BID Company erakundeaarekin

Bilbaodendak-ek hiriko merkatariza bultzatzeko hitzarmena sinatu du Liverpoolekin

BilbaoDendak plataformak eta Liverpool BID Company erakundeak ezagutza eta esperientziak partekatu eta bi hirietako bizilagunen eta bisitarien erosketa esperientzia hobetzeko lankidetza hitzarmena sinatu dute.

EUROPA PRESS - Lunes, 16 de Abril de 2018 - Actualizado a las 11:45h.

BILBO. Aitor Elizegi BilbaoDendak-eko presidenteak eta Bill Addy hiri ingeleseko elkarteko zuzendariak Liverpoolen izenpetu dute akordioa, merkataritzak bi hirietan duen antzeko pisua bezalako parekotasunetan oinarr ituta.

Bi erakundeek antzeko helburuak dituzte, besteak beste, hiriko merkataritza, aisialdia eta turismoa sustatzea, eta, horren harira, lankidetza hitzarmenean bat egitea erabaki dute, bi erakundeen arteko harreman iraunkorrak finkatzeko eta hiri iraukortasuna sustatu, ingurumena dinamizatu eta bizilagunen eta turisten arteko bizikidetza erraztea ahalbidetuko duen baterako esparrua sortzeko asmoz.

Elizegiren esanetan, akordioak "aukera ezin hobea eskaintzen digu, ekintzailetza, merkataritza eta ekintzailetzaren laguntzaz, beren burua berrasmatu baina betiko portu izaeraren DNAri eutsi eta itsasoak lotuta dauden bi hiri hauek senidetzeko".

Bestalde, Addyk azpimarratu duenez, "ikastea eta partekatzea da funtsezkoaena, izan ere, Liverpoolek ez ditu arazo globalentzako erantzun guztiak, eta horren harira, funtsezkoa deritzogu gurearen antzeko hiri batekin lankidetza hitzarmena izateari. Hortaz, pozez gainezka gaude hitzarmena garatu eta ekimenak partekatzeko zain".

Bill Addy buru duen Liverpool BID Company irabazi asmorik gabeko elkarte independentea da, eta 1.500 bazkide ditu. BID siglek Business Improvement Districts esan nahi dute (Negozioen Hobekuntzarako Barrutiak). Honelako elkarteek hiri esparruak suspertzearen alde lan egiten dute hainbat herrialdetan, eta bereziki Erresuma Batuan.

Liverpoolen kasuan, negozioak sustatzeko bi ildotan dihardu: Retail &Leisure BID (Txikizkako Salmenta eta Aisialdiko BID) eta Comercial District BID (Merkataritza arrutien BID). Ingurunea eta segurtasuna hobetzea, BID eremuak animatu eta sustatzea, konektibitatea hobetzea eta Liverpooleko enpresen babesa indartzea dira elkartearen helburuak. Bazkide dituen erakundeen %40k zerbitzu profesionalak eskaintzen ditu, eta gainerako %60 aisialdia xede duten saltokiek eta negozioek osatzen dute, erdibana.

LAN ILDOAK

BilbaoDendak-ek eta Liverpool BID Company-k ekimenak eta esperientziak partekatuko dituzte beren proiektuak hobetzeko eta bazkidetutako enpresei eskaintzen dieten zerbitzuaren kalitatea areagotzeko. Hitzarmenean zehaztutako zenbait lan ildori jarriki, bi erakundeek ekintzailetza bultzatzeko informazioa eta ezagutza partekatu behar dute, baita merkataritza sareari zuzendutako prestakuntza programak ere, merkataritza esparruak dinamizatzeari buruzko lan foroa eratuz eta merkataritza mixen arteko oreka aztertzeko foroa sortuz.

"BilbaoDendak-ek lankidetza, ezagutza eta ekintzailetzarako esparruak ireki nahi ditu etorkizuneko eta bikaintasunezko merkataritzaren mesedeko soluzioak arakatu nahian dabiltzan hirietako merkataritza elkarteekin, betiere hurbiltasunean, enpresa txikian eta orekatutako merkataritza eremuen parte hartzean oinarrituta", azaldu du Elizegik.

Hitzarmenean bildutako konpromisoen arabera, hiriko merkataritza esparruen kudeaketari buruzko jardunaldi eta programetan parte hartuko dute, Bilboko eta Liverpooleko merkataritza guneen lehiakortasuna eta erakargarritasuna hobetzen lagunduz eta BIDak ezagutzera emanez eta Europako beste hiri batzuetara hedatuz.

Akordioa Liverpoolen sinatu ondoren, bertako ordezkaritza batek Bilbo bisitatuko du datorren udazkenean, BilbaoDendak-ek Merkataritza Sariak banatzeko Urteko Galarekin batera antolatu ohi dituen Merkataritzaren Asteko jardunaldi profesionaletan parte hartzeko. Horrez gain, bidaia horrek bi hirien arteko eta bateko zein besteko merkataritza eta turismo sektoreen arteko harremanak indartzen lagunduko du.

Liverpool BID Company-ren ordezkariak adierazi duenez, "Bilbo oso estimu handian dugun hiri moderno eta berritzailea da, izan ere, denok ezagutzen dugu Guggenheim ikur hartuta garatu duen eraldaketa-prozesua eta gure birsorkuntza-prozesuaren antzeko esperientzia dela deritzogu". Addyk bi hirien arteko beste lotura batzuk ere aipatu ditu: "Gurea bezala, Bilbo hiri futbolzalea da, eta Howard Kendall ere partekatu dugu, nire gogoko Everton taldeko managerra izan baitzen".