Andone Ruiz Uranga Bihotz Gaztea Ikastolako Zuzendaria

“Aurten, Santurtzirekin eta santurtziarrekin daukagun lotura sendotu dugu”

Andone Ruiz Uranga

Andone Ruiz Urangak aurten debuta egin du Bihotz Gaztea Ikastolako zuzendaritzan eta bere lehen erronka handia Ibilaldiaren antolaketa izan da.

Miguel A. Pardoren elkarrizketa - Viernes, 25 de Mayo de 2018 - Actualizado a las 06:00h.

Santurtzi - Bi egun falta dira Ibilaldiaren zoramena Santurtzira heltzeko baina, jada, Ezkerraldeko herrian giro berezia eta itxaropena arnasten da. Itxaropenaren irudia da Andone Ruiz Uranga, Bihotz Gaztea Ikastolako zuzendaria. Antolatzen duten Ibilaldia ospatu baino lehen, proiektu hau, jada, arraskatatsua izan da ikastolarako. “Aurten, herriarekin daukagun lotura sendotu dugu”, dio Ruiz Urangak.

Ibilaldia igandean ospatuko da… Imajinatzen dut azken egunak oso bereziak izaten ari direla.

-Zalantzarik gabe. Urte osoan egon gara lanean, baina azken aste honetan, ikusten duzunean eguna hain gertu, bizitzen den giroa oso berezia da. Urduri gaude, denok ditugu geure betebeharrak eta mugimendu handia ikusten da ikastolan. Espero dugu igandean dena ondo ateratzea.

Mugimendua ikastolan eta herri osoan.

-Bai, asko nabaritzen da jada. Urte honetan gure herriarekin daukagun lotura sendotu dugu eta, dudarik gabe, hori zen gure helburuetariko bat Ibilaldia antolatzean. Herriaren erantzuna paregabea izaten ari da eta eskertzekoa da. Bolondres pilo bat behar ditugu eta jende asko apuntatu da laguntzeko, gainera, Udalaren laguntza oso handia izaten ari da… Alde horretatik oso, oso pozik gaude.

Zenbat bolondres behar dituzue Ibilaldia koordinatzeko?

-Bada, urte osoan, 1.400 pertsona inguruk lagundu dute antolakun-tzan. Bestalde, azken egun hauetan laguntzen ari diren pertsonen lana egundokoa da, gehienak lan txandak bikoizten ari dira. Lan handia egiten ari gara eta, horrexegatik, espero dugu dena ondo ateratzea.

Ibilaldia antolatzen hasi zinetenean, espero zenuten hainbeste lana izatea?

-Badaude gauza pila bat egiteko eta guretzat dena berria da. Badaukagu Ibilaldia Elkartearen laguntza eta horrek pixka bat errazten du gure lana. Hala eta guztiz ere, badaude gauza asko ez genituela sekula egin eta, zentzu horretan, erabat autodidaktak izan gara.

Zein izan da egin duzuen lanik gogorrena?

-Ez nuke lan bat nabarmenduko. Niri gogorrena iruditzen zaidana ezjakintasuna da, ez jakitea nola egiten diren gauzak. Gustatzen zait gauzak kontrolatzea eta, batzuetan, hori ezinezkoa izan da.

Igandekoa oso egun garrantzitsua da ikastolaren etorkizunari begira.

-Garrantzitsua da, bai, baina urte osoan egindako lanak garrantzi handia dauka. Gure hezkuntza proiektua herrian zabaldu dugu eta herriarekin bat lan egin dugu. Hori zen gure erronka. Igandean, Bihotz Gaztearen izena asko entzungo da, baina, Ibilaldia honen atzetik, jende askoren lana dago.

Igandean espero dira Santurtzin ehun mila pertsona inguru.

-Ez dakigu zenbat jende etor daitekeen zehazki eta, egia esanda, zenbaki handi horietan galdu egiten naiz. Badakigu eguraldiaren menpe gaudela.

Aurtengo ibilbideak lau gune ditu. Ibilbidea eratzea lan zaila izan da?

-Beno, bere zailtasunak izan ditu egia esanda. Hasieran pentsatu genuen Serantes mendia gune bat izan zitekeela, baina, gaur egungo segurtasun neurriekin, ezinezkoa da. Azkenean, lau guneko ibilbidea egin dugu eta horretan Udalaren partetik eta Ibilaldia Elkartearen aldetik laguntza handia jaso dugu.

Astelehenetik aurrera, zuen eraikin berri proiektuaren zer fase egin daitekeen pentsatzera.

-Oso argi daukagu zer nahi dugun. Proiektu osoa egingo dugu, ziur nago, baina ez orain. Horrexegatik, joan behar gara markatzen zer parte egin ahal dugun. Hori guzti hori, argi edukita nora joan nahi dugun etorkizunean.

Zer esango zenioke igandean Santurtzira etortzeko duda mudatan dagoenari?

-Santurtzi leku oso erakargarria dela esango nioke. Gainera, aurkituko ditu mota askotako ekintzak eta gozatzeko aukera asko izango dituela, programa oso anitza landu dugulako.

Secciones