Talaieroa

Su gaberik ez da kerik!

Erramun Osa - Martes, 22 de Mayo de 2018 - Actualizado a las 06:00h.

Besteekiko esandakoek piztu dituzten suek bultzatu dute, gaur hasita igandera bitartean, Pablo Iglesiasek eta Irene Monterok, Podemos alderdiko buruzagiak, alderdi horretako kideei galdetzera ea alderdi horretan dituzten karguetan segitzea nahi duten. Bitxia da, harrigarria ez esatearren, ikustea kontu pribatu batek Espainiaren gobernagarritasunean zer ikusia izan nahi duen alderdi bateko barrunbeak nola astintzen dituen... horrenbeste, non garrantzi handiagoko kontuak bigarren planoan gelditzen diren.

Gaiak, hiru alderdi ditu, nire ustez. Alde batetik, Iglesiasen eta antzekoen sinesgarritasuna dago eztabaidaren erdigunean. Izan ere, gainerakoek maila pribatuan egiten dituztenak begi zorrotzekin aztertzeko, epai-tzeko eta deskalifikatzeko ohitura dutenek ez dute zorroztasun bera erakusten beraiek harturiko erabakiak tarteko dituztenean.

Lehenago ere ikusi ditugu an-tzeko adibideak, esate baterako, alderdi horretako beste buruzagi batek laguntzaile bati beltzean ordaintzen ziola azaleratu zenean, unibertsitate jakin batek beste buruzagi bati espedientea ireki zionean -Unibertsitatearekiko harturiko ardurak ez betetzearren-, ogasunari eginiko aitorpenen inguruabarrean, alderditik kaleraturiko senatari batek -diru sarrera urriak zituztenei zuzendutako etxebizitza baten alogera ez ordaintzearren- karguan jarraitzea erabaki zuenean eta abar.

Beste aldetik, kontu pribatu bat alderdi bateko militantziaren esparrura eramatea eta demokrazia parte hartzailea horrela desitxuratzea bitxia bezain deitoragarria da, nire ustez. Harrigarria begitantzen baitzait txaleta erosteko erabakian zer ikusirik izan ez dutenak, horrela, erabakiak ekarririkoetan zipriztindu nahi izatea... eta, azkenik, irudipena daukat eztabaidagaian inplikaturiko bi pertsona horiek jende askoren borondatea eta nahia baliatzen ari direla, alderdiaren barruan duten tokia eta aitzindaritza indartzeko.

Norbaitek garrantzia kendu diezaioke gertatutakoari, bai eta azpimarratu behinola abadeek eta medikuek esan ohi zutena: “ez egin nik egin ohi dudana, esaten dudana baizik”. Kontua, ordea, zera da, kastatzat hartutakoak bota nahi dituztenen, beraiek bezala pentsatzen ez dutenak nonahi eta nolanahi kritikatzen dituztenen, aldaketa ekarri nahi dutenen aldetik bestelako jokabidea espero izatekoa dela. Ezen, bestela, aldaketa horren bila ari direnen -batez ere, boto emaileak- itxaropenak eta asmoak ezerezean geratuko baitira luzaroan, orain arte, Espainiaren gobernagarritasunean inplikaturik egon direnak iraun dezaten bultzatuz, gutxi batzuen mesederako eta gu guztion kalterako!