Maruri-Jataben

Isaac Amezaga izango da EAJ-PNVk alkatetzarako aurkeztuko duen hautagaia

“Hau da nik maite dudan herria eta bere alde lan egiten jarraitu nahi dut”, azaldu du 

Isaac Amezaga Larrazabal Maruri-Jatabeko alkatea izango da herri horretako EAJ-PNVk hurrengo urteko hauteskundeetarako aurkeztuko duen alkategaia. Amezaga aho batez aukeratu zuten maiatzaren 24an EAJ-PNVren uri batzarrean. Udal kudeaketa ez da lan berria Amezagarentzat.

deia.eus - Jueves, 31 de Mayo de 2018 - Actualizado a las 14:41h.

BILBO. Izan ere, alkate lanetan daramatzan urteei (alkate izendatu zuten Joseba Koldo Alzagak, 18 urtetan herriaren buruzagitza aldean izan ondoren, 2014ko urtarrilean aginte makila utzi zuenean), gehitzen zaizkie Udalean zinegotzi gisa eman zituen zortzi urteak (1995-2003). “Maruri-Jatabe da nik maite dudan herria eta bere alde lan egiten jarraitu nahi dut”, azaldu du.

Amezagaren esanetan “herritarrak dira eta izango dira gure helburu nagusia eta gure gestioaren ardatza. Hainbatetan eskatu zaie euren iritzia inkesta desberdinen bidez, aurrekontu parte-hartzaileak egin dira azken bi urteetan, etxe-etxeko informazioa indartu da sare sozialen bidez eta abar. Baina guztiaren gainetik, herritarrek badakite Udaletxeko ateak zabalik dituztela”, azaldu du.Hautagai jeltzalearen ardura nagusiak “eskualdeko Enplegu Planaren bidez, langabezian dauden pertsonen prestakuntza” sustatzea izan da. “Jatabetarrek lanerako bidea berriro hartzeko. Besteak beste, gazteentzat, Udal Gaztedi programaren barruan, laguntzak, prestakuntza ikastaroak eta hainbat jarduera gehiago eskaini dira”.

Bestalde, Gizarte Zerbitzuen saila indartzen saiatu gara eta, era berean, Jatabeko I. Berdintasun Plana gauzatzeko eta martxan jartzeko pausuak ere eman dira. “Herriko bideak asfaltatzeko lanak ere egin ditugu, ia herri guztiko argiteria berritu dugu, led argiak instalatuz. Beti be, energia eraginkortasunari begira. Honetaz aparte, Ur Partzuergoaren laguntzaz, hainbat auzoetako ur hoditeria berritu da”, azaldu du bozeramaile jeltzaleak.

Hirigintza arloan igerilekuen atzean dagoen lursailean, “30 etxebizitza eraikitzeko gestioak egin ditugu eta ekainean zehar lanak hastea espero dugu”. Herriko kirol instalazioak ere optimizatu egin dira. “Futbol 7ko zelaia egin dugu. Gimnasioko makinak berrituz eta prezioak egokituz, erabiltzaile zerrenda handiagotzea lortu dugu” eta udalerriko historia barrutik ezagutzeko “ibilbide berdeak eta osasuntsuak egokitu eta seinaleztatu ditugu, baita Gerra Zibileko aztarnak balorean jarri be”.

Etorkizunera begira, Amezagak dagoeneko lortu dituzten zerbitzuak mantendu, hobetu, eta ahal izan ezkero, handiagotzen saiatuko dela azaldu du. “Herritar guztiek eta auzo guztietan egon daitezkeen beharrizanei, ahal dugun neurrian, erantzuten saiatuko gara: saneamendua, asfaltatze lanak, segurtasuna eta abar.

Herriko telefonia eta Internet konektibitatea hobetzea ere ezinbestekotzat jotzen dugu. Hirigintzari dagokionez, hurrengo urteak garrantzitsuak izango dira;herritarren iradokizunak kontuan hartuaz, Hiri-Antolamenduko Plan Orokorra (HAPO) eratu beharko baita eta herriaren hazkunde orekatua diseinatu. Udal eraikinetako, eta nagusiki Udaletxeko, irisgarritasuna hobetzen saiatuko gara. Kultura eta kirol arloan be erronkak dauzkagu: euskararen erabileran, herrigintzan eta Jataberen nortasuna balorean jartzeko eta, besteak beste, kirolguneari erabilera aproposa emateko lan egingo dugu”.

Isaac Amezaga Larrazabal Euskal Filologian lizentziatua da Deustuko Unibertsitatean eta, berrautaketari “ilusioz eta zoriontsu” erantzuten dio “nigan jarri duten konfiantzagatik”. Herria eta bere ohitura eta tradizioak maite ditu eta saskibaloi zale sutsua da.