ESKUBALOIA

Urez blaitutako jaia

URDANETA IKASTETXEAK TXIKIENESKUBALOI EGUNAREN 21. EDIZIOAOSPATU ZUEN;EURIAK EZIN IZANZUEN IKUZKIZUNA GOIBELDU

Miriam Rodríguezen erreportajea - Jueves, 31 de Mayo de 2018 - Actualizado a las 13:41h.

EGURALDI txarrari, aurpegi ona. Hori dio errefrau ezagunak, eta bat dator asteburu honetan norgehiagoka eta txapelketetan gertatu denarekin. Eguraldiaren iragarpenek goiza ateri egongo zela iragartzen bazuten ere, azkenean hodeiek euria ekarri zuten, baina ez nahikoa egun horretan antolatutakoa hondatzeko. Horixe pentsatu zuten Urdaneta ikastetxeko eskubaloi ataleko arduradunek, aurreko larunbatean txikien Eskubaloi Egunaren hogeita batgarren edizioa antolatu baitzuten. Aurten, benjamin, kimu eta haurren kategorietako 49 taldek hartu zuten parte ekitaldian, eta 1.000 lagun baino gehiago etorri ziren, jokalariak, antolatzaileak eta gurasoak besteak beste.

Partidak goizeko 9.00etan hasi ziren ikastetxe osoan prestatu ziren hamalau zelaietan. Edonora begiratuta ere, partida bat jokatzen ari zen. Haietako asko alboz alboko zelaietan, eta bozgorailuetatik jokalari guztiak animatzen zituzten, bustitzen ari baziren ere. Alabaina, esatariak zioenez, “lau tanta besterik ez dira izan”.

Ikastetxeko jokalariak anfitrioiak izan ziren gonbidatutako klubentzat. Gehienak Bizkaitik etorri ziren, esaterako, Zuazo, Basauri, Loyola Indautxu, Trapagaran, Ongarai, Askartza, Barakaldo, Errotabarri, Eskolapioak, Urdaibai, Uribe Kosta, Beltzagorri edo Kukullaga, azken horiek ileorde laranjekin. Gipuzkoako taldeek ere jokatu zuten, Hernanik eta Eibarrek adibidez, baita Kantabriakoek ere, Colindresek esaterako. Ekitaldia txapelketa gisa antolatu zen, eta finalaurrekoak eta finalak izan zituen kategoria bakoitzerako.

Jokatzeko sistema honelakoa izan zen: talde guztiak lau taldetan banatu ziren kategoria bakoitzeko. Talde bakoitzeko lehen sailkatuek finalaurrekoak jokatu zituzten, eta garaileek aurrez aurre jokatu zituzten finalak, ikastetxeko kiroldegian. Berdinketa zegoenean, antolakun tzak bi balizko hartu zituen kontuan: finalaurrekoetan berdinduz gero, urrezko gola sartzen zuenak irabaziko zuen, hau da, sakea zozkatu ostean gola sartzen zuen lehenak. Finaletan, bost minutuko luzapena jokatuko zen, eta orduan ere berdinduko balute, urrezko golaz baliatuko ziren. Partida bakoitzak hogei minutu iraun zuen, eta norgehiagoka batetik bestera bost minutuko atsedena zegoen.

Txapelketaren garapena zuzenean kontatu zuten Urdaneta eskubaloiaren Twitter bidez, parte-hartzaile guztiei adorea emanda. Parte hartu zuten klubek mezuak utzi zituzten zer ondo pasatu zuten azaltzeko, emaitza edozein zela ere. Bestalde, jokalari bakoitzak txartel bat jaso zuen ogitarteko eta edari baterako, eta beste bat elastiko baten zozketan parte hartzeko. Gainera, txosna bat jarri zuten nahi zuenak berriz indarra hartzeko txistorra edo tortilla ogitarteko batekin. Ikastetxeko kafetegiak ere hainbat lekutatik ikastetxera etorritako guztiak artatu zituen.

Txapelketa hau klasikoa da eskolarteko eskubaloian. Helburua da bereziki Bizkaiko klubak elkartzea kirol hau sustatzeko jai handi batean. Beste ikastetxe batzuek, Askartza Claretek esaterako, edota beste klub batzuek, Muskizek esaterako, antzeko jardunaldiak antolatzen dituzte.

Ekitaldi horretaz gain, asteburu honetan hainbat final ospatu dira, besteak beste, Bizkaiko Minikopa Lasesarreko kiroldegian. Bertan, kadetetik seniorrera arteko partidak jokatu ziren. Halaber, eskubaloi inklusiboko topaketak egon ziren, eta gala bat ospatu zen norgehiagoka guztiak bukatu ostean.

Bestalde, azpimarratu behar da Bizkaia Espainiako txapelketako finaletan egongo dela aspaldiko partez, nesken haurren kategorian. Kukullaga Etxebarri sailkatu zen aurreko fasea irabazi ostean, beren kiroldegian jokatuta. Bizkaiko beste parte-hartzailea, Basauri, aldiz, ezin izan zen finalera sailkatu, Pontevedran jokatutako taldekako fasean.

Azkenik, gogorarazi behar da egun gutxi barru hondartzako eskubaloi jardunaldiak hasiko direla hainbat lekutan, Bakion edo Basaurin besteak beste, eta belar gaineko eskubaloi jardunaldia Faduran. Eskubaloiak oraindik luze joko du.