Ingeniaria, irakaslea eta idazlea

Jose Ramon Etxebarria: “Pentsatzeko gaitasuna lortu duen materia-multzo bat gara”

Hainbat alor lantzeagatik da ezaguna: zientzia euskaraz lantzen eta irakasten eginiko bideagatik, euskara batuaren hastapenetan zientziaren alorrean egindako dibulgazio lanagatik, eta baita politikagintzan eta gizarte mugimenduetan izan duen inplikazioagatik ere. 70 urteen atarian, bere ibilbideaz hitz egin digu Etxebarriak

Markos Zapiain - Domingo, 20 de Mayo de 2018 - Actualizado a las 12:25h.

San Mames ondoko Ingeniaritza Eskolan duen bulegoan egin dugun elkarrizketa luzean, Etxebarriak behin ere ez du erakutsi asko idazten dutenengan ohikoa den egolatria malenkoniatsuaren arrastorik ere. Apartak ditu talentua eta txinparta, ikusgarriak mintza-doinuaren ezusteko aldaketak, barre-algarak, teatroa, kantua, umorea, bizitasuna. 70 urteak eta jubilazioa hurbil dituen arren, lau orduko solasaldi intentsuaren amaieran hasieran bezain fresko dago. “Pentsatu egin behar da” eta “oso pozik nago” dira maizen darabiltzan esaldiak, eta bat datoz haren bizimoduaz suma daitekeenarekin, irudi baitu etenik gabeko gogoeta alai goi-mailako batek bizi duela, eta bere etxea maitasunaren, herrigintzaren eta zientziaren bidegurutzean eraiki duela.Aspaldion tankera honetako elkarrizketak emailez egiten dira;zuk, ordea, nahiago duzu min-tzoz, aurrez aurre.Desberdinak dira ahozko hizkuntza eta ida-tzia, eta ahozkoa da bizirik dagoena. Orain esaten dizudan hau ez da inoiz errepikatuko modu berean, esana badoa berehala, eta ida-tzia ahozkoa ez galtzeko asmatu zen, besteak beste. Idatzia fosil bat da, ez da aldatzen;ai-tzitik, ahozkoa etengabe ari da aldatzen, bizirik dagoen beste edozer bezala. Dialektika bat sortzen da idatziaren eta ahozkoaren artean. Zertarako da beharrezkoa idatzia, ahozkoa bada bizirik dagoen bakarra? Batetik, parteka-tzeko;orain diotsudana ahaztuko genuke, ida-tzira eramango ez bagenu, eta idatziak elkarrizketa hau irakurleekin partekatzea ahalbidetuko digu. Bestetik, familiarekin eta lagunekin darabilzun ahozkoa nahiko mugatua da;testu fosilak mundu berriak zabaltzen dizkio irakurleari, animaliaren fosilak bezala paleontologoari. Zientzia egiteko eta jakintzetan sakontzeko idatzia behar da. Hilak ahalbidetzen ditu berpizteak. Era berean, ahozkoak biziberritzen du testu hilen kanposantua, irakasleak klaserako doktore-tesi bat darabilenean, kasu. Gizakiak ere hiltzen dira. Lagun franko galdu dituzu berriki.Hain zuzen, atzo hileta-elizkizun batean egon nintzen. Interesgarria, sermoia? Beste hileta batean, Muxikan, abadeak esan digu Jesukristo GPS bat dela. Ez dizu Ama Elizaren altzora itzultzeko gogoa pizten? Onartu beharra dago abilak direla metaforak gaurkotzen, baina ni ez naiz elizetan sartzen. Lagun min batena zen hileta, egon beharra neukan, baina ezin dut Eliza eraman, urtikaria sortzen dit. Eskola erlijioso batean ikasi nuen eta ideologizazioa sufritu egin dut. Gaur egun, ez dut ulertzen estatu akonfesional batean Elizari dirua zergen bidez ematea, ezta ere irakaskuntza publikoan Gotzaindegiak irakasleak hautatu eta soldatak, ostera, guztion dirutik ateratzea. Edota Institutuetako denbora mugatua erlijioa irakasten alferrik galtzea. Hori ikastorduak astrologiari eskaintzea bezain absurdoa da. Espainia egitez Israel eta Arabia bezain konfesionala da. Bada esan izan duenik zientzia dela erlijio berria. Ez. Egia zientifikoak behin-behinekoak dira, eta edonork egin ditzakeen esperimentuek egiaztatzen dituzte, unibertsalak dira. Begoñako Ama Birjinari umea osatzen laguntzeko errezatzeak ez du ez hanka ez bururik. Zien-tziak funtziona, erlijioak no funtziona. Eliza kontrol-talde bat ere bada, botere-egitura bat, eta bere sineskeriak, mitoak eta dogmak asmatu ditu fededunak menperatzeko, dirua biltzeko eta boterea atxiki eta areagotzeko. Dogmak ezin eztabaida daitezke. Ezin hierarkiaren aurka altxatu. Aldiz, zientzia irekia da, eszeptikoa, ez dago zientzia-gerrarik. Erlijioak zelakoak diren kontuan hartuta, indarrean dauden bitartean ezingo dira erlijio-gerrak eragotzi. Zientziak ez du egiaren inongo monopoliorik aldarrikatzen, baina erlijio guztiak ei dira egiaren jabe, den-denak, egia horiek bateraezinak izan arren. Elizari loturiko guztiak dauka kutsu absurdo, zurrun eta biolento hori. Nekez aurkituko duzu Bibliak baino terrorismoaren apologia gordinagoa egiten duen libururik.  Lan handia egin duzu eta egiten diharduzu, harrigarria da zure testuen zerrenda.Azalpen sinple bat dauka zerrenda horren luzerak: idazki horiek guztiak talde-lanen batean kokatuak dira. Eta ez bakarrik testugintzan;muturra sartu, ez dut sartzen talde-ekimenetan baino: euskalgintza, politika, pankarta... Ez dut ekimen indibidualetan sinesten. Zaila izaten da taldekide guztiak ados jar-tzea helburu bati begira erabili beharreko estrategien inguruan, eta, desakordioa agertuz gero, bozketa iruditzen zait aurrera jo-tzeko metodologiarik egokiena. Ados ez egon arren, gehiengoak dioena onartu eta aitzina beti euskalduna. Horrela funtzionatu izan dugu. Hori bai, nire proposamenek beti kale: ez euskara batuan, ez ikastolen mugimenduan, ez politikan, ez pankartan, ez unibertsitateko klaustroan... ez dut gogoratzen bozketa bakar bat ere irabazi izana. Kartetan ere berdintsu, amaginarrebari ia inoiz ez diot irabazten, ehun eta bat urte bete dituen arren. Edozelan ere, auzolanean sortzen dira jolasak, unibertsitatea, zientzia eta hizkuntza bera ere bai, giza asmakuntzarik garrantzitsuena berau. Zergatik iruditzen zaizu hain garrantzitsua?Sua menperatzea, gurpila eta aipatzen diren gainerako asmakuntzak baino sakonagoa eta txundigarriagoa iruditzen zait, besteak beste, pentsamenduaren, jakintzen eta edozein giza sormen motaren oinarria delako. Eta hizkun-tza ere kolektiboa da. Euskara ez dut niretzat bakarrik nahi, elkarrekin disfrutatzeko baino, egoera desberdin ahal bezain ugarietan eroso eta jostari erabiltzeko. Euskara sustatzeko ere, ez dut uste bakarti erromantikoaren ekimena bereziki eragingarria denik. Jenio batek bultzada berezi bat eman diezaioke, baina kolektiboa behar du eragitearen funtsak. Bestalde, hizkuntza guztien gaitasuna potentzialki identikoa da. Arrazoi historiko kontingenteengatik, sarritan militar hutsak, garatu dira batzuk beste batzuk baino gehiago, baina berez kulturarako ahalmen berdina dute, pertsona guztion duintasuna berdina den legez, maila ekonomikoa edo adimenaren indarra gorabehera. Hori sinesten dut nik, behintzat. Batzuek uste dute guk sortu egiten dugula matematika, eta beste batzuek, berriz, aurkitu egiten dugula;‘Teoria Fisikoen Oinarriak’ lanean diozu matematika aurkitu egiten dugula, sortu baino gehiago.Egia da giza gogoan dabilen edozer dela definizioz antropomorfikoa, gizakiak ezinbestez ezagutzen duela bere burmuinarekin, ezin duela bere buruaren gainetik jauzi egin objektibotasun aratz edo jainkotiar batera iristeko. Baina kontuz, geuk sortua dela esateak ez du matematika osoro azaltzen. Horra hor misterioa. Niretzat misterioa ez da Hirutasun Santua, baizik eta Euklidesen matematikak naturako hainbat esparru argitu eta ulertzeko balio izatea. Euklidesen liburua orain dela bi mila urte dago idatzirik, baina balio izaten jarraitzen du. Egia da XIX. mendearen amaieran beste geometria batzuk sortu zirela, baina Euklidesenak betiko balio du, eta ez soilik matematikarako. Horri buruzko esplikaziorik ez daukat, enigma bat da. Harrigarria da, bestalde, zenbait zenbaki naturan ere aurki-tzea, esate baterako π eta e zenbaki irrazionalak. Desintegrazio erradioaktiboan ere ager-tzen dira. Pentsatzeko ematen dute. Ezin dira digituen bidez adierazi. Zenbaki horiek idazten hasi eta inoiz ez duzu amaituko, infinitura zoaz, baina aldi berean logikoak dira. Eta logika hori aurki dezakegu bai gizakion baitan eta bai antza denez gizakiongandik aparte ere badagoen errealitatean. Matematikak gizakia gainditzen duena ere ulertzeko balio izate horixe da, nolabait esateko, zientzialarion sinesmena. Beraz, ez zatoz bat unibertsoa nolabait guk sortua dela dioten filosofoekin, guk haluzinatua, eta horregatik letozkeela bat matematika eta unibertsoa, gure burmuinak matematika ez ezik unibertsoa bera ere irudikatu duelako.Ez, alderantziz: gu eta gure pentsamendua unibertsoan gaude, gu materia gara, eta materiak pentsatzen du. Beste misterio bat da hori: pentsatzeko gaitasuna lortu duen materia-multzo bat gara. Gu pentsatzen hasi aurretik ere, fisika hortxe zegoen. Eta, Big-Bang-aren garaikoa beharbada ez, baina badirudi azken milioika urteetako fisika berbera izan dela. Hori bai, ez gara ohartu: fenomeno fisikoak berdin-berdin gertatu badira ere, fenomeno fisikoen esplikazioa aldatu egin da. Egia da fisikaren eta edozein jakintzaren oinarrian pentsamendua eta beraz hizkuntza daudela, baina unibertsoa, lege fisikoen arabera dabilena, gu baino lehenagokoa da. Eta azken batean guk soilik unibertsoaren alde jakin eta mugatu bat geureganatzen dugu, hautemateko eta pentsatzeko gure gaitasuna mugatua baita. Fisikak unibertso osoan funtzionatzen badu, baita gizakiongandik aparte ere, ez genuke unibertsaltasun hori hitzez hitz hartu eta ondorioztatu beharko edozein estralurtar adimendunek ere dagoena ulertzeko fisika erabili beharko lukeela?Ez dakit. A priori batzuk erabiltzen ari gara hor, baina ez dugu a priori horiek baiezta-tzeko oinarririk. Arras eszeptikoa izan beharra dauka zientziak. Fisikan zuk nahi duzun hipotesia asma dezakezu, baina hipotesiak gero sutan frogatu behar dira, esperimentuan. Hipotesiaren araberako aurreikuspenak bete egin behar dira, behin eta berriro egiaztatu. Esperimentuaren bahea pasatzen ez badu, hipotesiarena da akatsa, ez esperimentuarena. Hotz eta zorrotz eta fin ibili behar du zien-tziak kausa-ondorio loturak ezartzeko orduan. Beste nonbait bizidunak izatea, auskalo, baina uste dut probabilitate handiak daudela, milioika eta milioika planeta eta galaxia daudenez. Orain, ez dut uste gure biziaren an-tzekoa izango denik, gu bitxo arraro batzuk gara, gure planeta honetan bertan ere. Kontuan hartuta zein kontingentea eta ustekabekoa izan den biziaren bilakaera Lurrean, normalena litzateke bizi estralurtarra gurearen zeharo bestelakoa izatea. Dena den, nik uste dut fisikak edonon balioko duela berdin. Uste dudala diotsut, ez daukat-eta elementurik hori behar bezala frogatzeko. Hipotesi hori aintzat hartuta ari dira botatzen zundak espaziora. Bide batez: urrutiko planetetara iritsi diren zundek ez dute materia diferenterik topatu, gure Lurrean aurki ez dezakegunik, agian eguzki-sistema berberean gaudelako, edo ez direlako gai materia desberdina hautemateko.Berrogeita zazpi urte egin dituzu irakasle. Unibertsitatetik kaleratu gintuzten hamabost urteak ere zenbatuta, orduan bai. Einsteinek dio hezteko metodo arrazoizko bakarra eredua ematea dela. Bat nator. Einsteinentzat, irakaskuntza arte bat da, eta maisuaren artea da ikasleengan iratzartzea lanerako eta ezagutzarako alaitasuna. Motibazioa da heziketarako bidea, eta, motibatzeko, ikasteak eta ezagutzeak dakarren gozamena kutsatzen jakin beharra dago. Eskolaren helburua libre pentsatu eta lan egingo duten pertsonak formatzea da, interes nagusi izango dutenak jendartea zerbitzatzea. Lanaren emaitzak plazera eman behar digu, eta garbi ikusi behar dugu emaitza hori jendeari onuragarri zaiola. Einsteinek adierazi zuen ere, benetako heziketa dela eskolan ikasitakoa ahaztutakoan gelditzen zaizuna, eta ez dakit horrekin ados nagoen;ondo ulertzen ote dudan ere ez dakit.