OLATZ SALVADOR MUSIKARIA ETA ABESLARIA

“Kutsu melankolikoa eta guztiari buelta emateko energia daude diskoan”

Skakeitan taldean hasi zuen bere musikari ibilbidea Olatz Salvadorrek eta duela lau urte inguru hasi zen bakarlari gisa. ESTI VEINTEMILLAS

Lehen lerrora salto egin eta ‘Zintzilik’ lana erditu du musikaridonostiarrak. Airaka diskoetxe sortu berriaren eskutik kaleratu dubere bakarkako lehen diskoa Skakeitan taldeko kide ere badenak

JONEBATI ZABALA - Martes, 17 de Abril de 2018 - Actualizado a las 12:04h.

LAU urte igaro dira Olatz Salvador (Donostia, 1990) bere bakarkako lehen laneko kantak josten hasi zenetik. Planifikatu gabe, proiektuak forma hartu eta lehen lerrora egin du salto Zintzilik diskoarekin. Airaka diskoetxearekin batera estreinatu da, “euskal musikari aire berri bat emateko” apustua egin duen zigilu sortu berriarekin. Bandarekin eta sintetizadoreekin ondu ditu laneko kantak, betiere bere esentzia galdu gabe. Olatz Salvador eta gitarra topatuko ditu entzuleak Zintzilik-en.

Disko hau ateratzea, erditzea bezalakoa izan dela esan duzu. Amesten hasi, baina diskoa esku artean bukatu duzu. Zelakoa izan da sortze prozesua?

Nahiko luzea, abestiak 2014tik duela gutxira arte joan bainaiz egiten. Kanta horiek hartu eta beste esparru batera eramaten saiatu gara.Horretarako, hiru musikarirekin egon naiz lanean, Julen Idigorasekin, Borja Antonekin eta Jagoba Salvadorrekin. Saiatu gara, aurreiritzirik gabe, abestiek iradokitzen ziguten lekura eramaten. Prozesu guztian zehar, azken erabakiak nire gain egon dira eta murgilduta egon naiz honetan. Orain, diskoa atera dudanean, bai sentitzen dudala hutsune moduko bat, hortik doa, beraz, erditzearena. Lan hori aurkeztu eta lan hori jada independentea da, edo behintzat betirako geldituko dena, eta beste alde batetik ni nago. Horregatik bi zatitan banatzearen kontzeptu hori.

Kantuak bazenituen, jendaurrean ere jotzen zenuen noizbehinka. Baina zelan hartu zenuen diskoa grabatzeko erabakia?

Hau ez zen hasi proiektu izan nahian, baizik eta lagun artean abesti batzuk aurkezteko asmoz, eta pixkanaka joan zen bola hazi eta hazi. Hasi zitzaizkidan deitzen leku ezberdinetan jotzeko eta ikusi nuen bazegoela jende bat abesti hauekin disfrutatzen zuena. Diskoarena gehiago izan da barrura begirako zerbait, kanpora begirakoa baino.

Banda baten laguntzaz grabatu duzu, baina zure esentzia mantenduz, betiere, hau da, Olatz eta gitarra.

Gaur egun, teknologiek soinu ezberdin piloa probatzea ahalbidetzen dizute, eta nire beldurra zen behin gauzak sartzen hasiz gero, ez jakitea noiz gelditu. Nire asmoa izan da, abestiek oso ukitu ezberdina izan arren, esentzia hori mantentzea, gitarra eta ahots batekin funtzionatzen jarraitzeko.

Skakeitan taldeko kidea zara eta orain zu bakarrik abiatu zara Olatz Salvador bakarkako proiektuan. Batak eta besteak ez dute zerikusirik musika estiloan.

Musikalki ez du zerikusi handirik, baina iruditzen zait talde horretan egon izana esperientzia eta ikaskuntza prozesuko estantzia bat izan dela, eta horrek piloa lagundu didala bakarrik hasteko pauso hau ematen.Bakarka proiektu paralelo bat hastera ausartzeko konfiantza eta segurtasuna. Kontzeptualki, esango nuke badaukala Skakeitan-eko Orekariak diskoarekin zerikusia, gero abestiak guztiz ezberdinak izan arren.

‘Zintzilik’ jarri diozu izena lanari, lehen singleak ere izen bera du. Zeren inguruan abesten du Olatz Salvadorrek?

Zaila da gaiak zerrendatzea, azken finean, abesti asko irekiak dira, bakoitzak eduki ditzakeen sentsazioen arabera. Gertatu izan zait, adibidez, nik abesti bat egitea gauza zehatz batean pentsatuz, eta gero jendeak idaztea esanez abesti horrekin identifikatuta sentitu direla euren esperientzia partikular batengatik, agian nirearekin zerikusirik ez duena. Hori da disko honetan egiten saiatu naizena, letra nahiko irekiak, bakoitzak bere esparru edo esperientzietara eramateko.

‘Korapilatzen’, ‘Lokarriak’, ‘Zintzilik’… Abestien izenetan lotura bat antzematen da.

Badaukate hari bat, bai. Disko guztian zehar presente dago zintzilik kontzeptua, forma ezberdinetan, eta hor ikusi nuen abestiak borobiltzen zituen elementu komuna. Kantak printzipioz ez ditut sortu bata bestearekin lotuta, baina behin hasita borobiltzen edo lanari zentzua ematen, orduan ikusi dut agian ni konturatu gabe badaukatela lotura eta denbora guztian hari baten inguruan dabiltzala dantzan.

Zure abestiek kutsu melankolikoa duten arren, ikasgaia edo alde positiboa dute beti.

Uste dut abestiak oso nireak direla, eta ni banaiz pixka bat melankoliara jotzekoa.Pentsatzen dut badagoela bi gauza horien arteko oreka, kutsu melankolikoa eta guztiari buelta emateko energia.

“Oinak lurrean edukitzearen kontrakoa” aldarrikatu duzu lan honetan, amestea, airean egotea…

Hala da, bai. Gainera, gauza kurioso bat gertatu zait honen inguruan. Orain dela sei hilabete auto istripu bat eduki nuen eta ordutik denbora dezente daramat lesionatuta, oinak ez dit uzten orekatuta egoten. Iruditzen zait oso sinbolikoa, izan ere, kontzeptualki esaten ari nintzena gertatu zait literalki. Eta oraindik jarraitzen dut oinak lurrean ezin jarrita, orekatu ezinik eta zintzilik.

Oholtzara igotzea ausardia ariketa izan zen zuretzat. Orain lehen lerroan jarri zara.

Hasieratik izan da. Skakeitanen hasi nintzenean, gogoratzen dut lehenengo kontzertuan ia publikoari ere ezin niola begiratu, urduritasunagatik, eta pixkanaka joan naiz soltura gehiago hartzen, nigan segurtasuna irabazten, ahalduntze ariketa konstantea izan da. Bakarka hasi nintzenean, ia zerotik hastea izan zen. Ni modu protagonista batean agertzea kostatzen zait oraindik, baina ahalduntze prozesua izan da, azkenean oso gauza intimoak ari zara aurkezten jendeari, zure barru-barrutik ateratzen zaizuna. Neurri batean, biluztea bezala da. Klik hori egitea, konplexu guztiak ateratzen hastea da.

Kolaborazioak ere izan dituzu ‘Zintzilik’-en.

Bai. Glaukomako Juantxo Arakama, Izaki Gardenakeko Jon Basaguren, Erauleko Maria Bustos txeloan, Ane Labakaren letrak Betileekin kantan, eta Iñaki eta Eduardo Salvador. Abestiak entzuten zoazen neurrian, bazoaz buruan imajinatzen ere, eta egia esan, oso konexio polita sortu da, bai Jon eta bai Juantxo oso prest eta gogotsu aritu dira.

‘Kulunka’ abestia nabarmendu duzu, “altxorra” dela esan duzu. Hurbilekoak dituzun musikari birekin batera grabatu duzu, Eduardo eta Iñaki Salvadorrekin, hain zuzen.

Maila pertsonalean ezagutu izan ditudan musikariak dira eta kuriosoa izan da eurek alderdi horretan jartzea nire proiektu baterako. Azkenean, ni naiz ibilbide laburrena duena eta eurek jarri dira prestasun osoarekin eta mimo handiz niretzako zerbait egitera. Polita eta hunkigarria egin zait, egia esan.

Behin erdituta, ze sentsaziorekin geratu zara?

Egia esan, oso pozik, eta, neurri batean, harrituta, iruditzen baitzitzaidan ez zela oso disko komertziala edo hain erraz funtzionatuko zuena publiko masibo batean. Baina jende asko ari zait idazten, ia egunero, zoriontzeko;ezagutzen ez dudan jendea, animoak ematen eta euren esperientziak kontatzen. Iruditzen zait jendeari iritsi zaiola eta harrituta, pozik eta eskertuta nago, ez bainuen espero.

Airaka argitaletxearekin atera duzu lana. Zigilu berriaren lehena izan da ‘Zintzilik’.

Elkarrekin hasi gara, bai. Berez, Mauka Musikagintza zigilukoak dira bertako langileak, baina erabaki dute apustu bat egitea beste mota bateko musika batzuei ere bidea egiteko. Gure eszenan aniztasun falta nabaritu dute eta horri birikak emateko helburua du Airakak. Beste zirkuitu bat egin, rock edo ska formatu zurrunekoak ez diren kontzertu batzuekin edo gaur egun hainbeste jende mugitzen ez dutenak, horiek ere euren lekua izan dezaten.

Zuk ere ikusten duzu beste estilo batzuentzako lekuaren beharra musika eszenan?

Estiloez aparte, ikuslegoarengan talde berriei aukerak emateko beharra ere ikusten dut.Azken finean, Berri Txarrak batek 10.000 pertsonatik gora biltzen dituen garai berean, edozein gaztetxetan agian zortzi pertsona aurkituko dituzu, eta hori oso esanguratsua da. Jendea kexatzea sarrera batengatik zortzi euro ordaindu behar direlako, hori oso kezkagarria egiten zait, adibidez.

Orain dela gutxi atera diren euskal kulturaren datuek nahiko panorama beltza islatzen dute.

Jendea ez dago prest gauza berriak ezagutzeko?

Denetik dago. Jende melomano piloa ezagutu dut eta horiek dira esperantza ematen didatenak, baina, orokorrean, kosta egiten zaigu betiko lau taldeen eremutik ateratzea. Gauza berriak entzutea, edota disko oso bat entzutea, gaur egun oso jende arraroak egiten dugun zerbait da. Zapping musikal modukoa dago egun, abesti bati lehenengo 30 segundoetan ematen diozu aukera, bestela aldatu egiten duzu. Merkatu horretan sartzea oso arriskutsua da, ez baitzaio aukera errealik ematen zure zirkuitutik kanpo dagoen jendeari.

Baduzu asmorik zuzenekoak eskaintzeko?

Badaukat diskoa aurkezteko asmoa bandarekin batera, baina ez dugu nahi sartu astebururo kontzertuak ematearen inertzian. Zuk lehen profesional deitu arren, badaukagu gure zortzi orduko lana eta horrekin batera bi proiektu musikal mantentzea oso zaila da. Beste erritmo batean joango gara, kontzertu gutxi eta bereziak eskainiko ditugu. Laster iragarriko ditugu lehenengo datak.

Secciones