Zirrikituetatik begira

Iruña Veleia

Josu Torre - Jueves, 24 de Mayo de 2018 - Actualizado a las 06:00h.

ASPALDI isildua eta ahaztua behar zuen gaia hedabideen azaletan da berriro, duela aste pare bat, epai bideak hartu dituelako. Gazteiztik hurbil dagoen Erromatar Garaiko Iruña Veleia eraikuntza arkeologikoaz ari naiz. Zazpi urte eta erdiko kartzela eta isun eta kalte ordain latzak eskatzen dizkie, epaiketa bidez, 2000.etik 2006.era indusketa zuzendari izan zen Eliseo Gil jaunari eta, informazio gehienek izena ezkutatzen duten, bere kideei. Auzia gogoan ez dutenentzat, 2005-2006 urteetan, Gil-en taldeak 400 grafitotik gora aurkeztu zituen hedabideetara, haietatik asko euskarazko hitzekin, latinezkoekin batera. Azken hauek, latinezkoak, beste gune ba-tzuetan arkituetakoen antzekoak ziran, euskarazkoak ordea berritasun izugarria suposatzen zuten. Areago, gure hizkuntzaren lehengoaia izatera iritsi zitezkeen. Aurkikuntza historikoa, beraz. Heurak eta gutxi gehiagok dakite zer kosta zi-tzaien Gil eta enparaueri indusketa hori aurrera eramateko finantziaketa lortzea. Euskotrenek eman zieten urteroko 200.000 euroz 15 langile mantendu zituzten, EHUtik ez Gobernutik ezertxo ez zutelako lortu.

Azken erakunde hauek bazuten dirurik, inor gutxik dakien arrazoiekin aurkikuntza haiek faltsutzat jo eta berriak egiteko. 1.300.000 euro mahai gainean jarri, goiz bakar batetan eskabadora erraldoi batekin aztarnategia suntsitu -bideoak daude, 1,40 metro sakonera ematen, 0,60ren ordez- eta indusketa eskuz aldatu zen. Gutxitarako balio izan zuen, 400 grafito horiek eraikuntzaren harresietatik barne nahi kanpo aurkitu eta estrato arkeologiko berekoak direla demostratzeak. Gobernu eta EHUren babesa eskuratu zuen talde berria aurrekoen lana gezurtatzen saiatuz gain ezer gutxi erakutsi dute eta, auziak eztanda egin zuenetik 12 urtera oraindik epaiketa egiteko irrikan jarraitzen dute. Nahita edo gabe, batzuen alde eta besteen kontra paratu baldin banaiz, betiko kontu bat indartze bidean da. Alegia, arrazoi gehiegi gabe, botereak auzia bere aldera erakarri duela.