IBAN URIZAR ‘AMORANTE’ MUSIKARIA ETA ABESLARIA

“Lotsa gutxi daukat oholtzan edozer jotzen agertzeko”

Ekainaren 15ean Zumaiako San Telmo ermitan emango du kontzertua Iban Urizar ‘Amorante’ musikariak. (IKER AZURMENDI)

Ibilbide luzeko musikaria den arren, bakarka defendatzen ari den Amorante proiektuak eman dio Iban Urizarri ahots propioa topatzeko bidea

Olatz Prat - Sábado, 2 de Junio de 2018 - Actualizado a las 18:33h.

Bederatzi urterekin lehenengoz tronpeta hartu zuenetik, musika izan da Iban Urizarren (Elgoibar, 1975) bizitzaren ardatz ezinbesteko bat. Herriko musika bandan eta hainbat taldetan (Café Teatro, Mengele Quartet, Andrakan eta beste hainbat) ibili ostean, bakarkako lehen proiektuari ekin zion duela bost urte. Musikaren ezagutzan etengabe sakontzeak, musika jotzeko abilezia apartekoak eta harekin jolas egiteko pasioak, inor aiherga utziko ez duen mundu bat sortu dute: Amoranteren mundua.Amorante, Rodrigo Amarante eta Enrique Morenteren izenen baturatik omen dator. Nondik sortzen da Amorante?Musikan hasi nintzenetik kargatzen joan naizen motxilaren hustutze bat da Amorante, eta seguru asko aurretik izan ditudan proiektuetan atera ezin izan ditudan gauza asko atera-tzearen ondorio ere bai. Izena da, gehienbat, haietatik atera dudana, lodi eta erraz esanda.Nondik datorkizu, orduan, kutsu flamenkoa? Odolekoa da?Kutsu flamenkoa entzuten duzu? (Barreak). Ez, ez da odolekoa. Gustuko dut, besterik gabe. Izenari erreparatzen badiozu, izenak badauka probokazio puntu bat. Miresten ditudan bi artista dira (Amarante eta Morente) eta flamenkoa Morentetik badator ere, izena bera egiten zait iradokitzailea. Bada Morante izeneko toreatzaile bat, bada ere Dorantes izeneko pianista flamenko bat... fonetika aldetik eramaten zaitu mundu horietara, baina ez dut ardatz bezala inoiz erabili eta ez dut inoiz defendatuko flamenkoa egiten dudanik, ez flamenkoa euskaraz, ez eta flamenko usaina duen ezer. Kontua da kantaera melismatikoa egiten dudala batzuetan eta horrek gogorarazi dezakeela flamenkoa. Baina flamenkoa musika arabiarretik eratorria da eta beraz, kantaera hori izan daiteke ere Afrika iparraldeko musikaren eragina edo India edo Asiako kantaera melismatikoena. Euskal Herriko Iparraldean ere topatu daitezke melismak erabiltzen dituzten kantariak. Ez nuke nabarmenduko, beraz, flamenkoarena. Esan duzu Amoranten atera ahal izan duzula beste proiektuetan atera ezin izan duzuna. Zer da, zehazki, atera duzun hori?Hasteko nire ahots propioa, eta zentzu literalean diot. Aurretik abestu izan nuen Andrakan izeneko talde batean;pop-folk-rock amerikarretik eratorritako musika egiten genuen. Abestiak nik sortzen nituen, eta han sartzen ez ziren kantuak bihurtu ziren Amoranteren mehatzea. Ahots propio hori etorri da bakarrik zerbait defendatu behar izan dudanean, ordura arte inoiz egin gabekoak egiten hasi naizenean. Gehienbat nire ahotsa topatu dut, kostatu zait, baina topatu dut. Ahotsa, literalki soilik?Ez, bi zentzutan, zentzu zehatzenean eta zen-tzu zabalago eta metaforiko batean. Egia da zeure proiektua defendatu behar duzunean, behar dituzula kolore paletan zure mundu hori margotu ahal izateko elementu desberdinak. Ni tronpetista naiz ikasketaz eta jardueraz, eta tronpetista bezala ezin da normalean kantautore batek gara dezakeen ibilbide ohikoa garatu. Egiten duzuna da beste taldeetan parte hartu, beste musikariei lagundu... Horrek beste modu batean garatzen zaitu musikari gisa. Agian gitarra edo beste tresna polifoniko bat joko banu, desberdina izango litzateke. Baina tronpetak baldintzatu egin du nire izaera, izaera musikala bai, behintzat. Bigarren lerrotik ‘frontman’ izatera pasa zara Amoranterekin.Hori da. Askok ez dute pasatzen bigarren lerroan egoteko fase hori, gitarra hartu eta konposatzen hasten dira eta zuzenean taldeburu izatera pasatzen dira. Nik bigarren lerro horretan pasa ditut urte gehienak. Taldeetan hasi nintzenean 17 urte nituen eta orain 43 ditut, eta duela bost urtera arte ez naiz hasi bakarka ezer defendatzen, beraz, berria zen niretzat. Urteetan egonkortzen joan naiz hor, neu ere segurtasun gehiago hartzen joan naiz eta, zorionez, jendeak gustura hartu du proiektua;horrek ahalbidetu du kontzertuak eman ahal izatea eta baldintza onetan eman ahal izatea, gainera. Musika esperimentala da zurea?Esperimental hitzak berak badauka karga bat, karga politikoa ere esango nuke. Esperimental esaten dugunean askotan zerbait abstraktu bezala hartzen dugu, ulertu ezin den zerbait eta baita zerbait elitista ere, eta ni ez noa hortik. Hasieratik esan dut herri musika egiten dudala, formazioz musikari klasikoa naiz eta nahiko bihurria izan naizenez betidanik, ez diot nire jardunari inongo puntu elitistarik ikusten. Zer da esperimentatzea? Eskura dauzkazun tresnekin musika egitea. Nik musika esperimentala egiten dut? Ba ez dakit, musikarekin esperimentatzen dut, generoekin edo ahotsarekin esperimentatzen dudan bezala. Nik lortu nahi dudana ez da jendea goitik begiratzea, nik egiten dudana ulertu ez dezaten eta horrela ustezko kalitate estra bat emateko. Zein da, hortaz, zure musikaren funtsa?Abesti xinpleak egitea da asmoa, elementu gutxirekin eta arkitektura ez oso konplexuarekin eta, ahal baldin bada, letra interesgarriekin. Arlo horretan, ez nuke esango letra kostunbristak erabiltzen ditudanik, baina ez nuke esango ere, letra politiko edo karga emozionalekoak dituen kantagile bat naizenik.Zenbat instrumentu jotzen dituzu? Parean harrapatzen ditudan guztiak jotzen saiatzen naiz, lotsa gutxi daukat oholtzan edozer jotzen agertzeko, baina horrek ez du esan nahi menderatzen ditudanik. Menderatu tronpeta bakarrik menderatzen dut. Abestiak egiteko erabili dezakedan paleta anitza izan daiteke, ukelelea hartu eta jo dezaket, baina ez dut menderatzen. Erabiltzen dudana da momentu bakoitzean instrumentu bakoitzak ematen didan sonoritatea. Bakarrik nago oholtza gainean eta eskura ditudan baliabideak erabiltzen ditut mundu propio bat era-tzeko. Loop station-ak erabiltzen ditut askotan, horrek balio dit musika geruzak sortzeko, baina, lotu ere egiten zaituztenez, mugak jar-tzeko ere balio du. Zuzenekoetan badago inprobisaziorako lekurik?Berez, zuzenera begira sortzen dudanez, eta ez diskoetarako, horrek baldintzatu egiten nau eta era berean askatasuna ematen dit. Grabaketa batean zerbait finkatzen duzunean, zu eta entzulea baldintzatzen ditu horrek, eta joko horretan sartzea baino, nahiago dut zuzenera begira konposatu. Gainera, oso nagia naiz grabatzeko, horretarako denbora ateratzea asko kostatzen zait eta, beraz, nire indar guztiak sortzera bideratzen ditut. Kantek egitura finko bat daukate, baina zati irekiak dituzte beti zuzenekoak daukan xarma hori baliatu ahal izateko, zerbait gaizki atera edo zerbait gertatzen bada, zeu joango ez zinatekeen leku batetara eramaten baitzaitu horrek;adibidez, errorearen estetika aprobetxatzera;akats bat egin baduzu, akats hori errepikatzea, esaterako, hortik zerbait atera arte. Hori ederra da. Non hasiko den eta gutxi gora-behera non amaitu nahi dudan badakit, baina bidean zer gertatu daitekeen... batek daki. Kontzertuak aldatu dira hasi zinenetik hona?Hasieran kontzertuak soilagoak ziren, sakontasun gehiagoz abesten nuelako edo karga emozional handiagoa zutelako. Baina pixkanaka aldatzen joan dira, orain ludikotasunerako joera ere nabari baita, dantzagarriagoak bihurtzen diren kantuak ere badaudelako. Uste dut publiko ezberdinetara iristea lortu dudala modu ezberdinetan: batzuentzat folketik esperimentatzen duen bat naiz, besteentzat tradizionaletik ere baduen musika arraro bat egiten duen bat. Era berean, ez naiz musikari mainstream bat. Ez daukat horretarako inongo pretentsiorik ere. Egoari jaten ematea eta hori apurtxo bat lasaitzearekin nahiko daukat. Kontzertuak aldatu badira, zeu ere aldatu zaren seinale.Topatu dut nire aurpegi lotsagabe bat oholtzan nagoenean, edukiko nuenik pentsatzen ez nuena. Transformatu literalki ez, baina joera badaukat askeago eta lotsagabeago sentitzeko. Batzuetan jendearekin sartzen naiz edo zuzenean interpelatzen dut publikoko norbait... Askatasun bat sentitzen dut. Mikroak ematen dizun boterea izango da, agian. Baina zure kontra ere joaten da batzuetan. Zuk entzuten duzun musika islatzen da Amoranten?Nik entzuten dudana islatzen da egiten dudan musikan, noski. Estilistikoki nahiko aldakorra naiz. Niri atentzioa ematen didate musika taldeen erabakiek. Nire burua askotan deskubritu dut gauza batean harrapatuta, eta konturatu, hain juxtu, erabaki horiengatik nagoela harrapatuta: musikari batek kantu bat egiterakoan hartu duen erabakiarekin edo talde batek disko bat kantu mota batekin osatzerakoan hartutako erabakiekin. Genero berriak edo kultura desberdinetako musika entzuten dudanean, zenbat eta arrotzagoa izan generoa, are eta gehiago pizten zait kuriositatea.Musikaz harago begiratzen duzulako, akaso?Musika irakaslea naiz eta musikologia ikasketak egin nituen;horrek asko aldatu zidan musika entzuteko modua, bai eta musika desberdinak onartzeko modua ere. Hasiera batean norberaren gustuek indar handia daukate beste musikak onartzerakoan, zuk entzuten duzuna edo gustatzen zaizuna da baliagarria eta gustatzen ez zaizuna gaitzesten duzu;horrelako jolas txoroetan erortzen gara batzuetan. Gero konturatzen zara musikak zerbait oso indartsua badauka, hori dela egiten denean arrazoi bat izatea, testuinguru bat, garai bat, leku bat... Egilea bera nor den ere erabakigarria da, pertsona bat den, kolektibo bat den... Behin hori ulertzean zaila egiten zait musika, estetikoki, sortu den testuingurutik ateratzea. Horrek ahalbidetzen dit gaur egun zenbait gauza onartzea, duela urte ba-tzuk onartzen ez nituenak. Horrekin lotuta dagoen hurrengo irakaspena izango da musika ulertzen dudan bezala, pertsonak ere ulertzea, testuinguru batean, garai batean eta izaera batean kokatu eta onartzea. Banatu dezaket zer gustatzen zaidan eta zer ez, eta hori nahiko lotuta dago bizitzen ari naizen garaiarekin;baina horren gainetik dago, non egina dagoen, nork egin duen eta zergatik;horrek musika horiek errespetatzea ekartzen dit, eta hori funtsezkoa da besteek ere zurea errespetatzea nahi baduzu behintzat.

Secciones