arkitektura

Auzo baten eko-zigilua

Ingurumenaren zaintzan, egiteko handi bat eraikin eta kanpo espazioen erabakietan dago, energia gastu handi bat eraikitzeko lanean eta horren mantenuan baitago

Ula Iruretagoinea - Domingo, 3 de Junio de 2018 - Actualizado a las 13:16h.

Urruti joan ohi gara beste lurraldeetako arkitektura historikoa ezagu-tzera. Turismo jasangarriak politikarien ahotan zehazki zer esan nahi duen inkognita bat bada ere, bere esanahiak -ziur asko kon-tsumoko produktuak bezalaxe- hurbilekoa eta bertakoa izatearekin zerikusia izango du. Jarraian aurkeztuko den barne-turismoko adibidean, turismoa egiteko joera aldaketa bat proposatu nahi da. Alde batetik, gure lurraldeko lekuak bisitatzeko deialdia egiteko aldarria da, eta bestetik, gure lurraldean egiten den arkitektura garaikidea ezagutzeko gonbitea. Finean, turismoak lurralde baten kultura ulertzeko desioa bultzatzen badu, arkitektura garaikideak ongi erakusten du gizartearen balore-sistema eta bizitzeko eredu bat. Eta turismo jasangarriaren ideiari beste buelta bat emanez, turismoa eginez eraikuntza ekologikoa zertan datzan ikasi baldin badezakegu, turismoak eduki jasangarriak transmititzeko balio lezake. Donibane Lohitzunera bisita egitea proposatzen da, Alturan deituriko eko-auzora. Alturan 2006. urtean abian jarritako auzoa da, 247 etxebizitzaz osaturikoa. Errepide batetatik elikatzen da;ez dago hiri-traman txertaturik, hots, ibilgailu pribatuaren mende dagoen irla bat da. Ipar Euskal Herriaren hiri-eredua hegoaldekoa baino sakabanatuagoa da, banakako etxeak nagusitzen direnez, autoen gaineko lotura handia du    -seguru bisitaldietan askok sufritu duzuena-. Auzoak eko-auzo izendapena du, subiranotasun energetikoa lortzeko helburua duelako. Hiriaren eredu iraultzaile eta jasangarri bat baino gehiago -egiari zor, zoru berria okupatzea gaitzetsi beharreko oinarria ez betetzean eko-zigilua airean gelditzen da-, auzo honen bereizgarria urbanizazio lanak eta zainketa paisajistikoa dira. Leibar &Seigneurin arkitekto taldeak aurrera eraman du diseinu osoa, urbanizazioa eta baita eraikinen arkitektura ere. Auzoaren kokapena idilikoa da: bailara batean dago, non itsasoa ikus daitekeen, landa-lurrez inguraturik. Haizeak jotzen duen norabidearen arabera, behi usaina nagusitu daiteke. Auzotik paseoan garela, deigarri egiten da landarediak hartzen duen presentzia. Berdetasun sentsazioa ez da kasualitatea, arkitektoen diseinuan sakon landutako gaia izan baita. Landare igokarien landaketa lana egin da kale eta eraikinetan, eta horretarako kable horizontalak eta egitura metaliko bertikalak jarri dira tutore edo euskarri gisa. Horregatik, pareta bertikal eta horizontal begetalak aurkitzen ditugu edonon. Horiek autoen gerizpea, instalazio edo hondakin gelen tapakietan edo etxeetako toldo funtzioa betetzen dute. Denboraren igarotzeak eta biztanleen bizigarritasunak frogatu du arkitektoek pentsaturiko tresna arkitektonikoak -paisajistikoak- baliogarri izan direla auzoaren sentsazio zehatz hau transmititzeko. Izan ere, eraikinen funtsezko ideien egokitasuna denborak ezartzen du -eta ez kritikari batek-. Landarediaren presentzia oso eskertzekoa da, etxe-eraikinen pilaketaren irudia nabarmen gozotzen baitu, hala nola auzoko giroa.AUTOETATIK URRUN Auzoan banakako etxebizitzak eta etxebizitza kolektiboak nahasian daude, bolumen handienak eta txikienak maldara egokitzeko bikain erabiliak. Autoak igarotzeko kale bakar bat dago, perimetroan, barnealdea oinezkoentzat utzia. Horra hor eko-zigiluaz hitz egiteko beste arrazoi bat: auzoko espazio publikoak autoetatik urruti dira. Egoteko, ibiltzeko, jolasteko guneak paisaiari irekiak dira, eta ez bigarren mailako espazioak. Espazio publikoen urbanizazio-maila oso neurtua dago: hormigoi pieza eta belardien artean bideak eta eskailerak osatzen dira, edota jarleku eta begiralekuak belardi-irletan kokaturik -bertara iristeko bide bat sortu gabe-. Maldara egokitzeko sortu beharreko paretak ez dira hormigoiz eginak, harriekin sortutako metalezko kaiolez baizik. Guzti horrek auzoaren artifizializazio maila erregulatzeko arkitektura-lanketa ona adierazten du.Etxerako bidean, golf-zelai baten iragarki batek agurtzen zaitu. Susmagarriki, eko-auzoaren ondoan kokatua dagoena. Arkitekturaren aldetik auzo honetako espazio-esperientziak badu ingurumen espazialarekiko sentsibilitate berezia, aldiz, inbesti-tze-proiektuaren atzetik egon daitezkeen helburuak ez dira hain garbiak. Bakoitzak bere ondorioak atera ditzala.