DEIALDIA ekainaren 14ra arte DAGO IREKITA

Aldundiak 299.000 euro emango dizkie udalekuak garatzeko lan egiten duten erakundeei

Kopuru hori haur eta gazteentzako xedatuta dauden jarduera-programak antolatzeko eta garatzeko erabiliko da

Foru Aldundiak haur eta gazteentzako udaleku, kanpamendu eta auzolandegiak antolatzeko lan egiten duten aisialdiko eta denbora libreko Bizkaiko erakundeentzako foru diru-laguntzen oinarri arautzaileak eta deialdia onartu ditu.

DEIA - Sábado, 26 de Mayo de 2018 - Actualizado a las 18:25h.

BILBO. Gobernu Kontseiluak onartu duen 299.000 euroko kopuruarekin, uda-garaian haur eta gazteen artean jolas-aisialdia sustatzen duten eta entretenimenduaren, bizikidetasunaren eta lankidetzaren alde egiten duten programa, proiektu eta jardueren antolatzea eta garapena sustatu nahi du foru erakundeak.

Zehazki, uda-garaian gauzatzen diren haur eta gazteentzako programak garatzen lan egiten duten eta udaleku, kanpamendu eta auzolandegiei erreferentzia egiten dieten aisialdiko eta denbora libreko erakundeek jaso ahalko dute diru-laguntza hori.

Laguntza hori eskatzen duten erakundeek bete beharreko baldintzei dagokienez, jarduera motaren arabera aldatu egiten da parte-hartzeko baimenduta dagoen pertsonen adin tartea: kanpamendu finkoetarako eta udalekuetarako 6 eta 18 urte bitartekoak, kanpamendu ibiltarietarako 14 eta 30 urte bitartekoak eta auzolandegietarako 18 eta 30 urte bitartekoak. Era berean, kanpamendu eta udalekuen kasuan, 15 parte-hartzaile egon beharko dira gutxienez eta kanpamendu ibiltarien eta auzolandegien kasuan, berriz, 10 parte-hartzaile. Kanpamendu, udaleku eta auzolandegiek gutxienez 6 eguneko edo 5 gaueko iraupena eta gehienez 15 eguneko iraupena izango dute. Udaleku irekien kasuan, gutxieneko iraupena 5 egunekoa izango da eta gehienekoa 15 egunekoa.

Eskaerak Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara eta Kultura Saileko Gizarte eta Hezkuntza Programen Atalaren bulegoetan (Recalde Zumarkalea, 30, 1. solairua. Bilbo) aurkeztu beharko dira, Foru Dekretua Bizkaiko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik hasita eta 2018 ekainaren 14ra arte, biak barne.