13-16 urteko gazteentzat

Bilboko B-Tuber ikastaroetan izena emateko epea zabalik ekainaren 8ra arte

EP - Sábado, 2 de Junio de 2018 - Actualizado a las 16:43h.

BILBO. Doako B-Tuber euskarazko ikastaroetan izena emateko epea jada zabalik. Bilboko Udalak eta Azkue Fundazioak antolatutako ikastarok ekainaren 25etik 28ra bitartean egingo dira Euskararen Etxean. Bilboko 13-16 urteko gazteek parte hartu ahal izango dute, bideoak euskaraz sortzera eta editatzera eta bideo horiek Youtube bidez ezagutaraztera animatzeko.

Bilboko Udalak eta Azkue Fundazioak udako doako B-Tuber ikastaroetan izena emateko epea zabaldu dute. Youtuber izateko euskarazko ikastaroak ekainaren 25etik 28ra bitartean egingo dira, Euskararen Etxean, eta Bilbon erroldatutako 13-16 urteko gazteentzat dira, bideoak euskaraz sortzera eta editatzera eta bideo horiek Youtube bidez ezagutaraztera animatzeko.

Bilboko Udaleko Euskara eta Hezkuntza Sailak 10.000 informazio orri baino gehiago banatu ditu adin tarte horretako gazteak bizi diren etxeetan, B-Tuberren alderdi ludikoa eta prestakuntzakoa azaltzeko eta, bide batez, proiektuan parte hartzera animatzeko.

Bere arduradunek jakinarazi dutenez, Youtuben euskararen erabilera zabaltzeko asmoarekin sortu da B-Tuber, Youtube baita gazteek aisian ikus-entzunezko edukiak ikusteko, partekatzeko eta trukatzeko gehien erabiltzen duten kanaletako bat. Aldi berean, ekimenean parte hartzen dutenek aukera izango dute Youtuben bideoak sortzeko, editatzeko, produzitzeko eta post-produzitzeko eta kanalak sortzeko eta gestionatzeko ezaguera teknikoak eskuratzeko.

Ikastaroak Gabonetako oporretan egin ziren lehenengoz, eta, lortutako arrakasta ikusita, ikasturtea amaitu ondoren berriro antolatzea erabaki da. Hortaz, ekainaren 25etik 28ra bitartean, San Ignazioko Euskararen Etxean, zortzina orduko hiru ikastaro eskainiko dira, bi egunetan banatuta. Ane Atxutegi irakasle eta youtuber profesionalak emango ditu ikastaroak, eta gai interesgarriak jorratuko dira benetako youtuber bihurtu nahi dutenentzat.

B-Tuber ikastaroetan izena emateko epea zabalik egongo da ekainaren 8ra arte. Parte hartu nahi duten 13-16 urteko gazteek inprimakia bete behar dute, ikastaroa zein egunetan egin nahi duten adierazita.

Zehazki, ekainaren 25ean eta 26an 19 plaza eskainiko dira, eta ikastaroa 09.30etik 13.30era izango da;ekainaren 26an eta 27an 21 plaza izango dira (15.30-19.30), eta ekainaren 27an eta 28an 24 (09.30-13.30). Horrez gain, ekainaren 15etik 30era bitartean euren euskarazko bideoak bidali ditzakete info@azkuefundazioa.org helbide elektronikora, Youtuberren Lehiaketan parte hartzeko.