Udal Etxebizitzak elkartearen mendeurrena

Etxebizitzaren eta lurzoruaren sustatzaile publikoen elkartearen batzar nagusia Bilbon ospatuko da

Bihar “Etxebizitza sozialen kudeatzaile publikoen ekimena” izenburua duen jardunaldi teknikoa egingo da Bilboko La Bolsa egoitzan joera eta esperientzia berritzaileei buruz hitz mintzatzeko. Ekimena jendearentzat zabalik izango da

Miércoles, 16 de Mayo de 2018 - Actualizado a las 12:59h.

Aurten, Udal Etxebizitzak elkartearen mendeurrena dela eta, gaur eta bihar, Etxebizitzaren eta Lurzoruaren Sustatzaile Publikoen Espainiar Elkarteak (AVS) urtero egiten duen Batzar Nagusia egingo du Bilbon.

Burutuko diren jardunaldien artean, gaur, hilak 16, asteazkena, 20:00etatik aurrera, “Etxebizitza sozialaren kudeaketako, zaharberrikuntzako eta zerbitzu publikoetako jarduketa onenei ematen zaizkien AVS sarien” seigarren edizioko sariak banatuko dira Arriaga Antzokian. Oraingoan, Bilboko Udal Etxebizitzak erakundeak etxebizitza sozialaren kudeaketa eta administrazioan jarduera onak aitortzen dituen saria jasotzeko aukera izango du.

Etxebizitza sozialaren kudeaketako, zaharberrikuntzako eta zerbitzu publikoetako jarduketa onenei ematen zaizkien AVS sariak urtero banatzen dira eta lau kategoriatan daude sailkatuta: Eraikuntza Berriko Eraikin Onenaren Saria, Etxebizitzen Parke Sozialaren Administrazio eta Kudeaketako Jarduketa Onenaren Saria, Hiria Zaharberritzeko eta Biziberritzeko Jarduketa Onenaren Saria eta Zerbitzu Publikoen Kudeaketa Instrumental Onenaren Saria. Edizio honetara, Estatuko 22 hautagaitza aurkeztu dira.

Gaur goizean, Bilboko Udaleko Etxebizitza Saileko zinegotzi ordezkari eta Bilboko Udal Etxebizitzak elkarteko presidente Goyo Zurrok eta AVS elkarteko presidente Jerónimo Escalerak eman diote hasiera AVSren Batzar Nagusiari, eta sari banaketa honek emango dio amaiera jardunaldi honi.

Goyo Zurrok adierazi du "Bilboko Udalarentzat ohore handia dela harrera ematea halako jardunaldi bati;izan ere, gure gizarteko pertsona zaurgarrienek etxebizitza duin bat, ongizate maila egokia bermatzen duten baldintzak betetzen dituena, izan dezaten laguntzeko etxebizitza eta lurzoru publikoaren kudeaketan aditu eta erakunde nagusienak biltzen dituen jardunaldi garrantzitsua da hau”, eta adierazi du “Bilboko Udal Etxebizitzak elkartea oso inplikatua dagoela etxebizitza sozialaren kudeaketan jardunbide onak optimizatzeko eta horretan sakontzeko helburua duen jardunaldi honetan burutzen den ezagupen eta esperientzi trukaketan”.

AVSREN BATZAR NAGUSIA

Etxebizitzaren eta Lurzoruaren Sustatzaile Publikoen Elkartearen (AVS) bilera honetan, bisitaldi gidatu bat ere egingo da, izaera teknikokoa, Bilbok, Itsasadarrak eta Zorrotzaurren izandako eraldakuntza ikusteko;bestalde, AVSko Adituen Kontseilua aurkeztuko da, etxebizitza eta lurzoruen kudeaketan eta arlo honetako jardunbide onetan ezagutza maila handiko profesionalek osatutakoa.

Gainera, eta sari-banaketa ekitaldia hasi aurretik, Bilboko alkateorde Alfonso Gilek harrera egingo die asanbladara bertaratutako ordezkaritzei hiriburuko Udaletxeko Arabiar Aretoan.

JARDUNALDI TEKNIKOA

AVSk programatutako ekitaldiak beste egun batez luzatuko dira Bilbon: bihar, maiatzak 17, osteguna, “Etxebizitza sozialen kudeatzaile publikoen ekimena” izenburua duen jardunaldi teknikoa egingo da eta jendearentzat zabalik egongo da. Topaketa hau Bilboko La Bolsa egoitzan izango da. Eta honi hasiera emateko, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako Saileko Etxebizitza sailburuorde Iñaki Arriola eta Bilboko Udaleko alkateorde eta Mugikortasuneko, Ingurumeneko, Etxebizitzako eta Garapen Osasungarriko Politiken koordinatzaile Alfonso Gil izango dira bertan.

Housing Europe-ko Innovation and Project Manager-en arduradun Sebastien Garnierrek etxebizitza eta lurzoru arloan europar joerak, berrikuntza eta finantzaketa gaiak landuko ditu.

Ondoren, Sustapen Ministerioko Arkitektura, Etxebizitza eta Lurzoruko zuzendari nagusiak Estatuko 2018-2021 Etxebizitza Plana aurkeztuko du, eta, horren ostean, mahai-ingurua zabalduko da “Etxebizitzen kudeatzaile publikoaren errealitateei” buruz. Bertan, hainbat adituk hartuko dute parte: Catalina Madueño, Andaluziako Juntako Etxebizitza arloko idazkari nagusia;Jaume Font, Agència de l’Habitatge de Catalunya-ko zuzendari nagusia;José Mª García, Madrilgo Komunitateko Etxebizitza eta Birgaitzeko zuzendari nagusia;Helena Beunza, Valentziako Generalitateko Azpiegituren Erakundeko zuzendari nagusia;Fermín Bravo, Asturietako Printzerriko Etxebizitza arloko zuzendari nagusia eta Pedro Jáuregui, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Saileko sailburuordea.

Jardunaldi tekniko honi amaiera emango dio AVSko Lan Taldeen Jarduketa Plana 2018ren aurkezpenak eta saioaren laburpen eta ondorioek. Azken lan hori Bilboko Udaleko Etxebizitza Saileko zinegotzi ordezkari eta Bilboko Udal Etxebizitzak elkarteko presidente Goyo Zurrok beteko du.