IRITZIA

Kritikaren sariez

Iban Zaldua - Martes, 29 de Mayo de 2018 - Actualizado a las 12:03h.

URTERO bezala, udaberriarekin eta liburuaren egunarekin batera, (Espainiako) Kritikaren sarien iragarpena heldu da, euskarazko alorrean bi irabazle izan dituena, Luis Garde poesiarenean (Barbaroak baratzean lanagatik), eta Aingeru Epaltza narratibarenean (Mendi-joak izenburukoagatik). Azkenak bereziki poztu nau, ipuin liburua delako, eta hori, neurri batean, euskal narraziogintzaren sendotasunaren erakusgarritzat har genezakeelako, are gehiago kontuan hartzen badugu 2017ko uztan Ana Malagonen Gelditu zaitezte gurekin edo Eider Rodriguezen Bihotz handiegia bezalako lehiakideak zituela alboan, besteak beste.

Baina, hori esanda ere, aitor dut Juanjo Olasagarreren Poz aldrebesa bezalako nobela mardula zela nire faboritoetako bat: nobelak, oro har, saritzeko errazagoak iruditzen zaizkit (irakurle klub batean nobela bat ipuin liburu bat eztabaidatzeko eta laburtzeko baino errazagoa den modu berean), eta Poz aldrebesa-k gaiagatik, anbizioagatik eta emaitzagatik hor egoteko aukera handiak zituela iruditzen zitzaidan. Gogoratu nintzen arte Olasagarrek ia ezinezkoa zuela Kritikaren saria berriro irabaztea, lortu zuen aurrekoan, 2005ean, Ezinezko maletak nobelarekin, bururatu zitzaiolako kazetariei erantzutea eskertuta zegoela sariarekin, baina kontuan izan behar zela, edonola ere, pertsona bakar batek erabakitzen zuela nori eman. Ez zuen gezurrik esaten, eta, izan ere, apaltasun erakusgarri hori goraipatzeko modukoa iruditu zitzaidan. Baina saria ematen zuenari, ziurrenik, ez hainbeste, gehiagotan irabazteko aukerak bat-batean murriztu zizkion zerbait. Roma traidoribus non praemiat.

Hala baita: urteetan zehar Jon Kortazar izan da Kritikaren saria esleitu duena, hainbestetan ezen, lagunartean, KritikOaren saria deitu izan baitiogu, txantxetan. Orain Javier Rojo ere badabil langintza horretan, bakarrik edo Kortazarrekin elkarlanean, biak baitira, antza, Asociación Española de Críticos Literarios (AECL) delakoak geurean dituen ordezkari euskaldun bakarrak.

Gogoan dut nola, behin, nazioarteko literaturako kongresu batean, txostengileetako batek kartsuki argudiatu zuen Kritikaren sariak fidagarriagoak zirela, espainiar literaturaren tenperatura-neurgailu gisa, Narratiba Sari Nazionalak baino, azken horiek presio politikoen mendeago zeudelakoan, espainiar kritikoen bilkura halako interesetatik libre zegoen bitartean. Nik xeheki azaldu behar izan nien hori agian hala izango zela gaztelaniazko literaturaren alorrean, baina euskarazkoan pertsona bakar baten eskuetan zeudela eta, beraz, ezin zirela inolaz ere Sari Nazionalak baino maila garaiago batean kokatu. Aho bete hortz geratu ziren entzule guztiak.

Nik uste dut ez litzatekeela horren zaila euskarazko Kritikaren sarien prestigioa berreskuratzea, eta alde horretatik proposamen zintzo bat egin nahi nieke Jon Kortazar eta Javier Rojori: euskal kritikari guzti- guztien, akademiko zein prentsako, bando bateko zein besteko zerrenda formala egin ondoren, denen arteko botazio sistema garden bat antolatzea litzateke kontua, eta hortik ateratzen den erabakia bihurtzea haiek AECLra eramango luketena.

Planteamendu horrekin sariaren eta euskal literaturaren osasunaren alde ari naizela uste dut.