ilsutrazioa

Lohiak baduelako zer esan

Ilustratzailea da ofizioz Maite Mutuberria. Besteak beste, Etxepare saria irabazi zuen, 2013an. UNAI BEROIZ

Garai bateko krisialdian margotutako marrazki eta zirriborroak argitara eraman ditu Maite Mutuberria ilustratzaileak ‘Lohia’ liburuan. Artistak bakarka kaleratutako lehenengo liburua da

Kattalin Barber - Domingo, 3 de Junio de 2018 - Actualizado a las 13:07h.

Krisi baten koadernoa da Lohia. Maite Mutuberria ilustratzailearen azken lanak garai batean sufritutako krisian egindako marrazki guztiak biltzen ditu. Edonola ere, bere bizipen pertsonaletatik harago doan liburua da, lohia eta iluntasuna edonork bizi dezakeelako bizi-tzaren edozein alditan. Izandako krisialdian, helburu zehatzik gabe eta ihesbide moduan koadernoetan marrazteari ekin zion Mutuberriak (Eltzaburu, Nafarroa, 1985). Arka-tzez bete zituen koadernoak bi urtez. Pribatutasunetik irten, eta publikora egin dute orain jauzia garai horretako marrazkiek. “Orain dela urtebete berriro ikusi nituen betetako koadernoak eta oso adierazkorrak ziren marrazkiekin topo egin nuen;materialarekin zerbait konta nezakeela otu zitzaidan”, azaldu du ilustratzaileak. Arkatzez eta grafitoz egindako marrazkiekin askatzen zituen korapiloak eta arintzen zuen barrua krisi garaian. Orain, bere bizipenekin istorio berri bat kontatu du: “Ez nuen erabaki nire bizitza publiko egitea, baizik eta horren bidez beste zerbait konta nezakeela”. Marrazkiak bazituen eta buru-belarri aritu da liburuaren narratiba eta antolaketa atontzeko eta irakurleari mezua ahal den hobekien helarazteko. “Nola sentiarazi nik sentitzen nuen hori?”. Horixe izan da gakoa Mutuberriarentzat. BELTZA ETA ZURIA Liburuaren hi-tzaurrean aurreratzen du Mutuberriak zer ikusiko duen irakurleak orrietan: “Lohiez zikindu nituen nire koadernoak bi urtez. Marrazki, ohar eta aipuak, zintzurrarekin adierazi ezin nituenak nonbait botatzeko”. Iluntasuna eta lohia agertzen dira liburuan, baina baita ere argitasuna ere. Azala, esaterako, oso argia eta zuria da. Baina liburua ireki ahala, “belztasuna” agerikoa da. “Oso beltza eta oso zuria da aldi berean koadernoa, horrekin jolastu nahi izan dut”. Zuria eta beltzarekin batera, grisaren gama osoa dira liburuaren funtsak. Ezer ez baita guztiz zuri, ez guztiz beltz.Krisialdian sentitzen zuen hori ez zekien nola izendatu eta lohia jarri zion: “Ateratzen dudan ondorio garbi bat da guztiek badaramagula lohia barruan, eta lohia ez da guztiz garbitzen, lohiarekin bizitzen ikasi behar dugula”. Lohia moldatzen eta kudeatzen, alegia. Bide horretan, “lasaigarria” izan zaio hari lohia duela aitortzea. Lohia alde batera ez utziz, eta liburuaren bidez erakutsiz, beldurrik gabe eta inolako konplexurik gabe. Krisi garaian ere eran-tzunak aurkitu dituelako: “Momentu txarretan gauza onak ateratzen dira;krisiak nire burua ezagutzeko aukera eman dit”. Horregatik, krisi koadernoa izan arren, argi izpiak ere ateratzen dira lohitasunetik. Zulora sartu, hondoa jo, baina zulotik ere ateratzen delako. Bere estilo zuzenari esker, irakurleari erraza zaio egilearen tokian jar-tzea. Askok haien burua islatuta ikus dezakete Mutuberriaren marrazkietan. “Ezagutzen ez nauen norbaitek hor bere burua ikustea izugarri da niretzat. Horrekin uste dut lortu dudala marrazkiek kontatzea”. Horrela adierazten delako, besteak beste, inor ez dagoela bakarrik, eta antzeko sentimenduak partekatzen direla maiz. “Lasaitzen nau jakiteak egoera desberdinetan antzeko gauzak sentitzen ditugula, eta ez garela bakarra”, uste du Mutuberriak.Grafito eta arkatzarekin egin zituen artistak marrazki guztiak eta zuri-beltz horrek ematen dio “lohitasun eta zikintasun” puntu hori. Marraztea bere barrukoa adierazteko bide bakarra izan zen Mutuberriarentzat: “Ez dakit marrazkiek sendatzen duten, baina beste modu batean ateratzen ez zitzaidana ateratzeko balio izan didate”, kontatu du. Barruak husten zituen horrela, erraztasuna baitu hitzez adierazi ezin duen hori marrazkien bidez azaltzeko. Horiek guztiek osatzen dute Lohia, zuri-beltzez margotutako zirriborro eta irudi iradokitzaileak. Egiturari dagokionez, kapituluka banatuta dago liburua. Lurra da lehena, eta protagonistaren egunerokoa ikusten da irudi deskriptiboen bidez. Horren ondotik, gorputzeko erraietara bidaia egiten du marrazkietan eta irudiak gero eta abstraktuagoak dira. “Amaieran, berriz, poetikoagoak eta onirikoagoak dira”. Publikoki berak izan zuen arazo pertsonalaren berri ematea ez zaio erraza egin Mutuberriari, baina behin argitaratu duela, izan duen harrerarekin pozik agertu da. HITZAK, MEZUA INDARTZEKO Mutuberriaren estilo eta ahots propioa gordetzen du liburuak. Marrazki ba-tzuei, gainera, hitzak gehitu dizkio egileak, “mezua indartzeko”. Hainbat idazleren aipuak jarri ditu kapitulu bakoitzean, eta horiei bere hi-tzak gehitu dizkie. “Beste zentzu bat ematen diote horrela ilustrazioari”. Hitza eta marrazkia uztartzen dituen lehen aldia da, baina gustura gelditu da emaitzarekin. “Irudien bidez kontatzea da nire lana eta proiektu honen bidez kontatzeko beste modu bat aurkitu dut”, aitortu du. Normalean, enkarguak jasotzen ditu Maite Mutuberriak eta beste egile batzuen testuak abiapuntu hartuta, irudiak sortzen ditu. Kasu honetan, berarenak dira bai marrazkiak eta baita testuak ere. “Marrazkiak banituen eta koadernoa ordenatzea izan da nire egitekoa, liburu itxura emateko”. Garrantzia handia eman dio konposaketari eta marrazkiek ia ez dute aldaketarik izan. “Bitxia izan da, marrazkiek niri eman didatelako ordena eta ez nik marrazkiei”.

Secciones