Zirrikituetatik begira

Hitzaren jabe

Juanjo. Olasagarre - Sábado, 26 de Mayo de 2018 - Actualizado a las 06:00h.

NI handitzen naizenean, PNVkoa izan nahi dut. Ez bakarrik ordenaren jabe izango naizelako, baizik eta negoziazio mahaietan eskari-eskaintzaren siga-saga amarruetan bidea argi izateko.

Txilen eta Argentinan baskook geure hitzaren jabe izatearen ospea dugu. Esanen nuke, ispiluan jarri eta geure buruei begiratzean, horixe dela geure buru horiei oparitzen diogun losintxa nagusia, geure hitzaren jabe izatea, gure artean hitza jaten duten kopurua beste nazioen parekoa dela ez bageneki bezala, altxa bezala bestela basko, eta areago euskaldun batek traizionatua izan ez denak. Baina, hala ere, ederretsi egiten gaitu baskook hitzaren jabe gareneko kontu horrek.

Hitzetik hortzera aldarrikatu dute jeltzaleek 155. artikulua derogatu arte ez zituztela Rajoyren aurrekontuak babestuko baina asteazkenean ikusi genuen bezala, egin egin dute. “Aurrekontuak ez babestea keinu hutsa izango litzateke, Katalunian batere eragin gabekoa”, adierazi dute. “Euskadiren interesak Eusko Alderdi Jeltzalearen interesen gainetik jarrita” hartu omen dute jeltzaleek erabakia 155. artikulua bertan behera geldituko dela aurreratuz. Aurrekontuak babestea gaitzerdi da, izan ere, ez babesteak Gobernua eroraraziko luke eta hauteskundeak aurrerarazi, Ciudadanos zentralistaren garaitza?? ekarrita. EAJk hitza jan du baina hi-tzaren jabe agertu nahi du zuhurtzia aitzakia.

EAJk badaki 155. artikulua bertsio leun edo gogorrean iraun egingo duela, ez dutela jasoko eta, badaki, Ciudadanosen garaipenak zentralismoa ekarriko duela eta kupoa, euskal kupo zorionekoa, hitzaren jabe izateak adina definitzen gaituenak, erasotu egingo duela C’s gobernura iristean, diskurtso nazionalista utzi, eta pragmatismo zartako batek ez baditu jo-tzen behintzat.

Niri, zer esanen dizuet, miretsita uzten naute jeltzaleen balea esan eta belea izateko abileziak. Uste dut noizbait fakturaren pasaraziko diela, baina, bitartean jarraituko dut pentsa-tzen handitu naizenean PNVkoa izan nahi dudala, Euskadi Buru Batzarrekoa ahal bada. Ze marabilla!

Secciones