TOPAKETA PROFESIONAL

Bilbao-Bizkaiak workshop bat antolatu du Vienan turismoa sustatzeko

Bilbo-Viena konexio berriari esker turista gehiago iritsiko direla aurreikusi da

Bilboko Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak topaketa profesionala egingo dute Vienan turismoa sustatzeko. Ekintzan Austriako bederatzi enpresa, Voloyea airelinea, prentsa espezializatuaeta eta 45 eragile turistiko bilduko dira.

Miércoles, 16 de Mayo de 2018 - Actualizado a las 11:01h.

BILBO. Bilbo eta Bizkaia turismorako leku gisa sustatu nahi da Austrian, eta hori lortzeko, lan-topaketa bat antolatuko da Vienan, Europa erdialdeko turismo-eragileak gure hiriko eta lurraldeko sektoreko profesionalekin bil daitezen. Bilboko Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiko Kanpo Sustapenerako eta Turismorako Zuzendaritza Nagusiak antolatu dute ekitaldia, eta, gainera, Austriako hiriburuko Espainiako Turismo Bulegoaren eta Volotea airelinearen laguntza izan dute. Duela gutxi hasi da Bilbo-Viena aire-konexioa, eta Austriako merkatutik datozen bisitariak erakartzeko ateak irekiko dizkigu.

Guztira, Bilbo eta Bizkaiko bederatzi enpresaren ordezkariak egongo dira workshop horretan, hiriko zein landako ostatuak, turismo-agentzia hartzaileak eta turismo aktiboko nahiz gastronomikoko enpresak barne. Austriako sektoreari dagokienez, 45 turismo-eragile eta touroperadore bilduko dira, prentsa espezializatu eta jeneralistaz gain. Bilbao-Bizkaia aurkeztuko da, baina hori osatzeko, euskal gastronomiaren dastatze bat eskainiko da.

Aire-konexio zuzena duten merkatuetan hiria eta lurraldea sustatzea da Bilbao Bizkaia Action Group taldearen estrategia nagusietako bat. Bilboko Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak bultzatu duten aholkularitza-organo horretan bildu dira turismoarekin zerikusia duten eragile publiko eta pribatu guztiak. Bilbo-Viena konexioaren kasuan, apustu estrategiko bat egin dute Volotea konpainiak eta euskal erakunde publikoek hiria eta lurraldea Europako hiriburu nagusiekin konektatzeko. Aire-konpainiak, halaber, operazio-base iraunkor bat ireki du Bilboko aireportuan.

Austria turismo-merkatu oso interesgarria da Bilborentzat eta Bizkaiarentzat. Erosteko ahalmen handia duen turismoa da, eta paisaia zein kultura dituzte gogokoen, bai eta gastronomia eta turismo aktiboa ere. Gero eta bisitari gehiago hurbiltzen dira herrialde horretatik, eta kopurua nabarmen handitu da azken bost urteetan. Martxoaren 29an abiarazi zuten aire-konexio berria eta azaroaren 4ra arte egongo da erabilgarri. Hori horrela, Austriatik eta mugakide diren herrialdeetatik datorren turismoaren bilakaera positiboa ikustea espero da.