4,7 milioi euroko aurrekontua

Jaurlaritzak Basque Industry 4.0 eta Industria Digitala programa berriak martxan jarri ditu

Eskaerak www.spri.eus/laguntzak webgunean tramitatuko dira

SPRIk Basque Industry 4.0 eta Industria Digitala programen deialdiak ireki ditu, zeinen bidez laguntzak emango dira euskal enpresak errazago edo, zenbait kasutan, azkarrago sar daitezen 4.0 industriara

EP - Viernes, 18 de Mayo de 2018 - Actualizado a las 10:51h.

BILBO. Eusko Jaurlaritzak 4.0 industria bultzatzeko bi laguntza programaren deialdiak egin ditu, SPRI Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren bitartez. Programen helburua da euskal enpresa industrialak 4.0 industrian sartzea eraginkortasun eta segurtasun osoz. Basque Industry 4.0 eta Industria Digitala programek 4,76 milioi euroko aurrekontua dute, eta Basque Industry 4.0 Estrategiaren baitan garatutako tresnak dira.

Basque Industry 4.0 estrategia Eusko Jaurlaritzak diseinatu duen lanerako mapa bat da, haren bitartez euskal industria Europako abangoardian kokatzeko.

Lehen programa Basque Industry 4.0 da, eta "teknologia hornitzaileen" teknologia manufakturako enpresa industrialetara transferitzea helburu duten industria ikerketako eta garapen esperimentaleko proiektuak babestu nahi ditu. Programa honen bitartez, EIKTen arloko I+G proiektuen emaitzak "azkarrago" transferituko dira merkatura.

Basque Industry 4.0 programak 2,5 milioi euroko zuzkidura du eta helburua da diru horrekin 25 proiektu bultzatzea. Ekimenaren laguntza jasoko duten bakarkako proiektuek, gehienez, 150.000 euroko diru laguntza jaso dezakete, eta lankidetzan eginiko proiektuek, berriz, gehienez 300.000 euro proiektuan parte hartzen duten enpresa guztientzat.

Bestalde, proiektuek lotura izan beharko dute arlo hauetakoren batekin: zibersegurtasuna, cloud computing, big data, robotika, errealitate areagotua, ikusmen artifiziala, sentsorika edota material metalikoen diseinu eta fabrikazio gehigarria.

Basque Industry 4.0 programak 1,92 milioi euroko aurrekontua izan zuen joan den urtean, eta 28 ekimen babestu zituen.

Industria digitala da Eusko Jaurlaritzak abiarazi duen bigarren ekimena. Helburua da EIKTak sartzen laguntzea manufakturako ETE industrialetan, eta produktu industrialen diseinuan eta muntaian lan egiten duten enpresetan. Jaurlaritzak 2,26 milioi euroko aurrekontua bideratu du programa horretara.

Hain zuzen, ETE industrialek sustatutako 300 proiektutan EIKTak sartzea da asmoa. Proiektu bakoitzak gehienez 18.000 euro jasoko ditu. Manufaktura sektoreko ETEak izan behar dute, jarduera industrialeko zentroa Euskadin eduki behar dute eta laguntzaren xede den ekintza ere Euskadin garatu beharko dute.

Diruz lagundu daitezkeen proiektuak arlo hauetakoren batekoak izango dira: hornikuntza katearen kudeaketa, informazioaren kudeaketa integratua, bezeroekiko harremanak, produktuaren bizi zikloa, produkzio prozesua kontrolatzeko sistemak, prebentziozko mantenimenduaren kudeaketa edo produkzio prozesuarekin lotutako logistikaren kudeaketa. Laguntza hauek ere diru laguntza bezala emango dira;mikroenpresen eta enpresa txikien kasuan %50ekoak izango dira eta enpresa ertainen kasuan %30ekoak.

Programa horietarako eskaerak www.spri.eus/laguntzak webgunean tramitatuko dira ostiral honetatik aurrera. Informazio gehiago 902 70 21 42 telefonoan jaso daiteke.

BESTE TRESNAK Deialdia ireki berri duten programa horiez gain, Eusko Jaurlaritzak beste tresna batzuk ditu aktibatuta, laguntza emateko 4.0 industriako teknologiak txertatzea helburu duten ekimenei, tresna berrien bidez edo lehendik existitzen direnak berbideratuz.

Azken multzo horretan sartzen da, adibidez, Hazitek programa. Hazitek Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Planaren barruko programa bat da, eta ikerketa industrialeko edo garapen esperimentaleko proiektu lehiakorrak nahiz estrategikoak laguntzen ditu. ETEei zuzendutako programak diru laguntzak ematen ditu produktu berriak edo oinarri teknologikoko enpresa berriak garatzeko, eta orobat laguntzak ematen ditu I+G proiektu estrategikoak martxan jartzeko.

Hazitek programak 82 milioi euro baino gehiago inbertitu zituen 2017an kontzeptu horietan, laguntza eman zien 800 enpresaren 755 proiekturi, eta I+G arloarekin lotutako 294 milioi euroko inbertsioa eragin du guztira. Aurreikuspenen arabera, 2018an 83 milioi euroko aurrekontua izango du fabrikazio aurreratuarekin lotutako I+G proiektuak babesteko.

Gainera, Eusko Jaurlaritzak baditu beste laguntza batzuk Basque Industry 4.0 multzoan sartzen direnak eta SPRIren bitartez kudeatzen direnak: Banda Zabala Zabaltzeko Programa (PEBA) -azpiegitura industrialetako konektagarritasuna hobetuko duena-, eta beste hainbat ekintza, laguntza ematen dutenak 4.0 industriako profesionalak ezagutu, sentsibilizatu eta prestatzeko, Enpresa Digitala eta 4.0 Industriako Barnetegi Teknologikoak programen bidez.