kritika

Ongizatearen arrakalak

Bihotz Handiegia

Titulua: ‘BIHOTZ HANDIEGIA’
Egilea: EIDER RODRIGUEZ
Argitaletxea: SUSA, 2017

Euskal literaturako azken belaunaldiek Rodriguezek jorratu ohi dituen antzeko gaiak jorratu dituzte, baina inork gutxik du haren fintasuna eta literatur jakituria

Hasier Rekondo - Lunes, 9 de Abril de 2018 - Actualizado a las 12:06h.

Eider Rodriguezek (Orereta, 1977) beti arakatu du, talentuaz gainezka gehienetan, “ustezko” ongizatearen gizarteak sortu arrakaletan. Oraingo honetan ere, sei narrazioz osatutako Bihotz handiegia (Susa, 2017) azken liburuan gure gizarteak ehundu harreman hertsietan gertatu ohi diren desoreka existentzialez, emozionalez eta materialez dihardu. Haren produkzio literarioa oso oparoa izan ez arren (bi urte behar izan baititu liburu honetarako, kasu), ttanttaka edan ohi den talentua gozagarriagoa izan ohi da. Betiere xede zehatz batekin: jasaten dugun errealitatearen pisuaz askatzea, gizarte gisa ditugun kontraesanen gainean material literario malgua ekoiztuz. Nolabaiteko klase-ertain bat du hizpide gehienetan Rodriguezek; heriotza iritsi artean bizi-tzan “zerbait” lortu duten arren, existentziaren joan-etorriei eutsi ezinik dabiltzan pertsonaiak. Gure kontraesan moralez, filosofikoez eta bizirauteko beharrak eraiki ondoezaz tentuz eta handinahirik gabe narratzeko gai dela erakusteaz gain, Rodriguezen literaturak badu gorentasun eta gardentasun literariorik, arras baztertua izan den narrazio laburren generoa neurriz jorratuz oraingo honetan. Egilearen estiloaren nondik norakoaz esan dezakegun gauzarik xaloena zera da: elipsiaren eta linealtasun ezaren erabilera neurtua etxeko marka dira. Rodriguezek berebiziko garrantzia eman ohi dio narratzailearen ikuspuntu zehatzena eta ba-tzuetan ustekabeena lantzeari. Narraziootan egileak berak asmatutako “multi-errealitatea” jorratu du, errealitatearen geruza ezberdinez eraiki errealitate literario anitza. Euskal literaturako azken belaunaldiek Eider Rodriguezek jorratu ohi dituen antzeko gaiak jorratu dituzte, baina inork gutxik du haren fintasuna eta literatur jakituria. Asko eta ondo irakurritakoa, eta editore lanetan urteak emana dela argiro nabarmentzen da. Ageriko planoa desenfokatzen duten argazkiek egin legez, besteok ikusi ezin ditugun errealitatearen geruza ikusezinez ohartarazten digu mugaz bestaldean bizi den Oreretakoak. “Iñakiren leialtasun muturreko hark zoratu egingo zuen Ixabel. Baina zer espero zitekeen okindegitik etxerako bidean ogiari muturra inoiz kendu gabeko gizon batengandik”, irakurri dezakegu liburuari izenburu ematen dion ipuineko narratzailearen ahotan.Rodriguezek badu errealitatea bere horretan emateko gardentasunik ere, gehienetan familia harremanek bilbatutako borroka isil eta gotortuen bidez eman ere. Ama eta alabaren arteko elkarrizketak arras iradokitzaileak izan ohi dira. Baina narratzailearen begia nagusituko da, beti. “-Eta Nobel sariaren itzulpena? -Ez da Nobel saria, azken urteotako hautagaietako bat baizik. -Zenbat ordainduko dizute? -Plazeragatik egiten dut, zenbat aldiz esan behar dizut? Bestea nahiko txukun ordaintzen dute. -Funtzionario sartu behar zenuke. Opor onak eta soldata hobea, Eneritz bezala. Eta etxea garbituko dizuen norbait hartu, astean behin, buhame amets horiek baztertu, ikusten duzue ez direla bideragarriak”. Liburu honekin, gure idazle kanonikoen arrakalen artean kokatu du bere talentua Eider Rodriguezek.

Secciones