Zirrikituetatik begira

Udaberria

Juanra Madariaga - Domingo, 20 de Mayo de 2018 - Actualizado a las 06:00h.

EZ zaigu udaberria behar bezala heldu. Edo bai? Euria eta hotza dira arturratzeetako iragarki etenbakoak. Grisak jaio-tzen dira oraindik egunak. Eta gristasun horretan ere gezurrak, faltsukeriak, albiste gogorrak eta tristeak, eta asta-kirtenkeriak ari dira igerika. Negargarriak dira batzuetan egunak.

Halarik ere, benetako udaberriaren etorrera agitu orduko, sorbeltzak ikusi ditut airean, aste honetan, betiko lez artazi ezinezkoak egiten, ziztu bizian marrazki geometrikoak eginez. Sorbeltzak eta enarak ailegatu dira zenbait lekutara, eta udaberriaren zan-tzua areagotu digute nolazpait.

Ez dakit sorbeltzak Palestinako zeruan ere izango diren Israelek jaurtiriko lehergailuak ekiditen, bataila-landa odoltsu hura goitik ikusten, toki guztietan gasa botatzen duten dron moderno haien inguruan hegaka. Ez dakit palestinarren giza eskubideak tai gabe urratzen dituen Israel herri moderno eta zabal hartan sorbeltzek habiak egiten dituzten, edota izuturik bizi ote diren egunero tiro hotsak en-tzuten dituztelako.

Eurovision lehiaketa absurdoa Israelek irabazi du, eta egiten dituen beldurkeriak bigarren plano batean gelditu dira bullying eta matxismoaren kontrako kanta batekin. Mundu guztiaren aurrean guay gelditu nahi du. Zelako paradoxa! Israelek mundu modernoak dituen arazoak salatu nahi ditu (salatzea oso cool da), inolako eskubiderik gabe ehunka hiritar masakratzen dituen bitartean, eta hain justu ere, Nakba ospatzen den aste honetan. Garaipen horrek aurpegia garbitu dio herri horri, eta tolerantzia faltsuz makillatu du bere biolentzia kontrolaezina.

Netanyahu eta izokin koloreko Trump bikote ederra osatu dute datorren urteko Eurovision kantaldirako. Inolako eskrupulurik gabe, zita musikala Jerusalem hirian izango dela esan du lehenak (ea erabateko boikota heda-tzen den munduan). Helburu argia du amarru horrek: mendebaldeko komunitatearen barruko kide bilakatzea.

Ez dakit datorren urtean sorbeltzak izango diren hiri horretako zeruan. Agian ez, agian ez dira berriz bueltatuko, agian ez da udaberri berririk izango.

Secciones