literatura

Euskarazko letrekiko pasioa hedatuz

‘Irakurri, gozatu eta oparitu’ kanpaina iragartzeko aurtengo irudia. E. T.

Martxan da Euskaltzaleen Topaguneak antolatzen duenIrakurri, gozatu eta oparitu egitasmoaren 12. edizioa.Maiatzaren 31ra bitartean gauzatuko da 45 herritan,euskarazko irakurzaletasuna sustatzeko helburuarekin

JULENE LARRAÑAGA - Martes, 17 de Abril de 2018 - Actualizado a las 12:01h.

EUSKALDUNEN laurdenak ere ez du ohiturarik euskaraz irakurtzeko. Hala dio Elkar Fundazioak oraintsu egin duen ikerketa batek. Datu esanguratsu bezain kezkagarria, inondik inora. Baina euskaraz ez irakurtzeko ohitura hori ez omen da irakurzaletasun faltagatik. Izan ere, datuek adierazten dute Euskal Herriko erdal zein euskal hiztunen ia %70ek badutela irakurtzeko ohitura. Irakurzaletasuna badago, beraz, baina euskarazko liburuetan datuek behera egiten dute nabarmen.

Egoera ikusita, premiazkotzat jotzen da euskarazko irakurzaletasuna bultzatzeko egiten den egitasmo oro. Helburu honekin Euskal Herrian egiten den ekimen beteranoenetako bat dugu Irakurri, gozatu eta oparitu, Euskaltzaleen Topagunearen eskutik egiten den kanpaina. Egitasmoa tokian tokiko euskaltzaleen elkarteen, Udalen, Mankomunitateen, liburutegien eta liburu-denden arteko elkarlanari esker burutzen da, eta herrietako eragileen arteko harremanetarako tresna izan nahi du.

Halaber, Nafarroako Foru Gobernua, Eusko Jaurlaritzaren Kultura Saila eta Bizkaiko Foru Aldundia babesleak dira dagoeneko martxan den 12. edizioan. Maiatzaren 31ra arte iraungo du aurtengo edizioak eta 23 liburutegietan egingo da.

Irakurzaletasuna bultzatzea du helburu Irakurri, gozatu eta oparitu egitasmoak eta herritarrak euskarazko liburuak irakurtzera animatu nahi ditu, irakurtzearen alde atsegina azpimarratuz eta liburutegi publikoen zerbitzuen erabilera sustatuz. Horretarako, besteak beste, parte hartzea saritzen da, liburuak erosteko abantaila ekonomikoak emanaz eta liburua opari bihurtuz.

HIRU URRATS Kanpainaren izenak dioen bezala, hiru pauso eman behar dira egitasmoan parte hartzeko. Lehenbizi euskarazko liburu bat irakurri beharko da. Horretarako, herriko liburutegi publikora joan, eta euskarazko edozein liburu maileguan eskatu beharko da. Liburua irakurri, liburutegira itzuli eta fitxa bat bete beharko da, irakurritako liburua zein izan den eta berari buruzko iritzia zein den zehaztuz. Fitxa horren truke, liburuzainak %35eko deskontuaren erosketa txekea emango du, liburu-dendan euskarazko liburu bat erosteko.

Azken pausoa, liburu hori oparitzea izango da: lagun bati, senide bati, edo, zergatik ez, norbere buruari. Liburutegian jasotako erosketatxekeak euskarazko beste edozein liburu % 35 merkeago erosteko aukera emango digu.

Horrez gain, apirila eta maiatza bukaeran, liburutegi bakoitzean 30€- ko balioa duen txeke baten zozketa egingo da, hile horretan irakurle fitxa bete dutenen artean. Txeke berezi horrek, besteek bezala, euskarazko liburuak erosteko aukera emango du. Erosketa-txekeak liburu dendan erabiltzeko epea ekainaren 15era artekoa izango da.

45 HERRITAN Aurten 45 herritan izango da martxan Irakurri, gozatu eta oparitu ekimena. Nabarmentzekoa da aurreko lau urteetako herri gehienetan eskainiko dela, egitasmoaren balorazio onaren adierazle.

Ondorengoak dira parte hartuko duten herriak: Agurain, Asparrena, Dulantzi, Barrundia, Zigoitia, Legutio eta Gasteiz Araban;Balmaseda, Ondarroa, Ermua, Atxondo, Mañaria, Zamudio, Igorre, Sopela, Getxo eta Lezama Bizkaian. Soraluze, Ordizia, Orio, Legazpi, Lazkao, Zaldibia, Beasain eta Hernani Gipuzkoan;eta Ultzalmaldea, Lizarra, Burlata, Sakana, Berriozar,Berriobeiti, Antsoain, Atarrabia, Uharte, Aranguren, Zizur Nagusia, Malerreka, Iruñea, Leitzaldea, Barañain eta Esteribar Nafarroan.

Euskaltzaleen Topagunetik agertu dutenez, aurreko edizioetan frogatu da kanpainak eragin positiboa izaten duela herritarrek herriko liburutegian egiten duten euskarazko liburuen mailegu kopuruan. Izan ere, egitasmoaren helburuetariko bat horixe da: euskaldunak liburutegi publikoen erabiltzaile bihurtzea. Era berean, ekimenak liburuen salmentan izaten duen eragina kontuan hartzekoa dela azpimarratu dute. Azkenik, Irakurri, gozatu eta oparitu ekimenaren bueltan bestelako literatur jarduerak ere antolatuko dira datozen hilabeteetan, hala nola solasaldiak idazleekin, liburu azokak, irakurketa musikatuak eta abar.

Secciones