta, porrot baten historia garaipen txiki batekin gozatu nahi izan du Amurizak.

Ia mende erdia joan da Zamorako espetxetik ihes egiteko ahalegin hartatik. Zergatik liburu hau orain?

Betidanik izan dut gogoa honetarako, baina astia orain izan dut. Argumentu interesgarria ikusten dut gertakari haietan, ihes batek beti du interesa, gaur egun ere bai. Gainera, kasu honetan, neu barruan egonik, zer esanik ez. Nobela independente moduan argitaratu dut, baina bada nolabait Dinosauroak horizontean liburuarekin abiatu nuen zikloaren jarraipena. Fikziozko elementuak gehitu dizkiozu benetan gertatutakoari: abadeen kartzela batean neska bat sartzea ideia bitxia da.

Hara, gure ihes ahalegina porrota izan zen eta horri buelta eman nahi nion. Barruak ez zidan ematen porrot bat kontatzeko, literaturaren bidez garaipenera eraman nahi izan dut borroka handia izan zen hura. Erronka literarioa izan da porrot hura zeharkako garaipen bihurtuko zuen amaiera bilatzea, deigarria eta bide batez nolabaiteko alegoria bat egiten duena. Asmatutakoa gertagarria izatea nahi nuen, norbait tematuko da beharbada hori ez zela posible, neska bat ezkutuan apaizen kartzela batean sartzea. Baina bai, garai hartan bazitekeen, irakurleak segituan aurkituko du analogia bat kartzelara sartzeko moduaren eta geroago Sarrionandiak eta Pikabeak ihes egiteko erabili zutenaren artean, hau da, bafle batean ezkutatzea.

Zamorako preso guztiak gizonezkoak izanik, emakume bat sartzeak eragingo zukeen aztoramendua eta tentsioa xehetasunez deskribatu duzu pasarte batzuetan.

Bai, gainera ez dut neska gizonen artean sartu soilik, apaizen artean baizik, eta duela 50 urte, frankismo gordinean. Tunela egitea bezain zaila da neska hura ezkutuan gordetzea, hor badago tentsio ageriko bat. Elkarbizitzarako tentsio emozional bat ematen dio, alde literariotik gehigarri bat eransten dio, kontaketa hori ondo bideratu nahi izan dut eta atakatik onik irten.

Bi narratzaileetako bat da Nezu. Garai hartako borroka politiko eta sozialen irudi guztiz maskulinoaren kontrapuntua bilatu duzu gertakariak emakume baten ikuspegitik kontatuta?

Erabaki kontzientea izan da, bera protagonista nagusietako bat da, denean parte hartzen du. Objektu baten gisa baino, iruditu zitzaidan egokiagoa zela subjektu aktibo moduan erakustea, eta narratzaile ere bera bihurtzea. Egiazko gertakarietan ez zen emakumerik, baina han bizi izandako gauza askori ikuspegi ezberdina eman diot. Ez dut bilatu aldarrikapenezko diskurtso bat, baina neska han badago, partaide bada, bidezkoa da hari ere ahotsa ematea.

Tunela egiten ari zinetela bizi izandako gorabeherak xehetasun handiz kontatu dituzu. Errealitatearen eta fikzioaren muga non jarri duzu?

Kontatu dudan neurrian fikzionatuta dago, hau ez da kronika bat. Beharbada gauza batzuk ez ziren nobelan bezala gertatu, hurrenkera aldatuta dago adibidez. Baina liburuan sumatzen den tentsioa, arazoei aurre egiteko hartu beharreko erabakiak, susmoak eta halakoak era horretara gertatu ziren. Tunela egiteko urratsetatik bat bera ere ez dago asmatua, tunelgintzan % 90 hala izan zen. Han izan genuen nahikoa tentsio eta intentsitate ezer gehitzen ibili behar ez izateko.

Pelikula bateko abentura baten gisakoa da kontatzen duzuna. Baina euskal apaizak izan zineten protagonista.

Nire printzipio literarioen artean dago, nolabait, literatura nazional bat egitea, hemengoa.

Askok galdetzen didate zer esan nahi dudan horrekin. Bada, hau ez da tesizko nobela bat, nazioaz gogoeta egitekoa, baina bai hemengoa, gure kolektibo bati gertatua. Zamoran izan arren, gu hemengoak gara, herri honen historia da. Beste edozein lan literario egiterakoan ahalegintzen naiz printzipio horri segitzen. Sofokles Atenasi lotua dagoen bezala, Proust Parisi, James Joyce Dublini, Kafka Pragari eta Garcia Marquez Kolonbiari, nik ere hori bilatzen dut, hemen kokatua eta girotua, hala ateratzen zait.

Tunelaren ideiak badu mistika berezi bat.

Tunelak badauka mistika edo misterio orokor bat, jendea lurraren barrutik ibili behar izateak ez du analogiarik, ez du zerekin konparatu. Kartzelatik irten nintzenean, herrietara joaten nintzenean, hori izaten zen galdetzen zidatena, bazegoen halako espektazioa tunelaren detaileak jakiteko. Tunelaren ideiak badu xarma bat. Urte eta erdi aritu ginen gu tunelgintzan, baina hasi ginenean geuk ere ez.

Secciones