Zirrikituetatik begira

Egonkortasuna

Rikardo. Arregi - Miércoles, 30 de Mayo de 2018 - Actualizado a las 06:00h.

NONBAIT irakurriko nuen ateraldia, edo norbaiti en-tzungo nion, ez naiz gogoratzen, bai larunbat goizean izan zela, eta barre galantak egin nituela: “Hamabi ordu iraun dio egonkortasuna Urkulluri”. Edo Ortuzarri, edo EAJri, ez dakit. Egia esan, pasa den asteko ostegun-ostirala egunerokotasun gordinean eman nituen eta, beraz, politikari buruzko albisteak ozta-ozta segitu;Erresumaren aurrekontuen inguruko suspentsea (suspentsetxoa, hobe) gainditurik, gainerakoa (Gürtel kasuaren epaia, zentsura mozioaren gorabeherak eta abar) leku batzuetan dagoen apaindurazko musika hori bezalakoa izan zen niretzat: zerbait entzun baina ezin jakin zehazki zer. Larunbat goizean, azkenik, gertatutakoaz jabetu nintzen goiko esaldi horri esker, besteak beste. Ai, egonkortasuna. Egonkortasuna politikari askoren azken jainkoa, edo jainkosa, da. Larunbat goizean Urkullu lehendakaria irudikatu nuen fantasia erromatar-erromazale batean: Egonkortasunaren tenplura joaten ari zen korrika batean forotik, togarekin estropezuka, apaiz guztiei galdezka ea zer sakrifizio mota zegokion egoera berriari, Egonkortasunaren mesedeak berreskura-tzeko. Egonkortasunaren izenean popularrekin egindako ituna apur daiteke eta beste bat antolatu sozialistekin, edo ez, berdin dio, Egonkortasuna da nagusi (Ardurarekin batera, modan jarri den beste jainkoa, edo jainkosa). Egin beharreko sakrifizioak egingo dira eta kitto. Esaten al dute zerbait liburu sibilinoek?

Niri ez zait gustatzen politika kontuetan egonkortasuna gauza guztien gainetik jartzen duen joera hori. Lehen, zerbait aldatzen zenean (den-dena zegoen bezala mantentzeko, jakina), entretenituago geunden behintzat;orain, egonkorta’sunaren kalakarekin, dena da astunagoa, aspergarriagoa, nekagarriagoa: hazpegiak zurruntzen zaizkigu, gorputza gogortu, ahoak mututu. Laster, erreformak, aldaketatxoak pregonatzen zituen garaia nostalgiaz gogoratuko dugu. Harrizko egonkortasun mugiezina da gure denboraren patua. Egonkortasuna: hitzak berak ere harkaitz itogarria dirudi.