maiatzaren 13tik urriaren 7ra

Bilboko Berreginen Museoaren Laocoontea, Italian ikusgai

Illegioko Casa delle Esposizioni zentroan Padri e Figli izeneko erakusketan izango da

Miércoles, 23 de Mayo de 2018 - Actualizado a las 12:56h.

BILBO. Joan den maiatzaren 7an, Laocoontek, Berreginen Museoaren Bildumaren pieza adierazgarrienetariko batek, Illegio italiar Alpeetako herri txiki bateraino eraman duen abentura hasi zuen, Padri e Figli izeneko aldi baterako erakusketan ikusgai egoteko.

2017ko abenduaren amaieran, Bilboko Berreginen Museoari Comitato di San Florianok Laocoonte eta bere semeak eskultura-multzoa maileguan eskatu zion, Padri e Figli (Aita-semeak) aldi baterako erakusketarako.

Museoaren Administrazio Kontseiluak mailegua onetsi ondoren, eskulturaren lekualdaketarako beharrezko tramiteak hasi ziren.Horrela, zenbait hilabetez gestioak egin ostean, joan den maiatzaren 7an, TTIko talde bat (artelanak garraiatzeko nazioarteko enpresa) Museora heldu zen, eskultura paketatzeko eta Illegioraino eramateko (Friuli-Venezia Giulia eskualdeko herri txiki bat, Alpe Karnikoen behealdean).

Laooconte maiatzaren 8ko goizeko lehen orduan abiatu zen Bilbotik, eta bere ibilbidean Bartzelona, Milan eta Veneziatik pasatu ondoren, maiatzaren 10ean, ostegunean, Illegiora heldu zen.Iritsi bezain laster, eskultura Casa delle Esposizioni zentroan instalatu zen, erakusketaren egoitzan, horretarako berariaz gordeta zeukaten espazioan. Laocoonte eta bere semeak eskultura-multzoak harrera ikusgarri eta hunkigarria egiten die Comitato di San Florianok antolatutako aldi baterako den erakusketa berri honen bisitariei.Laocoonte, bere posizio pribilegiatutik, ez da soilik erakusketaren diskurtsoa hasten duen pieza, baizik eta baita aldi baterako erakusketa iragartzeko irudi nagusia ere.

Nazioarteko mailegu hau dela-eta, eta datorren urrira arte eskultura ez dela Bilbora itzuliko kontuan hartuta, Bilboko Berreginen Museoak bideo labur bat prestatu du, eta, bertan, eskultura-multzoaren Italiarako lekualdaketa kontatzen da irudiz.