Zirrikituetatik begira

Sánchez, Pedro

Rikardo. Arregi - Miércoles, 23 de Mayo de 2018 - Actualizado a las 06:00h.

EGUNKARI batean irakurri dut orain dela urtebete Pedro Sánchezek irabazi zituela Espainiako Erresumako sozialisten artean izan ziren barne hauteskundeak eta, horrela, idazkari nagusiaren kargua berreskurtatu zuela. Zorabiatu egin naiz une batez denboraren zurrunbiloan. Urtebete bakarrik? Nire buruak iragan urrun batean zuen jarrita Sánchez jauna, ez dakit zergatik;datak konprobatu ditut mesfidati, eta lainoen artean, hasieran lausoki eta argiago gero, gogoratu ditut egun haiek. Egia! Alderdikideek bota zuten Sánchez 2016. urteko udazkenean, modu txarrez bota ere;barne hauteskundeak antolatu zituen PSOEk udaberrirako;Pedro Sánchez, Susana Díaz (faboritoa) eta Patxi López (Patxi López!) aurkeztu ziren. Guztiak kutsu epikoa (epikotxoa, ados) hartu zuen: txikia handiaren aurka, Dabid eta Goliat, afiliatu xumeak alderdiko aparatuaren kontra, herria eta aristokrazia, erresisten-tzia aginte harroaren aurka. Gainera, Sáchezek Rajoyri bereak eta bi esango zizkiola agindu zuen: ez, ezetz. Azkar igarotzen da denbora batzuetan, beste batzuetan, aldiz, urtebete bat soilik zama astuna da, mende askoko kontua. Zer gelditzen da orain? Non dago, apala izanda ere, epika hura? Zertan dabil sozialisten etorkizun loriazkoa ekarri behar zuen heroia? Zer bide hartu du estatu nazioaniztuna eta federala eraiki nahi zuenak? Urriaren lehendabiziko egunean harkaitz handi baten aurka jo zuen itsasontzi sozialistak eta dena aldau zen. Orain Sánchez jauna 155. artikuluaren extended version ari da eskatzen, orain artekoa gutxitxo iruditzen baitzaio;matxinada delitua aldatzeko proposamena egin du, kartzelan dauden katalan horiek kartzelan behar bezala sartzeko;goi karguak hartuko dituzten guztiek konstituzio santuaren zina egiteko eskatu du. Erresumaren kultura eta hizkuntzenaz zer esan, uste dut Nafarroako sozialistak oso kezkatuta daudela euskararekin. Horraino iritsita, Sánchezek zergatik ez duen Rajoyren aurrekontuen alde boto eman behar, pentsatuko dute EAJkoek, santu guztiei kandelak jartzen dizkieten bitartean.

Secciones