bidaia kuadernoa

Palestinako kazetaririk gazteena

Janna 12 urteko neskatoa Isralego okupazioa salatzeko sare sozialez baliatzen den gazte belaunaldi berrienikur bihurtu da Palestinan. Goian, bere etxean gordetzen duten gas negar-eragile bilduma. ANE IRAZABAL

Janna Jihad du izena, 12 urte ditu eta haren Facebook profila 250.000 jarraitzaile baino gehiago izatera iritsi da. Mugikorraren bidez erakusten du palestinarrek bizi duten eguneroko indarkeria

ANE IRAZABAL - Martes, 29 de Mayo de 2018 - Actualizado a las 12:08h.

TAMIMI familia oso ezaguna da Palestinan. Zisjordaniaren bihotzean dagoen Nabi Saleh herrixkako herritar gehienak Tamimitarrak dira eta ospetsu egin dute haien abizena. Patriarka, Bilal, kazetari palestinar ezaguna da. Bere emazte Manal, berriz, nazioarteko ekintzaile aktiboa. Eta haien iloba Ahed erresistentzia baketsuaren sinbolo bihurtu da mundu zabalean. Ahed Tamimik nazioarteko lerro-buruak bete ditu, 17 urterekin Israelek kartzelan sartu duelako soldadu bati burukada bat eman ostean.

Zerrenda ez hor amaitzen, ordea. Belaunaldi berriak indartsu datoz Tamimitarrenean. Familiako kide txikienak 12 urte ditu eta Janna du izena. Oraindik eskolara doa, baina dagoeneko kazetari palestinarrik gazteena bezala definitzen dute askok. Eta ez da gutxiagorako. Begi argi eta ile iluneko neskatoak energiaz eta ilusioz ekin dio bere “lanbide” berriari. “Osaba Bilalek erakutsi dit bideokamera erabiltzen eta bideoak editatzen. Youtuben kate bat sortu dut, Facebooken albisteak eguneratzen ditut eta Instagramen eta Snapchaten bideoak partekatzen ditut lagunekin”. Jannak Palestinako belaunaldi berria islatzen du, alegia, Israelgo okupazioa salatzeko sare sozialez baliatzen den gazteena.

Izan ere, txiki-txikitatik indarkeriaz inguratuta bizi izan da Janna. Bere etxea Halamish kolonia juduaren ondoan dago eta Israelgo armadak zeharo militarizatuta dauka eremu osoa. Nabi Saleheko herritarrek Israelgo okupazioaren kontrako manifestazioak egiten dituzte, ostiralero.

500 biztanleko herrixka zona militar itxia da Israelentzat. Soldaduek baliabide natural guztiak kontrolatzen dituzte. “Halamishen bizi diren kolono juduek urik gabe utzi dute Ein al Qaws izeneko iturri historikoa. Ez digute hara hurbiltzen uzten. Horregatik erabaki dugu erresistentzia baketsuari ekitea”, azaldu du Bilalek, bideokamera eskuan. Janna eta bere ama Nawal mugikorrarekin hurbiltzen dira protestetara.

“Oraindik ez diot uzten bakarrik joaten”, azaldu du amak, “txikiegia da eta ez du arriskuaren noziorik”.

Jannak manifestazioetan ikusten duen guztia grabatzen du eta ondoren Facebooken jartzen ditu bideoak. Bere freskotasunarengatik jarraitzaile andana lortu ditu eta milaka ikustaldi dituzte kazetari gaztearen erreportajeek. “Hasieran beldur handia ematen zidan soldaduen ondora hurbiltzea, baina egun batean nire lagun Mustafa tiroz hil zuten. Orduan soldadu baten ondora hurbildu nintzen eta zergatik hil zuten galdetu nion. Ez zidan erantzun. Orduz geroztik, manifestazio guztietan parte hartzen dut”, gogoratu du.

Tamimitarrek gas negar-eragile poteez osaturiko bilduma bat dute etxearen aurrean. Bilalek eta Manalek hesi batean eskegi dituzte metalezko pote guztiak. “Munduari erakutsi nahi diogu egunero pairatu behar dugun indarkeria. Batzuetan soldaduek hamar pote jaurtitzen dituzte gure ate ondora. Ezinezkoa da arnastea”, esan du Jannak.

Horregatik, agian, Tamimi familiaren etxea erromesaldi gune bilakatu da azkenaldian. Astero, mundu mailatik etorritako dozenaka kazetarik jotzen dute etxeko atea. Familiak begirunez tratatzen ditu guztiak.

Bilalek hala ikusten du: “Guretzat oso garrantzitsua da pairatzen dugun eguneroko indarkeria munduari erakustea. Beraz, ongietorriak dira kazetari, ekintzaile eta kurioso guztiak”. Baina Janna 12 urteko neskatoa da, eta, ume guztiei bezala, kazetariengandik ihes egitea gustatzen zaio.

“Lagunekin olibondoetara igotzen gara. Beste herrialde batean bizi naizela imajinatzen dut”. Ametsak ez dizkiote oraindik zapuztu: - “Handia naizenean bost lanbide izango ditut: politikaria, kazetaria, zientzialaria, diseinatzailea eta futbol jokalaria”, adierazi du Jannak energiaz beteta.

- “Ez duzu denerako denborarik izango!”, erantzun dio ama Nawalek txantxa artean.

- “Bai horixe! Inork ez nau geldituko”, egin dio desafioa.

Secciones