Zirrikituetatik begira

Mediateka

Juanjo Olasagarre - Sábado, 2 de Junio de 2018 - Actualizado a las 06:00h.

HITZX batzuk errepikatzearen errepikatzez maiztu eta esanahia galtzen dute. Neoliberalismoa da horietako bat. Kutxa huts baten moduko zerbait bilakatu dugu, eta ekonomiaren arloan gustatzen ez zaigun edozer arbuiatzeko erabiltzen dugu, bereziki, geure buruak ezkerrekotzat ditugunok.

Hainbeste, neoliberalismo hitza kapitalismo berantiarrak ekonomiaren eremutik at sortu dituen hainbat dinamika kalifikatzeko ere erabiltzen dugula: polimaitasuna neoliberala da, artearen hainbat adierazpen neoliberalak dira, nobela batzuen bukaerak neoliberalismoa indartzen dute, zaborraren kudeaketa batzuk neoliberalak dira.

Gehiegizko erabilera horrek batzuetan indarra kentzen dio hitzaren jatorrizko esanahiari, alegia, zerbitzu publikoaren saltzeak eta merkatuaren araugabetzeak sortzen dituen dinamika ekonomikoak deskribatzen duen horixe.

Horregatik batzuetan harritu egiten naiz horren ideia abstraktua kalean, aurre aurrean lehertzen zaidanean, hemen euskal paradisu jeltzalean. Lehen Bilboko Arte Ederretako langileak izan ziren greban, gero Guggenheim museoko hezkuntza arloko langileak, lehengoak baldintzak hobetzea lortu zuten, bigarrenek ez, bota egin zituzten.

Orain Alhondigako Mediatekakoak daude greban. Aspaldi nekien haien baldintzen berri, asko joaten naizelakoz eta ezagunak ditudalako. Eraikinaren atarian ikusi nituen aurrekoan pankarta batekin Aburtoren kontra, besteak beste, garrasika. 8 urtetik hona obra amaierako kontratuak dituzte, soldatak izozturik dituzte azken 8 urtetan, 365 egun izaten da irekita horrek eragiten dituen egutegi hedatuegiekin, ez dute subrogatuak izateko eskubiderik, ez diete antzinatasunik onartzen eta 900 eurotik beherako soldatak dituzte hilean.

Zergatik horren baldintza txarrak halako zerbitzu publikoan? Liberalismoak hasi zuen soka baten muturra delako zerbitzu publikoak azpikontratatzea. Eta azpikontratak badakigu, badaki Bilboko alkateak, etekina du helburu, zerbitzu publikoa ahalik eta merkeen eskaintzea. Badakigu noren lepo.

Secciones