Azterlana Neuropsychopharmacology aldizkarian argitaratu da

Kalamu kontsumoa eta eskizofreniaren garapena lotzen dituen molekulen mekanismoa identifikatu dute

Ikerketa horrek bideak ireki ditu prebentzio estrategiak sortzeko

UPV/EHUko eta CIBER de Salud Mental, CIBERSAM elkarteak, lehendabiziko aldiz, identifikatu dituzte kalamua kontsumitu ondoren gertatzen den eskizofrenia garatzeko arriskuaren hazkundean esku hartzen duten molekula eskalako mekanismoak. Zehazki, ikertaldeak THCrekin kronikoki tratatutako saguen burmuin geruzako neuronetan gertatzen diren alterazioak deskubritu ditu;THC da, hain zuzen, kalamuaren osagai psikoaktibo nagusia. Ikerketa horrek bideak ireki ditu prebentzio estrategiak sortzeko eta eskizofreniak jotako pertsonen bizitza hobetzeko farmako zein terapiak diseinatzeko. Azterlana Neuropsychopharmacology aldizkarian argitaratu da (www.nature.com/npp).

DEIA - Miércoles, 23 de Mayo de 2018 - Actualizado a las 13:19h.

BILBO. Ikerketa Leyre Urigüen ikertzaileak zuzendu du, eta Inés Ibarra-Lecue, Irene Mollinedo, Luis F. Callado, Javier Meana eta Rebeca Diez-Alarciak parte hartu dute;guztiak ere Euskal Herriko Unibertsitateko ikertzaileak dira, eta CIBERSAMi atxikiak. Bada, ikerketan, nerabezaroan THC kronikoki ematen hasi zitzaien saguen burmuinak aztertu dira;izan ere, “nerabezaroa haien burmuinaren garapenerako epe erabakigarria da, eta bat dator pertsonen nerabezaroarekin. Sagu horien burmuin geruza aztertzean, ikertzaileek 2A serotonina errezeptorearen alterazioak detektatu dituzte, eta hura da, hain zuzen, psikosia eta eskizofreniako eldarnio bereziak eragiten dituena nagusiki. Zehazki, ikertaldeak aurkitu du eldarniorako joeradun errezeptore horrek bere funtzionaltasuna areagotu egiten duela kalamu bidezko tratamendu kronikoaren ondoren. Gainera, hiperfuntzionalitate hori gertatzen den bidea deskribatu du.

“2A serotonina errezeptorearen hiperaktibitate horren deskribapena, lehendabizikoz burmuineko molekula mailan detektatua, lehen urrats bat da beste eremu batzuk ikertzeko”, Urigüen doktoreak komentatu duenez. Halaber, ikertzaileak segurtatu du “azken helburua dela kalamua kontsumitzen duten pertsonen molekuletan antzeko aldaketak ote dauden identifikatzea, psikosia edo eskizofrenia sortzeko arriskuari lotu ahal izateko;bestetik, eskizofreniak jotako pazienteen sintomatologia hobetzen duten farmako berriak sortzea.

Ikerketa prozesua

Azterketa hori egiteko, ikertzaileek animalien jokabide teknikak erabili dituzte eta, ondoren, proteina eta errezeptoreen kopurua zehaztu zituzten. Jokabide teknikek erakutsi zuten “nerabezaroan” kalamuz tratatutako saguek bazutela jokabide psikotikoak garatzeko joera, kontrol animalien aldean. Hurrengo pauso batean, ikertaldeak 2A serotonina errezeptorea markatu eta aztertu zuen, eta jokabide psikotikoak izateko arriskua areagotu zezakeen seinaleztapen bidea identifikatu zuen. Ikertaldea

Ikertaldea UPV/EHUko Neuropsikofarmakologia taldekoa da, Farmakologia Sailari atxikia eta CIBERSAMen sartua, eta egun Javier Meanak zuzentzen du. Haren lan ildoak bideratzen dira lankidetzan oinarritutako ikerketak egitera, translazio ikuspegi batez, ikerketa klinikoaren eta oinarrizkoaren arteko harremanak estutuz.