hilabeteko epean amaituko da

Goi mailako kirolariei zuzendutako Basque Team 2018 Bekak eskatzeko epea zabalik dago

Maialen Chourraut. (Oskar Martínez)

Oinarriak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (EHAA) argitaratu dira eta osorik kontsultatu eta deskarga daitezke http://basqueteam.eus/becas/ webgunean

Basque Team Fundazioko Patronatuak 2018. urteko goi mailako kirolarientzako Basque Team bekak emateko arauak argitaratu ditu. Eskaerak aurkezteko epea irekita dago eta hilabeteko epean amaituko da. Oinarriak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (EHAA) argitaratu dira eta osorik kontsultatu eta deskarga daitezke http://basqueteam.eus/becas/ webgunean.

EP - Sábado, 19 de Mayo de 2018 - Actualizado a las 16:58h.

BILBO. Beken helburu nagusia da Basque Team markapean diharduen fundazioaren eginkizunari dagokion goi mailako euskal kirola sustatzea. Laguntzak kirol ez profesionalari zuzenduta daude nagusiki, batez ere kirol modalitate olinpiko eta paralinpikoei, kirol ez olinpikoak ere onartzen diren arren.

Basque Team Fundazioak jakinarazi duenez, bekek laguntza ekonomikoak eta zerbitzu osagarriak eskaintzen dituzte, besteak beste, zerbitzu biomedikuak, kirol prestakuntza optimizatzeko zerbitzuak, coaching, goi mailako kirola uztean laneratze prozesuan emandako sostengua, eta irudi eta komunikazio zerbitzuak. Gainera, kirolariez gain, derrigorrezko baldintzak betetzen dituzten teknikari espezializatuek ere Basque Team laguntzak eska ditzakete.

Lehen aldiz, kirol egokituaren bekaren zenbatekoa kirol ez egokituaren bekaren pare jarri da, bai kirol olinpikoari bai kirol ez olinpikoari dagokionez.

Beka hauek jasotzeak urte osoko kirol jardunari eusteko konpromisoa betetzea dakar, joko garbiari, dopinaren aurkako eta berdintasunaren aldeko borrokei eta beste hainbat alderdiri dagozkien arauak aintzakotzat hartuz. Beka eskatzerakoan, beharrezkoa da nazioarteko azkenaldiko kirol emaitzarik garrantzitsuenak biltzen dituen kirol curriculuma aurkeztea, baita urte osorako plangintza ere, helburuak eta kirol lehiaketen egutegia barne.

Beka emateko 2017ko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitartean nazioarteko kirol lehiaketetan (Europako eta Munduko txapelketetan), maila absolutuan lortutako emaitzak hartuko dira kontuan.

BEKA MOTAK

Bost beka mota daude. "Basque Team Kirolariak" beka entrenatu eta lehiatzeko beharrezkoa eta lehentasunezkoa den dedikazioa bermatzeko laguntza da. Probaren arabera izan daiteke: programa olinpiko eta paralinpikorako Basque Team beka eta olinpikoa eta paralinpikoa ez den programarako Basque Team beka.

Halaber, "Basque Team Teknikariak" kirolariaren prestaketaz arduratzen den pertsona gorenari zuzendutako beka da. "Basque Team Support" bekari dagokionez, 2017an Basque Team beka baten onuradunak izan diren kirolariek edo teknikariek urte honetan oinarrietan eskatzen diren kirol merezimenduak edo emaitzak lortu ez badituzte, laguntza ekonomiko bat jasotzeko eskubidea izango dute. Bekaren %50 bermatua izango dute eta beste erdia Basque Team-etik 2018rako ezarritako emaitza edo helburuak betez gero jasoko dute.

Laugarrewn beka mota "Basque Team Parte Hartze" da. Kirolariek ezin badituzte "Basque Team Kirolariak" edo "Basque Team Support" bekak eskuratu, 2017ko denboraldian kirol lehiaketa jakin batzuetan parte hartu dutela egiazta badezakete, laguntza jakin bat jasotzeko aukera izan dezakete.

Azkenik, "Basque Team &Pyeongchang 2018" beka 2018ko neguko Joko Olinpikoetan edo Paralinpikoetan parte hartzeagatik emandako ekarpen ekonomikoa da. "Basque Team Kirolariak" beka jasotzeko baldintza guztiak betetzen ez diren ustezkoetan emango da.

Secciones