Bizkaiko ikastolen jaia

[Argazkiak]: Milaka herritar hurbildu dira Santurtzira Ibilaldia ospatzera

Hezkuntza lege berriak murgiltze eredua ezarri behar duela aldarrikatu dute ikastolek

Ikastolak oso kezkatuta daude ikasleen euskara ezagutza mailak behera egin duelako, egin diren azken ebaluazio probetan izan diren emaitzak kontuan hartuta. Horregatik, egungo hizkuntza ereduak albo batera utzi, eta benetako murgiltze eredu baten alde egin dute, Araba, Bizkai eta Gipuzkoarako hurrengo Hezkuntza Legeari begira

deia.eus - Domingo, 27 de Mayo de 2018 - Actualizado a las 17:02h.

BILBAO. Halaxe adierazi dute, Santurtzin, Bizkaiko ikastolen aldeko Ibilaldiaren hasiera ekitaldian. Ikastolen Elkarteko lehendakari Koldo Tellituk egin du “larrialdi deia”. “Inoiz baino ozenago esango dugu: hizkuntza ereduek ez dute euskalduntzen. Ezin dugu bertan goxo egoten jarraitu D ereduan gero eta haur gehiago matrikulatzen direlako. Ebaluazioek frogatzen dute, matrikulazio datu hori gora behera, gure ikasleen ezagutza maila ez dela hobetzen ari. Gure ikasleen euskara ezagutza, ezagutzaren kalitatea, hobetzea behar dugu. Bestela, gure ikasleek euskaraz hitz egiteari uzteko arriskua izango dugu”, azaldu du.Eusko Jaurlaritza bultzatzen ari den Hezkuntza Akordiorako proposamenaren gainean ikastolek gogoeta prozesu bat hasi dutela iragartzerakoan egin du ohartarazpen hori. Hain zuzen ere, gogoeta prozesu horren puntuetako bat da hizkuntzarena. Horrekin batera, azaldu du bi gabezia nagusi dituela proposamenak: erdietsi nahi den sistemaren publikotasun ereduari dagokion eztabaida, eta horri lotuta sistemaren finantzaketari dagokiona.Halaber, mahai gainean dagoen Eskola inklusiboaren aldeko herri ekimen legegilearen gainean ere hitz egin du Tellituk. Adierazi du ikastolok argi dutela atzerriko jatorria duten ikasleriaren eskolatzea herri apustu bat dela, hezkuntza eragile guztiek konpromisoa izan behar dutela, eta ikastolek eurei dagokien mailaren araberako konpromisoa betetzeko prest egoteaz gainera, bete egin nahi dutela.“Ezin ditugu begiak itxi egungo errealitatearen aurrean: hezkuntza sareen artean desberdintasun handiak daude matrikulatuta dauden atzerriko jatorria duten ikasle kopuruetan. Are gehiago, sareen barnean askoz ere desberdintasun handiagoak daude, eta berdin hizkuntza ereduetan ere”, esan du. Egungo desoreka handiari buelta emateko ikastolek beren proposamena mahai gainean ipiniko dutela ere esan du, ikastola guztiekin eztabaidatu eta gero.Ibilaldia Kultur Elkarteko lehendakari Josune Bañalesek, berriz, ikastoletan ematen ari den hezkuntza eraldaketa izan du hizpide bere hitzaldian. Etapa guztietan martxan jarri den edo jartzen ari den eredu pedagogiko berriaz mintzatu da;euskaran, euskal curriculumean eta konpetentzietan oinarritutako EKI proiektua, Haur Hezkuntzako marko pedagogiko berria edota Batxilergoan eta Lanbide Heziketan egiten ari diren lana aipatu ditu. Baita eskola jazarpenaren aurkako KiVa programa eta aste honetan bertan ikasle eta adimen aniztasunari erantzuteko ikastolek aurkeztu duten unitate pedagogikoaren prototipoa ere.

GIRO PAREGABEA SANTURTZINEgunari dagokionean, berriz, primerako giroa dago Santurtziko kaleetan. Milaka eta milaka herritar hurbildu dira Bizkaiko ikastolen jaira. Ibilaldiko eta Bihotz Gaztea ikastolako ordezkariek eskatu bezala, gainera, garraio publikoa hautatu dute kanpotik Santurtzira hurbildu diren ikastolazale gehienek, eta horrek asko lagundu du herrian hainbeste jenderen pilaketaren ondorioz trafiko arazorik ez sortzea. Gainera, garraio publiko zerbitzua oso ondo ari da lanean, batere eragozpenik gabe.9:30etan eman zaio hasiera aurtengo Ibilaldiari, Bihotz Gaztea ikastolaren egoitzan egin den ekitaldian. Eta ordutik aurrera, martxan dira lau jai guneetako programazio askotarikoa eta gazteei zuzendutako Erronka saioa.11:30ean, Dorretxean, omenaldia egin zaie derrigorrezko ibilbide akademikoa ikastolan burutu zuen lehen belaunaldiko gurasoei. Ondoren, Bihotz Gaztea ikastolak, Lekeitioko Azkue ikastolari lekukoa pasatu dio, bertan ospatuko baita heldu den urteko Ibilaldia.   Eguraldi aparta lagun, gune guztiak jendez gainezka daude, eta bertaratutako guztiak itzelezko giroaz gozatzen ari dira. Gaur, Santurtzin, euskarak kaleak bete ditu.