33. edizioa

Bertako Pop Rock Erakustaldian izena emateko epea ekainaren 15era arte irekita dago

“Bertako Pop Rocka-Pop Rock Local de Aste Nagusia” 33. edizioa

Parte hartu nahi duten taldeek gutxienez kide bat eduki behar dute Bizkaian erroldatuta

Aste Nagusiko Bertako Pop Rock Erakustaldiko 33. edizioan izena emateko epea zabaldu du Udalak. Metal for The Crew elkartearen eta Beste Jack kultur elkartearen lankidetza du lehiaketak, eta deialdia irekita egongo da udal webgunean ekainaren 15era arte.

EP - Sábado, 19 de Mayo de 2018 - Actualizado a las 16:49h.

BILBO. Parte hartu nahi duten taldeek Bizkaikoak izan behar dute, hau da, gutxienez kide bat eduki behar dute lurraldean erroldatuta. Metalaren eta pop-rockaren barruko estilo guztiak onartuko dira, jazza izan ezik. Emakumeek osatutako taldeek eta euskaraz egindako lanek arreta berezia izango dute aukeraketa egitean.

Izena emateko, gutxienez jatorrizko lau abesti aurkeztu behar dira, baita biografia, argazkia eta harremanetarako datuak ere. Aukeratzen diren taldeek lehentasuna emango diote erakustaldiko emanaldiari, Aste Nagusiko beste edozeinen aurretik. Kontzertua 45-50 minutukoa izango da.

Bilboko Udalak nabarmendu duenez, Bizkaiko musikarien topagune, gaur ezagun diren hainbat taldek parte hartu dute erakustaldia 1985ean hasi zenetik. Guztira, 512 taldek eta bakarlarik ezagutarazi dituzte beren lanak, eta gaur egun musikaren arloan ezagun diren izen askok erakustaldi honetan eman zituzten aurreneko urratsak: Platero y Tú, We Are Standard, Penadas por La Ley, Zodiacs, Gora Japon, Zea Mays, Idi Bihotz, Athom Rumba, Audience, Los Brazos, Memoria de Pez, Porco Bravo, Eureka Hot 4, Ainara Legardon, Smile Rise To Fall, Unbreath, Eneko Mobydick, Rubia, Dekot, Zazkel eta abar.

Erripa Kaia, Unamuno plaza, Areatzako pasealekua eta Bailen kalea izan dira lehiaketaren eszenatokiak, eta gaur egun Bilborock aretoan egiten da. Ikus-entzule leialak ditu, eta, urtero, batez beste, 5.000 pertsona bertaratzen dira kontzertuetara. Guztira, 190.000 ikus-entzule baino gehiago izan dira erakustaldia sortu zenetik.

Secciones