Zirrikituetatik begira

Ezinezko

Rikardo Arregi - Miércoles, 16 de Mayo de 2018 - Actualizado a las 09:07h.

ERRAZA izango litzateke Kataluniakoa konpontzea: independentziari buruzko erreferendum formal batek, Eskozian egin zuten bezalako batek, dena argituko luke berehala, baina konponbide erraza ezinezkoa da goitik behera, guztiz, erabat, Espainiako Erresumaren esentziak kolokan egongo bailira horrela. Beraz, bide zailak baino ez dira geratzen, eta bide zail guztiek ere ezinezkora daramate afera. Ondorioa argia da, nire ustez: Kataluniakoa ez da konponduko;afera, gatazka, arazoa (nahi duzuen bezala deitu) gurekin izango dugu luze. Mundu honetan hamaika dira urteak eta urteak luzatzen diren gatazkak, aferak, arazoak: begiratu Israel-Palestina, adibidez, aste honetan bertan hildakoak egon dira Gazan.

Egia esan, badago beste bide erraz bat Kataluniakoa konpontzeko, Espainiako Erresumak bilatzen duena: independentisten errenditze baldintzagabea, hau da, Erresumaren garaipen osoa;horretarako, orain arte ikusi ditugun tresnak daude (155. artikulua, epaitegiak, espetxeak... ) eta ikusiko ditugunak (alderdi errepublikanoak legez kanpo uztea, irrati-telebista publikoen kontrola eta abar). Badirudi, oraingoz, errepublikaren aldeko katalanek eutsi diotela presioari.

Zer gelditzen da orduan? Gauza bat soil-soilik: politikeriaren jokoa. Ciudadanosekoek boto meategia aurkitu dute eta agortu arte (ez diote hondorik ikusten) hor arituko dira lanean popularrak estutuz, behin betiko labankada noiz sartu kalkulatzen duten bitartean. Sozialistek Erresumaren denfentsan argudio alanbikatuak ekoizteko lantegia irekiko dute. Podemosekoek bi olatuen artean igeri egingo dute olatuetako batek (badakigu zeinek) erabat irentsi arte. EAJk bi 155. artikuluen arteko, oraingoaren eta hurrengoaren arteko, leihoa aprobetxatuko dute (hobe Rajoy Rivera baino). Quim Torra-rentzat txontxogilo hitza txiki geldituko da. EH Bilduk elkartasuna adieraziko du. Eta horrela entreteniturik (esateko modua da), hurrengo hauteskundeak iritsiko dira, eta hurrengoak, eta hurrengoak... nazioarteko egoera gaiztotzen den bitartean.

Secciones