Zirrikituetatik begira

Groteskoa

Juanra Madariaga - Domingo, 3 de Junio de 2018 - Actualizado a las 06:00h.

gROTESKOA da. Esperpento hutsa. Amesgaizto ilunena bilakatu da aste surrealista hau. Telebista pizten duzu eta gobernari inkoherente horien kontrako diatriba bat idazteko gogoa baino ez duzu. Zenbat gezur, zein etika gutxi, zenbat mesprezu, zein despotismo, zein harropuzkeria, zenbat faltsukeria.

Egunotan euskarafobia deklaratua duten batzuen hitzak entzun ditugu Nafarroa aldean. Ekainaren 2an, (atzo) euskara sustatzearen aurkako protesta bat egin zuten Iruñean. Eta bai, euskara bultzatu behar dela esan dute, baina inor diskriminatu gabe. Eta euren apologiaren barruan faltsutasun pilo bat dute oinarri, dena euskara kaltetzeko, dena kultura altxor hori ezin dutelako irentsi.

Nik ezin dut irentsi Cospedal PPko emakume horrek aste honetan erakutsi duen larderia. B Kutxaren inguruan ikerketa batzordearen galdeketa egin ziotenean, atzaparrak atera eta sekulakoak bota zituen, dena ezeztatuz, agerikorik agerikoena ukatuz. Epaileen kontra ere agertu zen B Kutxa ez dela inoiz existitu esanez, epaitegietako sententziak kontrakoa dioen arren. Agerpenekin jarraituz, erabat lotsagarria izan ziren RTVEko presidentea den Jose Antonio Sanchez-ek adierazitakoak. Zeharka-meharka ibilita, Barcenasen paperetan agertzen dela esatearekin batera Iraneko adibidea jarri zuen, bere pertsona lotsagarrizko paratuz. Aste honetan ere hainbat medioetan esan da Gürtel auziaren epaia atzeratu egin zutela berariaz, Espainiako aurrekontuek lorturiko babesa berma zedin. Eta gu manipulazioa hitzaren esanahia ikasten ari gara arrapaladan.

Manipulazioa gustatzen ez zaizkien epaileak kentzen dituztenean hainbat korrupto kalean jarraitzeko;manipulazioa Billy torturatzaileari domina emateko, eta opari hori ez kentzeko arrazoiak aipatzen dituztenean;manipulazioa poliziak kolpatzen dituztenean nonbaiten baina Altsasun terrorismoa da;manipulazioa Espainia estatu demokratikoa dela esaten dutenean baina adierazpen askatasunari hegoak mozten dizkiete borrerotza alaian.

Lupetza groteskoan igerian ikasteko trebezia nardagarria dute.

Secciones