BILBAO IZAN PROGRAMA

Bilboko udalak Txurdinagako landan zehar dagoen oinezko ibilbidea ekainean erabiltzea proposatu du

Bisitak, euskaraz eta gaztelaniaz, asteartetik larunbatera egingo dira

Udalak hilabete honen hasieran ekin zien berriro Hiriko gune berezietara egiten diren bisita gidatuei, Bilbao IZAN programaren barruan. Edizio honetan berriro ere auzoei begiratuko zaie, Begoñako elizate zaharraren hedapenari, hain zuzen ere. Ekainerako, oinezko beste ibilbide gidatu bat proposatzen du, 1925ean Bilboren esku geratu zen elizatearen landa gunea izan zen ingurutik.

DEIA - Viernes, 25 de Mayo de 2018 - Actualizado a las 11:10h.

BILBO. Txurdinaga Begoñako elizate zaharreko landa gunea zen, baserriz eta soroz betea, taberna eta txakolindegi ugarirekin Bilbora joateko eta Bilbotik etortzeko bideen inguruan. Horrela jarraitu zuen 60ko hamarkadara arte. Garai horretan bi etxebizitza poligono eraikitzeko proiektua jarri zen martxan, egungo auzoa eratu eta guztira ia 100 hektareako gunea hartu zuten Begoñako eta Txurdinagako Zabalguneak, hain zuzen ere.

Bertako kaleek antzinako baserrien izenak gogorarazten dizkigute, eta gaur egun oraindik ikus daiteke duela ia mende bat tabernaren bateko bezeroei kerizpea ematen zien zuhaitz haietakoren bat. Bertako kaleetatik egiten den ibilbidean, jendeak erreken, komentu zaharren eta ingurua zeharkatzen zuten bideen berri jaso dezake, bere egunean hiri garapenerako eredu gisa eratu zen auzoaren hirigintza modernoa ezagutzen duen bitartean.

Bisitak euskaraz eta gaztelaniaz izango dira, astearteetan eta asteazkenetan 16:00etan eta 18.00etan;ostegunetan eta ostiraletan 10:00etan, eta 17:00etan (ostiral arratsaldez euskaraz) eta larunbatetan 10:00etan, eta 12:00etan, datorren ekainaren 30era arte. Bisita euskaraz egin nahi duten taldeek eguna eta ordua adostu ahal izango dute.

Bisitak ordubete eta erdi inguruko iraupena izango du, eta talde bakoitzak, gehienez ere, 30 pertsona izango ditu. Hori dela eta, beharrezkoa izango da aurretik erreserba egitea 94 401 00 10 telefono zenbakira deituz (astelehenetik igandera, 08:00etatik 20:00etara), astelehenetik, maiatzaren 28tik, aurrera. Bisitarako topalekua Arbidea kalea 24 izango da.

BILBAO IZAN

Bilbao IZAN programa duela hamahiru urte sortu zen, Bilboko biztanleei eta, orokorrean historian interesa duten guztiei, hiriaren ondarea eta bilakaera, eta gaur egun Hiria osatzen duten guneek denboran zehar izan duten eraikuntza prozesua ezagutarazteko. Asmo horrekin zenbait ekimen gauzatu dira, horien artean, auzoetara egindako bisita gidatuak “Bilbo, hil bakoitzean auzo bat”, “Botxoko mendi-mazelak deskubritzen” eta “Hamabi begirada Bilbori” programen bitartez. Auzoetara egindako bisita gidatuen programari jarraipena emanez, Kultura Sailak beste pauso bat eman zuen, bere arreta ondarearen ikuspegitik bereziak diren Hiriko eraikinetan eta gertakarietan jarriz.

AGENDA:

Ondarearen hedapenerako Bilbao IZAN programa

BISITA GIDATUAK “Begoñako elizate zaharraren hedapena: Txurdinaga”

Ekainaren 5etik 30era

Astearteetan eta asteazkenetan: 16:00etan eta 18:00etan

Ostegunetan eta ostiraletan: 10:00etan eta 17:00etan (euskaraz)

Larunbatetan: 10:00etan eta 12:00etan

Doakoa. Erreserba zabalik maiatzaren 28tik aurrera: 94 401 00 10 / 010 (astelehenetik igandera 08:00etatik 20:00etara).