ZINEMA

Hamabi ertzetako unibertsoa

‘Gure oroitzapenak’ film kolektiboaren hainbat fotograma. ADABAKI EKOIZTETXEA

Joseba Sarrionandiaren unibertsoa‘Gure oroitzapenak’ film kolektiboarenbidez egongo da ikusgai, udazkenetikaurrera. Euskal Herriko eta atzerrikohamabi zinemagileren pieza banakosatuko dute proiektua

AINHOA LORES - Jueves, 10 de Mayo de 2018 - Actualizado a las 11:22h.

JOSEBA Sarrionandia luzaroan irudirik gabeko poeta izan dela diote. Euskaldun askoren begietan eta irudimenean zuri beltzeko argazki bat, bakarra. Bere faltaren eta bere unibertso literarioaren presentzia oparoaren arteko paradoxa bat da Sarri.

Asko dira azken 30 urte hauetan Iurretako idazleak irakurleei utzi dizkien harribitxi literarioak, asko izan dira ere bere testuak beste kultur diziplinetara egokitu dituzten sortzaileak;besteak beste, bere obratik abiatuta, 130 kantutik gora entzun daitezke: Gose taldeak eta Sarrionandiak berak sortutako Gosariak proiektua da horren adibide. Iazko azaroan, berriz, Peru Magdalenak eta Pello Salaberriak Joseba Sarrionandia. Han eta hemen dokumentala aurkeztu zuten, idazlearen beraren ahotsaz lagundutako kontakizun literario eta pertsonal bat.

SARRI, IRUDITAN Orain beste pausu bat eman nahi izan dute eta bere obran oinarritutako Gure Oroitzapenak izeneko film kolektiboa ontzen ari da Adabaki ekoiztetxea. Diotenez, “Sarri iruditan agertzea” du helburu pelikulak. “Poeta ez da ezer, bere obra ez bada, eta horregatik, Sarri iruditan jartzeko gure modua bere poemak edo ipuinak zinemara ekartzea izango da”, aurreratu du ekoiztetxetik. Proiektua Euskal Herriko eta beste hainbat herrialdetako hamabi zinemagileren pieza banak osatzen dute. “Denek dute nolabaiteko harreman pertsonala eta afektuzkoa idazlearekin, dela literarioa, dela miresmena…”, dio Lutxo Egia Adabakiko kideak. “Azkenean, hurbiltasun bat ageri da eta hurbiltasun hori handitzen joan da, proiektuan murgildu ahala”.

Oskar Alegria, Özcan Alper, Asier Altuna, Mireia Gabilondo, Eugène Green, Itziar Leemans, Josu Martinez, Fermin Muguruza, Ane Muñoz, Maider Oleaga, Carlos Quintela eta Maialen Sarasua dira filmean lan egiten ari diren zuzendariak. Hala ere, Adabakiko arduradunen esanetan, “nortzuk diren baino gehiago, Sarriren mundu literarioari nola heltzen ari zaizkion baloratu beharra dago, zer nolako gogoa eta inplikazioa erakusten dabiltzan proiektu honetan”.

Aipatutako poema eta ipuin horien interpretazioa askotarikoa izango dela aurreratu dute ekoiztetxetik. Hala, egile guztiek idazlearen mundua islatuko dute: itsasoa, haurtzaroa, deserrotzea, gerra, maitasuna, noraeza, mina, fantasia, misterioa, iniziazioa, tortura... . Aniztasun handia izango da gaiei dagokienez eta estilistikoki ere aldeak egongo dira. Aldeak alde, Sarriren mundua osatuko zaigula nabarmendu du Egiak.

“Hamabi pieza ikusi beharrean, pelikula oso bat ikusiko dugu, filmak unitate moduan funtzionatuko du”. Urteak joan urteak etorri, idazleak eraiki duen unibertso aberatsa transmititu nahi dute, fikzioaren bidez. “Gure ustez, oso zinematografikoa da. Filma ikustean, jendeak unibertsoa ezagutu eta identifikatu beharko luke”, gehitu du Egiak.

Sarrionandiaren iruditeri literarioan oinarritutako lehen film luzea da Gure oroitzapenak. Ideia Kubatik datorrela azaldu du Egiak. “Sarriren laguna den Matxitxak eman zion forma”. Kultura eta, bereziki, musika arloan ezaguna da Matxitxa, luzaroan hainbat musikariren eta talderen managerra izan delako. “Hark ekarri zuen ideia Euskal Herrira, zinegile batzuekin bildu eta proposamena egin zien”. Adabaki ekoiztetxekoek hartu zuten, orduan, filma aurrera ateratzeko ardura.

Pelikula work in progress fasean dago. “Filmatzeko pixka bat falta zaigu, baina muntaia egiten ere ari gara dagoeneko eta laster post-produkzioan sartuko gara. Prozesua ondo doa, hainbat grabaketa izaten dira toki eta baldintza ezberdinetan, baina oso pozik gaude”, kontatu du Egiak, talde osoaren izenean.

Proiektu ezohikoa ontzen ari da lantaldea, izan ere, egitasmo konplexua da honakoa, aurrekontu txikikoa, gainera. Halere, “idazlearen obra fikzio batean biltzeko gogoa nagusitu da eta, hartara, proiektua bideragarri bilakatu da. Badaude, noski, beste elementu batzuk: hamabi errodaje, hamabi talde, idatzitako adierazpen poetikoa pantailara eramatea...”, aitortu du Adabakiko kideak.

ASKATASUN OSOZ Lutxo Egiak jakinarazi duenez, Sarrionandiak proiektuaren berri izan du hasieratik eta baita pozik hartu ere, baina alde batera gelditzea erabaki du. “Guk geuk, ekoizle gisa, eta zuzendariek askatasun osoa izan dugu une oro”. Askatasun horren baitan, gainera, zuzendariak nahi izan duten moduan hurbildu dira Iurretako idazlearen obrara. “Batzuek poema bana aukeratu dute;baten batek bat baino gehiago;beste batzuek ipuinak edo nobela baten zati bat hautatu dute, eta poema edo ipuinetan ez bazegoen toki zehatz hori, asmatu egin dute”.

Euskal Herrian barna ez ezik, Frantzian, Kuban edo Kurdistanen barna bidaiatuko du pelikulak. Gainera, bertako zein atzerriko zinemagileen lanak izanda, pelikulan euskara izango da nagusi, egile gehienak euskaldunak direlako, baina beste hizkuntza batzuk ere izango dira, hala nola gaztelera, kurduera, frantsesa eta portugesa.

Secciones