Calixto Bieitok zuzendutako lana

The String Quartet’s Guide to Sex and Anxiety ikuskizuna ekainean dator Arriagara

Lanak antsietateak sexuarekin edo artearekin duen erlazioaren gaia lantzen du

Johannes Passion lanaren eszenifikazio bikainak oraindik ere ikus-entzuleen oroitzapenean jarraitzen duenean, Arriaga Antzokia, laster, Calixto Bieitoren zigilua daraman eta inolako zalantza barik, aho zapore bikaina utziko duen beste lan bat jasotzeko prest dago. Hori da The String Quartet’s Guide to Sex and Anxiety ikuskizunetik itxaron dezakeguna, maiatzaren 12an izandako estreinalditik Birmingham Repertory Theatrek (REP ospetsuak) jaso dituen 7 emanaldietan, eta bart gauean, Brighton Theatre Royal zutik jarri eta artistei txalo zaparrada luzea zelan eskaintzen zien ikusi zuen Brighton Festivalean gertatutakoa ikusi ondoren.

deia - Jueves, 24 de Mayo de 2018 - Actualizado a las 11:51h.

BILBO. Gaur gauean eskainiko da bigarren emanaldia Brightonen, eta datorren astean Luxenburgora joango da, Arriaga Antzokira heldu aurretik. Bertan egingo da Estatuko estreinaldia, ekainaren 8an eta 9an, Un cuarteto de cuerda: ansiedad y sexo (The String Quartet’s Guide to Sex and Anxiety) izenburupean. Ikuskizuna jatorrizko ingeleseko bertsioan eskainiko da, euskarazko eta gaztelaniazko gain-tituluekin.

The String Quartet’s Guide to Sex and Ansiety Birmingham Repertory Theatreren ekoizpen lana da, Brighton Dome &Festivalarekin, Les Théâtres de la Ville de Luxembourgekin eta Holland Festivalarekin lankidetzan. Beraz, Europako kulturgune eta jaialdi garrantzitsuenetako batzuen kalitate bermea duen lana da. Arriaga Antzokiak Espainian egingo diren emanaldi bakarrak jasotzeak argi erakusten du, berriro ere, Arriagak nazioarte mailan duen izen ona, kontinente zaharreko antzoki eta lirika zirkuituaren barruan.

Oso ikuskizun pertsonala

Calixto Bieitorentzat, ikuskizun hau ez da bere ibilbideko beste bat. Bieito ezaguna da, batez ere, klasikoen eszenan jartze argiak eta esanguratsuak direla eta. The String Quartet's Guide To Sex And Anxiety, berriz, oso sorkuntza lan propio pertsonala da. Lanak antsietateak sexuarekin edo artearekin, musikarekin batez ere, duen erlazio asaldatsuaren gaia jorratzen du. Calixto Bieitok behin baino gehiagotan adierazi du Antsietate Desordena jasaten duela ume zenetik, heldu izan arte jakin izan ez zuen arren. Beraz, zuzenean ezagutzen duen gaia izanik, ikuskizunaren prestakuntza osoa, eta bertan, modu batera edo bestera, islatuta agertzen diren musikaren eta egileen aukeraketa, oso pertsonala izan da. Eskenatokiaren diseinua ere Bieitok berak koordinatu du Annemarie Bullarekin batera (jantziez ere arduratu den sortzailea).

Musikari dagokionez, Bieitok Ligetiren “antzerkirako eta atmosferetarako oso egokiak diren melodiekin”, bere esanetan, eta 17 urte zituenetik entzuten duen eta “itxaropen handia ematen duten” Beethovenen laukoteak aukeratu ditu. Izan ere, ikuskizunaren bitartez duen helburu xumea hori da: itxaropena ematea, pertsona guztiei eta, batez ere, berak bezala, antsietatearen ondoriozko arazoak dituztenei. Izan ere, azken finean, antsietatea unibertsala da… musikak eta arteak sendatzeko duten gaitasuna unibertsala den bezala.

Ikuskizunean zehar, Robert Burtonek 1621ean argitaratu zuen osasun egutegi, entziklopedia eta anekdota konbinazioa den Anatomía de la Melancolía lanaren eragina nabarmentzen da. Baita Byung-Chul Hanen La sociedad del cansancio lana, kontsumo gizarte lehiakor batek gure ongizate psikologikoan sortzen duen sufrimenduari buruzko 2015eko azterlana ere. Horrez gain, Bieitok, David Foster Wallace eleberrigile amerikarraren eta Stig Dagerman idazle existentzialista suediarraren materialak ere gertu izan ditu. Eta baita WH Audenen La edad de la ansiedad, New Yorkeko taberna batean, gizarte industrialeko bizitzari begiratzen dioten bi bikoteri buruzko poema luzea, ere. Azken horretatik atera zuen zuzendariak ikuskizunaren hezurdurarako ideia.

Primerako laukote musikala eta Mona Lisako antzezlea

Calixto Bieitoren zuzendaritzaz eta musika bikainaz gain, The String Quartet's Guide To Sex And Anxiety lanak badu zalantzan jarri ezin daitekeen beste elementu erakargarri bat: artistak. The Heath Quartet hari laukotearen maila bikaina da. Ingalaterrako kamera talde ezagunenetakoa da, nazioartean ospe handia duena. Biolinak jotzen dituzten Oliver Heathek eta Sara Wolstenholmek, biola jotzen duen Gary Pomeroyk eta txeloarekin aritzen den Chris Murrayk, mugak gainditzen dituen aintzatespena lortu dute 16 urteko ibilbidean. Horri esker, mundu osoan aritzen dira.

Horrez gain, “hitzen laukotea” eta eszena osatzen duten bi emakume eta bi gizon antzezleak (Bieitoren estiloarekin bat etorriz, musikariek ere antzezpenean parte hartzen duten arren, ez dira musika jotzera mugatzen), lehen mailakoak dira. Hasteko, Cathy Tyson. Antzezle britainiar handia ezaguna da, batez ere, Mona Lisa filmean egin zuen lanarengatik, Michael Cainen eta Bob Hoskinsen ondoan, 1986an. 90eko hamarkadaren erdialdean ere arrakasta handia lortu zuen telebistan, Band of gold serieari esker. Baina, ezer baino gehiago, eszenako antzezle bikaina da, ibilbide luzekoa, eta denbora gutxi barru, ekainaren 8an eta 9an, Arriagako agertokian ikusi ahal izango dugu. Berarekin batera, beste hiru antzezle britainiar bikain: Nick Harris, Miltos Yerolemou eta Mairead McKinley.