maiatzaren 19 eta 20an

'Opus' zirku emanaldi bikaina, asteburu honetan Arriaga Antzokian

Ikuskizunerako sarrerak salgai daude, 11,50 eta 38 euro bitartean www.teatroarriaga.eus helbidean, 946 850 850 telefonoaren bitartez edo antzokiko txarteldegietan, aurretiazko salmenta ordutegian.

Miércoles, 16 de Mayo de 2018 - Actualizado a las 11:43h.

BILBO. Asteburuan zirku garaikideena helduko da Australiatik Arriaga Antzokira. Circa Contemporary Circus konpainia ospetsuak, azken urteetan egin den zirku ikuskizun garaikide eder eta zirraragarrienetakoa eskainiko digu larunbatean, maiatzaren 19an, 20:00etan, eta igandean, maiatzaren 20an, ordubete lehenago, 19:00etan. Opus, indarrez, birtuosismoz eta poesiaz betetako antzerki akrobatikoa da. Hamaika akrobata eta hari laukotea agertokian, Dmitri Shostakovich konponsatzaile errusiarraren musika bikaina ospatuz. Haren laukoteak une batzuetan intimoak, pasioz beteak, lirikoak, ironikoak eta, batez ere, XX. mendeko konposatzaile handienetako baten testigantza guztiz hunkigarriak dira.

Opus lanean indar osoz fusionatzen dira Shostakovich-en musikaren dramatismoa eta muturreko akrobaziak, mugimendu lirikoa eta taldearen koreografia. Ikuskizuna, soka batetik zintzilik dagoen artista batekin hasten da, zuzenean jotzen ari diren Quatour Debussy taldeko musikariek kulunkatuta, eta bat-batean, geldik egotea, muturreko exijentzia fisikoa duten mugimendu akrobatikoen eztandarekin, xehetasun paregabeko edertasun gozoak, hegaz eginez, balantzaka eta lehorreratuz ari diren akrobaten koreografien ikusgarritasunarekin txandakatzen duten eszenen bitartez eboluzionatzen du. Hau da, XXI. mendeko erabateko zirku showaren, giza gorputzaren adierazpen gaitasunen ospakizunaren, aurrean gaude.

Opus lanak norbanakoaren eta taldearen, historiaren nondik norakoaren eta bihotzak esaten duenaren, tragikoaren eta komikoaren, arteko erlazio konplexuak aztertzen ditu. Musikaren konpasean mugitzen den gorputza giza adierazpenaren maila goren bilakatzen da.

Konpainiari buruz

Circa Contemporary Circus Brisbanetik, Australiatik, helduko da, giza gorputzen ekintza eta gizakien trebezia argiztapenarekin eta soinuarekin modu dotorean nahasten den zirku garaikide ikuspegi berri eta ausartarekin. 2004tik, Circa munduan zehar aritu da, 39 herrialdetan, kritika beroak eta ikus-entzuleen mirespena jasoz.

Debussy taldeari buruz

Egoitza Lyonen (Frantzia) duen Quatour Debussy taldeak ospe handia lortu du nazioarte mailan, bere grabazio ugariei eta emanaldi txalotuei esker. 1990ean sortu zenetik, kamerako musika biziberritu dute, zuzeneko lan biziekin. Horrez gain, oso talde aktiboa da, mundu osotik eskariak jasotzen dituena. Urtean 120 kontzertu inguru eskaintzen ditu, batez beste.