iritzia

Zientzia fikzioaz

IBAN ZALDUA - Sábado, 7 de Abril de 2018 - Actualizado a las 13:12h.

BATZUETAN egia da sare sozialetan esaten duguna: benetako pena eman zidan Ursula K. Le Guin idazlearen heriotza hurbilak (Berkeley, 1929 - Portland, 2018). Zientzia-fikzioa, une hartan, mundura eta batez ere hausnarketara irekitako leiho bat izan zen. Sinetsi nahi nuke kritikoago izaten lagundu ninduela, irekiago, gauzak zalantzan ipintzeko gaiago. Agian garai bertsuan irakurri nituen filosofiako liburu askok baino areago: 14-15 urte nituenean, hori zen nire letrazko bazka nagusia, eta baita inguruan ezagutzen nuen jende dezenterena ere.

Ni noizean behin itzultzen naiz generora. Baina irudipena daukat lehen baino gutxiago egiten dugula, oro har...

Bazegoen, jakina, aurreiritzi bat ZFaren aurka, kontsumo bizkorreko azpiliteraturarekin lotzen zuena: institutuko irakasleek horixe iradoki zidaten, zuzenean edo zeharka, nire irakurzaletasuna eremu aberatsagoetara –I. Calvino, J. Goytisolo, M. Yourcenar, J. Cortázarrengana…– bideratzen saiatu zirenean –eta baita lortu ere–. Egia da irakurtzen genuenaren ale askok nahiko maila literario eskasa izan zezaketela, irudimenaren prodigioak izan zitezkeen arren. Baina bazeuden jada beste egile batzuk, J.G. Ballard edo Le Guin bera bezala, beste duintasun batez janzten ari zirenak ZFa, literaturzale asko oraindik horretaz jabetu ez badira ere.

Bitartean, ZFak beste eremu asko kolonizatu zituen, gero eta modu eraginkorragoan, batez ere ikus-entzunezkoen alorrean. Gogoan dut zein zoragarriak eta ohiz kanpokoak iruditzen zitzaizkigun Star Warsen lehenengo filmak, eta Blade Runneren paisaia hiritar aurre- edo postapokaliptikoak. Egun hori guztia eta gehiago ohiko eta nonahiko bihurtu da gure pantailetan: filmetan, telesailetan eta bideo-jokoetan. Ez dugu ZFaren bila liburuetara jo behar jada: gure inguruan daukagu, kontsumo errazeko –errazagoko– ehunka produktutan barreiatuta.

Etorkizuna gero eta gehiago hurbildu da gugana, bestalde, eta orainaren iraungitze-data garai batean baino bizkorrago pasatzen da. Turbokapitalismoak eragindako denboraren azelerazio orokorrak kalte egin dio, ziurrenik, ZFaren tasun antizipatzaileari, literatura horren euskarri inportanteenetakoa zena. Zertarako imajinatu etorkizun urrunak, berehala harrapatuko bagaituzte edo, okerrago dena, laster geratuko badira erremediorik gabe zaharkituta? Baina, are modu paradoxikoagoan, mainstream-eko egileak hasi dira ZFarekin gero eta gehiago interesatzen, eta lotsarik gabe ekin ahal izan diote generoarekin esperimentatzeari D. Lessing, P. Auster, M.

Atwood, R. Bolaño edo K. Ishiguro gisako egile oso ezberdinek –besteak beste–. Literatura orokorraren ondare bihurtu da horrela, neurri batean behintzat, eta horrek ere agian apaldu du eremu berezi –kasik sektario– bezala zeukan estatusa. Akaso kontua da literatura garaikidea egiteko beste biderik ez dagoela, egun, ZFa erabiltzea baino. Asmo garaikideko nobelak argitaratu bezain laster bihurtzen direlako, nahi gabe ere, nobela historiko –eta nobela historiko gisa sortzen direnak, prehistoriko, esan genezake–. Ez dakit, beraz, gainbeheran dagoen genero bat den, ala, azaleko inpresioa bestelakoa izan arren, goraldi betean.

Edonola ere, eta hasierara itzuliz: gora Ursula K. Le Guin!